Hemen zaude: Hasiera / Legazpi / BASERRIAK / Guriditegi

Guriditegi

Guridi deiturako lehen bizilagunak Legazpin dokumentatzen badira ere (1532. urterako Juan Carlos Gerra historigileak “Juan de Guridi el viejo, Señor de la casa solar de Guridi-Arabaolaza” aipatzen du) eta aitonen seme-alabatza ziurtagirian ere Guridi oinetxea Legazpikoa dela adierazi (“Una de estas cassas y solares es la de Guridi, de mui nobles y antiguos cavalleros hixosdalgo (...) sita en Aravaolaza...”) ez dago erabat argi deituraren jatorria zein den. Izan ere, lehen aipamenetatik Arabaolatza deiturarekin nahastuta agertzen da eta, are gehiago, ez dugu Guridi izeneko etxerik ezagutzen Legazpin. Ezagutzen duguna Guriditegi da, hots “Guriditarren etxea”, Legazpin bertan, Goiategi, Zabalotegi, Ernandotegi eta abar diren bezala. Ez da oso ohikoa etxalde batek bi deitura ematea, kasu honetan bezala, hala nola: Guridi eta Arabaolatza. Gerta zitekeen, antzina, kokagune horretan biak banatuta egotea edo, zergatik ez, horietako bat beste nonbaitetik etortzea.

Guriditegi etxea Brinkolan dago, Arabaolatzanea auzunean, aurrean Arabaolatza errota (antzina burdinola), aldamenean Etxeaundi (“Casa de Arabaolatza”) eta atzeko aldean Urola erreka dituela. Etxe ederra da. Hala, kantoi, ate eta leiho ertzetan landutako harearria erakusten ditu; etxearen aurreko aldean, berriz, puntu erdiko ate dobelatua eta harrizko armarria. Dena dela, ez dirudi XVII. mendekoa baino lehenagokoa denik (agirietan ere, lehen aldiz, 1649. urtean topatu dugu).

Etxearen jabeak Guriditarrak izan dira eta dira oraindik ere, azken hamarkadetan bertan bizi izan ez badira ere, besteak beste: Tomas Ignacio Guridi Agirrebengoa (XVIII. mendean), Juan Ignacio Guridi Agirre (1769. urtean ezkondua), Jose Ignacio Guridi Galarza (1800-), Ignacio Maria Guridi Mujika (1831-), Victor Guridi Raizabal (1860-), Carlos Guridi Ojanguren...

XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran taberna egon zen Guriditegin. Izan ere, Legazpiko Ergoena auzoa (gero Brinkola deitua) ikaragarri hazi zen trenbidea egin zutenetik eta ostatu premia areagotu zen. Ordura arte, hurbilenekoa Telleriartekoa zuten. Ganadu-ermandadeak (1862. urtean sortu zenak) ere hemen egiten zituen urteroko batzarrak.

 

Bibl. Ugarte, J.L., 2003, "Sorlekua: Guriditegi (Legazpi", Euskal abizenak, 2. zkia