Hemen zaude: Hasiera / Legazpi / BASERRIAK / Gurrutxategi

Gurrutxategi

1957. urtean eraitsi zituzten Gurrutxategi etxaldeko eraikinak Patrizio Etxeberriaren lantegia handitzeko. Hiru eraikin nagusi ziren, azken aldera, Urolak eta Ibarrolaerrekak bat egiten zuten zabalgune eder batean: Takolokoa-Bengolea, Bengolea berria eta Olaetxe.

Aspaldidanik aipatzen dira agirietan. Hala, 1384. urteko batean “Sancho Lopes de Gorrichategui” agertzen zaigu, bertako bizilaguna seguruenik. 1426. urteko beste agiri batean, berriz, “la ferrería de Diego Sanches de Gorrochategui” azaltzen zaigu, gerora Barrenolea edo Bengolea izenez ezagutu izan den burdinola.

1557. urtean, etxalde honetako “Doña Mª Joaniz de Gurruchategui, Sra. de Barrenolea” Legazpiko Bikuña jauregiko Juan Martinez de Bikuñarekin, “Sr. de las Casas de Vicuña y Mirandaola” alargunarekin ezkondu zen. Maria Joaniz 1596. urtean hil zen eta ondasun ugari utzi zituen, Legazpin ez ezik baita Villafranca, Leon, Galizia eta Portugalen ere.

1609. urtean Joan Martinez de Bikuña semeak ondasun hauek zituen Legazpin: Gurrutxategi etxaldeko etxe, burdinola eta errota, Egizabal, Muruazpikoa, Masukariola eta Iribarren etxeak. 1744. urtean etxalde honetako Maria Joaquina de Bikuña y Oiarbide Joaquin de Agirre y Porcelekin, San Millango markesarekin, ezkondu zen.

Gurrutxategi burdinola 1876. urtera arte ibili zen, Gipuzkoan gelditu zen azkena izanik. Mende askotan Barrenola eta Bengola izenez ezagutu izan zen, Legazpin zegoen beherengo burdinola zelako. Burdinolaren ondoan zegoen errota, ordea, ez zen 1955. urtera arte gelditu. Azken errotaria Antonio Aztiria Iturbe izan zen.

Takolokoa etxea Bengolea errotaren ondoan zegoen teilatupe batean, pasabide batek banatzen zituela. Ukuiluko askak sukalde aldera zeuzkala esaten dute. Bertako azken bizilagunak Daniel eta Margarita Idiakaiz Agirre izan ziren.

Olaetxe dorretxe zaharra, azkenik, 1925. urtean, Emeteria Aranburu eta Rufino Zabaleta senar-emazteek erosi zuten, haien aurrekoek urte askotan errentan izan eta gero. Historia eta arte aldetik balio handiko etxea zenez, monumentu aitortzeko ahaleginak egin ziren, baina beranduegi etorri zitzaion babesa, eraitsi eta zazpi urtera.

 

Bibl. Ugarte, J.L., 2003, "Sorlekua: Gurrutxategi (Legazpi)", Euskal abizenak, 5. zkia