Hemen zaude: Hasiera / Legazpi / BASERRIAK / Agirrebengoa

Agirrebengoa

Agirrebengoa izeneko etxearen paretak Legazpin daude, Elbarrena auzoan, Urretxura doan errepidetik gertu, Irimo lantegiaren pare samarrean. Hustu eta gero ere, zutik urte askotan iraun bazuen ere, ezin izan zion 2002. urteko negu gogorrari eutsi, eta behera etorri zen ezinbestean.

Oso baserri zaharra zen barruan zituen pareta lodiek eta arku apuntatuak erakusten zuten bezala. Kanpoko aldetik zituen atariko arkuak, aldiz, berriagoak zirela esan liteke. Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundietako katalogoetan azaltzen ez denez, betirako desagertzeko arriskuan dago, aztarnarik utzi gabe.

Etxe horren lehen aipamena XV. mendekoa da, Juan Carlos Gerra historigilearen idatzien arabera: “Lope de Aguirre, Señor del solar de Aguirre de Yuso en el valle de Legazpia el año 1483”. Dena dela, izenaren euskal bertsioa, Agirrebengoa alegia, ez dugu 1609. urtera arte ikusiko, miatu ditugun agirietan, beti ere.

Ez daukagu daturik Legazpiko etxe honek Agirrebengoa deitura sortu duen ala ez baieztatzeko. Izan ere, ezagutzen ditugun lehen agirietan ere Agirretarrak azaltzen dira etxe honen jabe eta bizilagun, sekula ez Agirrebengoatarrak. Gauza bera gertatzen da beste auzo batzuetan dauden Agirreplaza eta Agirregoikoa etxeekin ere, zeinek Agirre deitura sortu baitute. Gaur egun, gainera, etxea izendatzeko garaian, herritarren ahotan ez dago Agirrebengoarik, Agirreplazarik edo Agirregoikorik: denak “Agerre” dira.

1585. urtean, Agirrebengoako Cristobal de Agirre y Mendizabal Igeraldegarako Francisca de Igeralderekin ezkondu zen Brinkolako etxaldera. Eta geroztik, itxuraz, errenteroak bizi izan dira etxe honetan. Hala, 1649. urteko errolda baten arabera, Ignacio de Etxeberria zen Agirrebengoako maizter, 1832. urtean Matias Etxeberria, 1920. urtean Jose Ramon Arrizabalaga, Juliana Etxeberriarekin ezkondua eta, azken errenteroa, Jose Murua Arrizabalaga, XX. mendearen bigarren erdian. Orain, baserriaren jabetza eskualdatuta badago ere, azken mendeetan Igeraldeko Ugartetarrak (Agirrebengoatik joandako Agirretarren ondorengoak, seguruenik) izan dira jabeak.

 

Bibl. Ugarte, J.L., 2003, "Sorlekua: Agirrebengoa (Legazpi)", Euskal abizenak, 3. zkia