Hemen zaude: Hasiera / Legazpi

Legazpi

Legazpi Gipuzkoaren hegoaldean dagoen haran eta udalerria da, Urola errekaren goi ibilgua hartzen duena. 41,84 km2 ditu guztira. Muga naturalak ditu lau aldeetatik: iparraldetik Aizkorri mendikatea, mendebaldetik Albatxuri-Korostiaga-Arrolamendi mendilerroa, ekialdetik Oamendi-Otañu-Aizaleku-Arraseta mendilerroa eta hegoaldetik Mendiaras eta Matxain errekak. Honako udalerriekin mugatzen du: Oñati, Antzuola, Urretxu, Zumarraga, Gabiria, Mutiloa, Zerain, Zegama eta Araba eta Gipuzkoako Partzuergo Nagusia, hurrenez hurren.

 

ERREKAAUNDI

Legazpi goitik behera gurutzatzen duen errekari gaur egun Urola deitzen badiogu ere, izen hori arrotza izan da bertakoentzat oraintsu arte. Errekaaundi izenez ezagutu izan da betidanik (agiri zaharretan "Río Mayor"). Itxura denez, Urola izena Aizpurutxo aldetik zabaldu da gora eta behera, geografoen beharrek eraginda.

Errekaaundi edo Urola Olazarren sortzen dela esan daiteke, han batzen baitira Aizkorri aldetik datozen Brinkola eta Barrundiola erreka oparoak. Olazarretik behera beste hainbat erreka-adar ere batzen zaizkio erreka handiari. Garrantzitsuenak hauexek dira: mendebaldetik, Udanaerreka, Zatuierreka, Aiztonagaerreka, Urtatzaerreka, Ibarrolaerreka, Lakiolaerreka eta Mendiaraserreka; ekialdetik, berriz,  Otañuerreka, Ariztierreka,  Makatzagaerreka, Mantxolaerreka eta Arraitzerreka.

MENDI GARAIAK

Legazpi harana mendi garaiez inguratuta dago. Aizkorrin kokatzen dira tontorrik garaienak: Burnikurutz (1433 m), Artzanburu (1366 m) eta Biozkorna (1272 m). Aizkorritik behera luzatzen diren bi mendi-besoetan ere mendi handiak ditugu: Arranaitz (874 m), Oamendi (868 m), Otañugorosoa (757 m),  Aizaleku (807 m), Potxuetagaña (634 m), Trikuetxeta (725 m), Arratolagaña (733 m), Ipiñuegi (686 m), Korostiaga (950 m), Oregi (916 m), Arrolamendi (903 m).

Aparteko atal batean Oltze mendia aipatu beharko genuke. 165 Ha dituen mendi sail hori ez dago berez Legazpiko udalerrian, Araba eta Gipuzkoako Partzuergo Nagusian baitago (Urbia eta Altzania bitartean), baina Legazpi hango basoen jabe da (historikoki "derecho a vuelo" deitzen dena). Mendi sail horren mugak hauek dira: iparraldera Aizkorriko Kurutza, mendebaldera Pagarreta, ekialdera Mallaaundi eta, hegoaldera, Askiola.

HIRIGUNE ETA AUZOAK

Legazpiko hirigune eta auzogune nagusiak haranaren barrenean daude, arrazoi historikoak tarteko: Elbarrena, Kalea, Egialdea, Telleriarte eta Brinkola. Izan ere, Erdi Aroaren amaieran, burdingintzaren eta nekazaritzaren garapenak gizakia haran barrenera erakarri zuela dirudi. Ordura arte, abeltzaintza  eta mendietako burdingintza izango ziren ekonomia jarduera nagusiak. Horren froga dira, Otañu inguruan Burdinola Elkarteak topatu dituen 100 zepaditik gora eta azken hamarkadetan topatu diren monumentu megalitiko ugariak.

KOMUNIKABIDEAK

Gaur egun Legazpiko komunikabide nagusiak bi direla esan daiteke: alde batetik, iparraldetik hegoaldera igarotzen den GI-2630 eskualdeko errepidea eta Oñatira eta Urretxu elkartzen dituena; bestetik, Norteko trenbidea, Irundik Altsasura doana. Azpimarragarria da, halaber, Legazpiko hegoaldeko mugak ukituz joango delako, Beasain-Durango autobia, laster eraikiko dena.

Horiez gain, aipatu beharra dago Legazpi eta Segura elkartzen dituen GI-3520 eskualdeko errepidea.

Antzina, Gipuzkoako errege-bide garrantzitsuenetakoa igarotzen zen Legazpitik (errege-bide horiek  gaur egungo autopisten parekoak ziren, gutxi gorabehera). Hori dela eta, Espainiako errege-erreginak Legazpitik behin baino gehiagotan pasa zirela jasota dago agiri zaharretan.

ESKUALDEA

Azkeneko hamarkadetan, Urola Garaia mankomunitatea sortu badugu ere, historikoki Legazpi Goierriren barruan egon da. Harremanetan eta hizkuntzan oso nabarmena da lotura hori.