Hemen zaude: Hasiera / Legazpi / BASERRIAK / BRINKOLAZAR

BRINKOLAZAR

Brinkolazar baserria Araba aldera dagoen azkeneko baserria da. Izan ere, bada mandabide zahar bat Legazpitik Sandratira eta handik Araia eta Zalduondora doana, eta bide horretan Gipuzkoako azken baserria dela esan daiteke. Erdi Aroan burdina egiteko eraiki zen, haran estu baten barrenean, errekaren ertzean, burdinola batek behar dituen baldintza guztiak ondo betetzen baitzituen, hala nola, Mutiloa eta Zeraingo meatzeak gertu, basoa ugari egur-ikatza egiteko eta desnibel handiko erreka ondoan. Errekaren pendizari esker uharka edo ursalto artifizialen beharrik ez zuen izango seguruenik.

XVI. mendearen amaierarako, ordea, burdinola izateari utzi zion. 1520. urtean, horrela, Juan Perez de Lazarragak Brinkola baserria eta burdinola XIX. mendearen bigarren erdian, ordea, trenbidearen eraikuntzarekin, berebiziko protagonismoa lortu zuen. Izan ere, «Norteko» trenbidea ondo-ondotik ebaki zuten, eta harekin batera hiru kilometroko tunel luzea. Lan haiek burutzeko, bost-sei urtetan, izugarrizko jendetza inguratu zen, gehienak atzerritarrak: frantsesak, italiarrak, espainiarrak... Baina frantsesak izango ziren nagusi nonbait, ergoendarrek garai hari «frantsesaroa» edo «frantsesakoa» deitu izan baitzioten.

Brinkolazarren, gainera, langileentzako ospitalea egon zen, sortzen ziren istripu eta gaixotasun ugariei aurre egiteko.

BRINKOLAZAR I

* Brinkolazar baserria bi bizitzakoa izan da gutxienez joan den mendearen hasieratik orain dela gutxi arte, bietan errenteroak izan direlarik. Iparraldera begira zegoen alderdian hauek izan dira azken belaunaldiak: Zabaleta-Agirreburualde, Zabaleta-Plazaola, Inurritegi-Zabaleta, Bergara-Zabaleta, Zabaleta-Ormazabal, Zabaleta-Larrea eta Zabaleta-Ormazabal.

Josefa Zabaleta Plazaola (Brinkolazar 1833) Jose Ignacio Inurritegi Zangiturekin (Olazar 1827) ezkondu zen etxera, eta lau seme-alaba izan zituzten 1855 eta 1867 bitartean: Dominica, Sebastiana, Jose Joaquin eta Jose Luis.

-Dominica, Jose Manuel Alustiza Guridi harginarekin ezkondu eta Legazpiko kalean Buenaventura izeneko etxea (gerora Martxeli izenez ezagunagoa), eraiki zuten.

-Sebastiana, «gaixokia» zenez, berehala hil zen.

-Jose Joaquin Eguzkitzabeko Maria Micaela Etxeberria Jauregirekin etxera ezkondu zen. Gero, Zubiaur berrira joan ziren bizi izatera.

-Jose Luis Bikuñaneako Bazterrekoa etxera ezkondu zen Bikuñaundiko Marcelina Makibar Agirrerekin. Hauek ere, Bazterrekoa etxea erabat berritu zuten.

1887. urtean Inurritegi-Zabaletatar senideek dirutza handia jaso zuten Kuban bizi zen osaba indiano batengandik (Olazarren jaiotako Francisco Inurritegi Zangiturengandik, alegia), eta horren ondorioz guztiek etxebizitza berriak egin zituzten: Buenaventura kalean, Zubiaur Brinkolan eta Bazterrekoa Bikuñanean.

* Brinkolazarren, Marcelina Zabaleta Plazaola (Brinkolazar 1846), Josefaren ahizpak segitu zuen, Arrasateko Cipriano Bergara senartzat hartuz. Bi seme izan zituzten: Jose Manuel eta Basilio. 1900 urte inguruan, ordea, ama hil eta aita-semeak, baserria utzita, Azpeitia aldera joan ziren bizitzera.

Hala, bi ahizpak etxera ezkondu ziren arren, haien seme-alabek ez zuten bertan jarraitu, eta hutsik geratzean, «etxekoneko» Romualdo Zabaleta Ormazabal (Brinkolazar 1873) bertara pasa zen bizitzera, Zegamako Mendigarate baserriko Petra Larrea Ormazabal emaztea lagun zuela.

 

Romualdori ez zitzaion bizimodu erosoa egokitu: hiru urte luzeko soldadutza egin ondoren ezkondu eta, handik gutxira, Kubarako deitu zioten, han beste lau urte gehiago pasa behar izan zituelarik. Hargintzan ibili zen gero, harlanduzko «poialak» egiten trebetasun handia lortuz.

Romualdok eta Petrak sei seme-alaba izan zituzten: Tomas, Jose, Pedro, Blas, Cruz eta Gregorio. 

-Tomas, «karrileroa» ogibidez, baserrira ezkondu zen Zegamako Ignacia Ormazabalekin.

-Jose marista egin zen eta Venezuelan eman zituen urte asko.

-Pedro Tolosara ezkondu zen.

 -Blas Beasainera joan zen.

 -Cruz, Maria Dolores Molinarekin ezkondu zen Venezuelan.

 -Gregorio Errekaetako Basilia Gerra Laspiurrekin ezkondu zen.

 
BRINKOLAZAR II

* Hegoaldera begira dagoen bizitzan, hauek izan dira azken belaunaldiak: Zabaleta-Guridi, Zabaleta-Galfarsoro, Zabaleta-Ormazabal eta Zabaleta-Kerejeta (gero Zabaleta-Uzkudun).

