Artxiboa Azaroa 2010
Axuni eta Inozentziori
Nekane Gonzalezek eta Luis Arrietak bi hil berri izan dituzte gogoan. Luisek Axun Armendarizi egin dio bertsoa eta Nekanek Inozentzio Oleari. Txoko honetatik jaso dezatela guztion omenaldia.
Andereño Axun
Ama onenaren paren
hegalpean hezi gaitu,
hapi epelen babesa eman,
kantuz ferekatu.
Apaltasunan eredu,
izan hala da amaitu.
Bere irriparra gogoratzean
nola ez hunkitu?
Egilea: Luis Arrieta
Inozentzio Olea
Euskal ukituko ore,
usain ederreko lore.
Ekin ta ekin gure hizkuntzan
ezin egin hobe.
Joan zara ta zu gabe
umezurtz eta huts gaude.
Bertso eskolako guztion partez
agur ta ohore.
Egilea: Nekane Gonzalez
Doinua: Mendian gora
Gonzalez jaunari
Gonzalez jaunari Espainiako El Pais egunkariak elkarrizketa egin dio asteburuan. Hautsak harrotu ditu bertan esandakoak eta Asierrek ere gai hori hartu du.
Gonzalez jauna zure hitzekin
zirrara sortu da gugan
erabaki bat hartu zenuen
behin egindako bilkuran
El Paiseko elkarrizketan
ez zara ibili dudan
boteretsuek mingaina libre
izaten baitute gudan
ez dut esango terroristatzat
ikusi ote zaitudan
ez naiz hasiko kriminal hutsa
zaitugula esan guran
edo torturen bultzatzaile bat
ernai dagoela zugan
badaezpada, ez dut esango
benetan zer uste dudan
Doinua: Haizea Dator
Egilea: Asier Iriondo
Zapatila bi
Bide bazterretan korrika dabil jendea. Azaroaren erdi aldera lasaituko omen dira. Hona Joseba Barandiaranen bertsoa:
Zapatila bi, galtzerdi txuriz ta kamiseta lodia, praka motzetan dabil urlia txandalakin berendia. Bazkaritara sandiak digu Donostin batu sendia, azaroako igandeetan bigarrena da handia: udazkenero loratzen baita gripeaz gain Behobia. Doinua: Mutil koxkor bat Egilea: Joseba Barandiaran