Hemen zaude: Hasiera / Legazpi / Argitalpenak / Hots

Hots

1982ko abenduko egun hotzetan ereindakoa da Hots-mugida izango zenaren hazia, zero zenbakia plazaratzean, artikuluak, denborapasak, literatura... dena bertan bilduz. Denbora igaro ahala sail batzuk bereiziz joan ziren, batzutan produktu berriak sortuz (Hotsargitarapenak, Hotsegunkaria, Hoska, Hotsiker, Hotsizki, Hotsikus...), bestetan aldizkari beraren atal gisa konfiguratuz.

Argazkinobelagintza dugu bigarren kasu honen adibidieetako bat. Lehen saioak 1983an gauzatu ziren: maiatzean “Biziminak 1” (4.zkia.) eta ekainean  “Biziminak 2” (5. zkia.) plazaratzean Hotsen orrialde barruan. Esperientzia nonbait ondo iruditu eta abenduan “Edorta eta Aiala Bizkiak” ale berezia egin zen (9-B zkia.) eta 1984ko abenduan (20. zkia) “Egun batez” izenburuduna.

Komikigintzak fenomenu berdina ezagutu zuen nahiz eta argazkinobelagintzaren mailara ez iritsi. Lehen urratsak hasierako zenbakietan eman ziren: “Sasitza non dago” (6. zkia, 1983ko uztaila), “Xomorro” (8. zkia., 1983ko azaroa) etabar. 1984ko uztaila-abuztuko 17. zkian komikiei eskainitako ale bereziraino iritsi arte.

Gaztetxoen parte hartzea tinkotu egin behar zela pentsatuz, mutil-neskekin Hotsiki atala 12. zkian (1984ko martxoa) gauzatu zen. Berezitasuna lortzeko 13. zkian testuak kolore laranjaz, 14. zkian berdez, 15. zkian atzera laranjaz, plazaratu ziren. 16. zkian papera bera da koloreduna (larrosa), gaztetxoen gehigarri gisa konfiguratuz produktua.

“Hotsiki”-k gaztetxoen aleari utzi zion bere zeregina eta 1985ean lehen aldiz (23. zkia) Ikastolako ikasleek egindako ale berezia plazaratzen da, ondoren 1986ko martxoan “Legazpiko gazteak zertan gabiltza?” (30. zkia), 1987ko apirilean (40. zkia) “Kattagorri taldea” gehigarriarekin (12,5 x 16 zm, 22. or.), 1988ko maiatzean (52. zkia) bukatuz saioa.

Berezitasun hauetaz gain, elkarrizketa, artikulu eta denborapasa ugari dago sei urte luzeetan plazaratutako 2.097 orrialdetan, 1988ko abenduko Hotsatarian (57. zkia) agurtu arte.

1984ko abenduan, urte berriaren atarian, Hots-ek egutegi euskalduna egitea pentsatu eta burutu zuen bertako paisaiak azalduz barne orrialdeetan eta kontrazalean gabon abestia. Abenduko alearekin batera banatu zen 1985erako egutegia.

Hots-en lehen egutegia aldizkariaren formato berdinean egin baldin bazen ere, bigarrenean (1986) neurriak erabat aldatuz herriko taldeak bildu ziren.

 1987rako argitaratutako egutegia hogeitalau ordutan agortu eta bigarren edizio bat atera behar izan zen, hau ere berehala agortuz. 1000 egutegi denera, Legazpiko mila sukaldeetan Hots-en presentzia urte osoan.

 

HOTS ARGITARAPENAK

1983ko urrian “Legazpiko idazleak 1” eta “Legazpiko idazleak 2” liburuak kaleratu ziren, lana 1986an hirugarren tomoa argitaratzean osatuz. Lehenengo bietan idazle nagusienak, azaltzeke gazteenak. Aurkezpenerako idazleei deitu zitzaien mahai inguru bat egiteko. Euskadi Irratiko Joxerra Gartzia eta Pello Zabaleta moderatzaileak.

Bi liburu 1985ean, “Espaloirik gabeko hiria”, une hartan talde inguruan literaturgintzan zebiltzanen lanak bilduz eta “Hotsiker” ikerketa taldearen lanak eskainiz. 1985eko liburuak hurrengoak baino apalagoak dira teknikoki (enkuadernazio traketsa, fotokonposatu gabe...).

Sorginkeriarik gabe eta astebururo sartutako orduen poderioz bost liburu batera argitaratu ziren 1986ko abenduan, “Legazpiko idazleak III”, “Oilarraren promesa”. Azterketa semiologikoa”, “Gerhard Bähr, artikulu bilduma”, “Sendabelarrak” eta “Euskararen egoera Iparraldean. Lehen hurbilketa”. Bost liburuok ARGIAn hotstarrek fotokonposatuak izan ziren oso egun gutxitan, inprimaketan lagundu eta hotstarrak enkuadernaketak Lazkaon. Lan gogora egin zena.

Liburugintzaren hamargarren lana “Lastozko zubia” dugu. 1990an plazaratua eta hamaikagarrena “Esperantoa ikasgai” urte berdinekoa.

Bosgarren urtean liburu sail berria mustu zen: “Bost saila”. Bik ikusi zuten argia. Lehena “Legazpi 1987-1988” urtekaria. Herriaren irudi osoa eman nahi zuen, Legazpi bezalako herri batetan dauden berezitasun guztiak isladatuz. Bigarrena “Legazpi harana”, Legazpiko historia ipuin gisa kontatuz argazki eta marrazkiz horniturik.