* Juan Jose Zabaleta Guridi (Brinkolazar 1805) Maria Francisca Galfarsoro Zabaletarekin ezkondu eta bost seme-alaba izan zituzten: Josefa Ignacia, Maria Micaela, Maria Antonia, Tomas eta Diego.

Tomas ezkondu zen etxera, Idiazabalgo Antonia Ormazabal Ormazabalekin, eta sei seme-alaba ekarri zituzten mundura: Juan Mari, Romualdo, Mateo, Isabel, Jose Luis eta Telesforo.

* Juan Mari Zabaleta Ormazabalek (Brinkola 1870) hartu zuen oinordekotza, Irungo Juliana Kerejeta Galardirekin ezkonduz. Lau seme-alaba izan zituzten: Maria, Jose, Antonio eta Mateo. Juan Mari aita, ordea, gazterik hil zen, eta Juliana, bigarrenez, Aierdibeko Nicolas Iturberekin ezkondu zen. Nikolasek, berarekin batera ama eta arreba ekarri zituen Brinkolazarrera.

Julianak «kantiña» eduki zuen Brinkolazarren gerra ostean, ardoa ez ezik bazkariak eta ostatua ere eskainiz. Garai hartan jende asko ibiltzen zen mendi lanean eta kantinan lan handia izaten zen.

Seme-alabek norabide desberdinak hartu zituzten: 

-Maria Araiztegira ezkondu zen Valentin Agirrezabalekin.

-Jose Trintxerpera ezkondu zen.

-Antonio etxera ezkondu zen.

-Mateo Ajuez baserriko Claudia Aldasororekin ezkondu zen.

* Antonio Zabaleta Kerejeta (Brinkolazar 1909-1956) Brinkolazarrera ezkondu zen Aizarnazabalgo Maria Uzkudunekin, baina 43 urte zituela hil zen, eta Maria, bigarrenez Tomas Telleria Argindegi artzainarekin uztartu zen.

Antonio, oso gizon argia zen, diplomatikoa, eta baserriko langintzatik gainera oso sopletista ona. Gerra aurrean Pasaiako portuan lanean zebilenean, Gibelolako Isidroren antz izugarria zuen gizon bat ikusten omen zuen sarri beste talde batean, baina Ameriketara joana zenez sinestezina egiten zitzaion hura izan behar zuenik. Hala ere, dudatik irten nahi, eta joan omen zitzaion arratsalde batean: “Aizu gizon, duda bat det eta galdera bat egin behar dizut: zu ez zera ba Gibolako Ixidro izango?”. Eta honek erantzun: “Eta hi, Antonio Brinkola”. Antoniok, orduan: “Ameriketan ez hintzen ba?, Nola etorri aiz?”, eta Isidrok: “Barku baten bodegan sartuta etorri ñauk”. Laster jakin omen zuten Brinkola aldean haren berri. 

* Bada, brinkolarren ahotan Miel Brinkola bati buruzko kontakizun bat. Gizaseme hori XIX. mendearen hasieran bizi izandako Brinkolazarreko Miguel Zabaleta izan zitekeen. Hara zer dioen:

Behin batean, «Miel Brinkola» mezatan omen zegoen, eta apaizari tenporak zirela esatea ahaztu. Migelek, ahal zuen moduan, ahopeka adierazi omen zion. Baina apaizak, erdi bertsolari horietakoa izanik, honela bota omen zuen denen aurrean: «Miel Brinkolak dio era honetan: kuarta tenporak diela aste honetan, asteazken, ostiral eta zapatuetan» ”.

 

Argindegi, artzain ibiltaria

Tomas Telleria Aranburu Gabiriako Argindegi baserrian jaio zen 1906an. Mutikotan, ordea, Aizpeako Zirardi baserrira joan zen bizitzera familiarekin. 16 urte zituela, Artzanbururen magalean dagoen Arriurdineko saroira igotzen hasi zen aitari laguntzera, eta orduz geroztik artzantzan eman zuen bizitza osoa.

Udarak Arriurdinen pasatzen zituen, Urteagako Ceferino Aranbururen etxolaren ondoan. Udazkenean, «Pilarika» inguruan, Arriurdinetik jaitsi eta denboraldi batean Oñatiko San Pedro auzoko Garibeiti baserrian egoten zen. Negua ailegatzerakoan, berriz, artaldea hartu eta Bizkaiko Errigoitira abiatzen zen, Gernikatik Mungia aldera dagoen herrixka batetara. Ibarrurira ere joan izan zen urte batzuetan eta azken aldera Gabiriako Landarregi baserrira. «Santikutz» ondoren itzultzen zen atzera Arriurdinera, eta bidea oinez egiten zuen, aldika: 

1. Errigoiti - Montekalbo (Txantxangorri auzoa): Montekalbon bi egunetan egoten zen.

2. Montekalbo - Durango - Kanpanzar - Arrasate - Oñati: Oñatin egun batzuetan egoten zen.

3. Oñati - Udana : Udanan hiru egunetan egoten zen

4. Udana - Udanazabal - Brinkolazar

5. Brinkolazar - Arriurdin

Mutilzahartu eta gero, Maria Uzkudun alargunarekin ezkondu zen. 1987an kendu zituen ardiak 81 urterekin.

Argindegi, Arriurdinera lehenengo igotzen zena izaten zen. Inoiz apirilaren hamarrean igo eta sekulako gazta pila ere egin omen zituen. Eguna zabaltzerako ardiak zeuden lekura joaten omen zen, gero eskortara eramateko. Izan ere, ordu txikietan bilduago aurkitzen zituen.