Hemen zaude: Hasiera / Legazpi / BASERRIAK / Matxain

Matxain

Matxain etxaldea Zumarragako Elgarresta zozkeran (antzinako auzo administratiboan) dago, Legazpiko udalerriarekin mugan eta Urola ibaiaren ondoan. Bi etxe daude gaur egun: Matxainerdikoa eta Matxainbarrena. Hirugarren etxea, Matxaingoena, XX. mendearen erdialdean hustu eta desegin zen. Agiri zaharretan, bestalde, Matxain burdinola eta Matxain errota ere aipatzen zaizkigu, baina ez ziren aparteko eraikinak. Dirudienez, Matxaingoena baserriaren eranskinak ziren. Izan ere, aipatu etxea, beste hainbat burdinola eta errota bezala, bi errekak bat egiten duten lekuan zegoen.

Matxain burdinolak XVI. mendearen utzi zion burdina lantzeari. Hari buruz daukagun azken aipamena 1569. urtekoa da: “Caseria de Machain (...) y la casa e fragua que tiene cabo la dicha casa con sus barquines y rremientos”. Errota, berriz, 1810. urteko agiri batean ikus dezakegu: “Molino Arinero en el paraje de Machain”.

Matxaingo hiru etxeak, bestalde, aspaldikoak dira. 1543. urtean jadanik bereizi beharra zeuzkaten izenetik: “Machain la de pascoal”, “Machain la de marichoqui”, “Machain la de suso”.

MATXAINGOENA. “Norte”-ko trenbidea egin zutenean 1860-65 urte bitartean, lurrak galdu eta karrilaren oso kontra geratu zen. Horren ondorioz, XX. mendearen hasieran, etxea hustu egin zen. Lucas Makibar Aranburu (Juana Mendiaren alarguna) eta bere lau seme-alaba (Gaspar, Pilar, Eulalia eta Alejandra Makibar Mendia) Legazpiko Ezkibeletara joan ziren bizi izatera. Damiana Makibar Mendia, berriz, Matxainbarrenara.

MATXAINERDIKOA. 1980. hamarkadan hustu zen baserri honetan Gipuzkoan oso leku gutxitan ikus daitekeen antzinako sukaldea gordetzen da. Hala, atetik sartu eta eskuinetara, hiru ataka eta erdian ate bat duen zurezko holtza ikusiko dugu. Ataka horiek holtzaren bestaldean dauden ukuiluko tresabien edo asken parean daude kokatuak. Sukaldetik bertatik ematen zitzaion jana ganaduari.

Jose Mari eta Concha Balentziaga Aizpitarte izan ziren baserri honetako azken bizilagunak.

MATXAINBARRENA. XIX. mendearen bukaeran Roque Iarza eta Mª Bautista Makibar senar-emazteak Matxaingoenako Damiana Makibar Mendia iloba hartu zuten etxean. Damiana bertara ezkondu zen Jose Agustin Anduaga “Txantxiku”-rekin eta lau seme-alaba izan zituzten: Rafael, Pedro, Ines eta Elena.

 

Bibl. Ugarte, J.L., 2003, "Sorlekua: Matxain (Legazpi)", Euskal abizenak, 5. zkia