Artxiboa Urria 2010
Guduaren izenean
Joxe Manuel Arizkorretak Pedro Mari Otañoren bertsoak gaurkotu dizkigu, Pedro Mariren garaian "Jainkoaren izenean" zena "Guduaren izenean" izatera pasa dela gogorarazita.
Bi mila hiru, martxoak hogei
gau gabeko egunean
Irakiarrak indar menpeko
yankien boten azpian
orduko suak oihuak eta
bortizkeriak finean
eginak ziren leial ta zintzo
guduaren izenean.
Hasitakoa jarraitu behar
finkatuz indarrak bertan
lurralde dena okupaturik
armak jasorik soinean
harro ta itsu jar daitekeela
gizakia holakotan
dena da OK, baliozkoa
guduaren izenean
Baina ez pentsa mundu guztia
geundenik ez jakinean
nahiz “Wikileak” egun hauetan
zabaldu argi aidean
hogei ta hamar hildako omen
egunero azkenean
torturatuak zenbatu ezin
guduaren izenean.
Egindakoak eginda ere
mundua bere horretan
horrelakoak gerta ta gerta
berdin hemen edo ta han
justizia ta legea inoiz
ez doaz ez eskutikan
geuk ahalegin bat egin dezagun
eskubideen izenean.
Doinua: Arratsalde on Lehendabizitik
Egilea: Joxe Arizkorreta
Udazkenari
Isa Diazek udazkenak sortzen dizkion sentimenduak ekarri dizkigu bertsora.
Haizea dabil dantzan
buelta ta jiraka
hostoak arin-arin
sakabanatuta
usai berezi dago
euriak launduta
udazkena berriro
ongi etorrita
lalai lalai lalai
ongi etorrita
Doinua: Dama Gazte Xarmant bat
Egilea: Isa Díaz Bravo
Bertso eskolarako deia
Julen Agirreburualdek bertso eskolak ematen ditu astero-astero. Aurten ere irakasle lanetan ibiliko da eta bertso eskolarako deia egin du bere bertsoan.
Umeak ostegunetan
seiak eta erdietan
helduak ostiraletan
elkartzen dira seietan
gonbidatuak zaudete denok
azaldu zaitezte bertan
zin egiten dut egongo dela
giro polita benetan
Asier, Julen eta Nerea
irakaslego lanetan
egongo gera esku zabalik
lokaleko ateetan
ez dakiena badator ere
jarriko de(g)u bertsoetan
Egilea: Julen Agirreburualde
Doinua: Munduko ilunabarra