Artxiboa Martxoa 2010
Udaberrian aske
Udaberriari buruzko bertso eder hau loratu zaio Joxe Manuel Arizkorretari. Esaten da, bai, udaberriak poetei inspirazioa ekartzen diela.
Gogoz esanez gau amaieran
kaixo egunsentiari
Mendi aldera abiatu ta
egun ederra zein argi
Aldapan gora xoxo eder bat
niregan jarriz bi begi
Aitortu zidan xuxurla zidan
belarrian bere egi
Maite duela askatasuna
urteroko udaberri.
Doinua: Azken arnasa eman nahi nuke
Egilea: Joxe Manuel Arizkorreta
Loratuko da parkea
Antton Garmendiaren Habanera itxaropentsuak piztuko ahal gaitu guztiok.
Emakume langileak
Martxoaren 8a, emakume langilearen eguna. Egun hori da urteko egun guztien ispilu. Emakumeak izaten ditu, oro har, lanerako baldintzarik kaskarrenak, eta halere, garai batean baino askoz gehiago jotzen du etxetik kanpoko lanak egitera. Berdintasunerantz omen goaz, baina urrun samar ez ote dagoen…
Bizitzan behin bakarrik
pasatzen die trenak;
aprobetxatu behar
aukera denak.
Baina sarri eskastxo
aukeraik onenak;
hobeak izaten dira
beti gizonenak.
Soldata txarrenak,
baldintza zailenak,
lanik okerrenak,
emakumearenak.
Ta emakume langile
gera gehienak (BIS).
Doinua: Betroiarena
Egilea: Nekane Gonzalez
Arranoko kanporaketa
Julen Agirreburualdek Martxoan Bertsoan Arranoko kanporaketan kantatuko du. Bertan izango dira Eneko Iriondo, Igor Iñurritegi eta Joseba Barandiaran ere. Hori hartu du bertsoaren gaitzat.
Soilik bost egun falta direnez
arranoko saiorako,
tontokeriak aparte utzi
eta prestatu beharko.
Irriparreak gure artean
ziur ez dira faltako,
bi Gabiritar taldekidetzat
aurkitu ditudalako.
Sufrimenduaz botako degu
nahiko izerdi ta malko,
Jantzi nahiean ostiralean
gure bertsoak galako.
Egunerako,
ta festarako,
denbora gutxi falta delako.
Doinua: Bob Marleyren Redeption Song
Egilea: Julen Agirreburualde
Haiziak bidali du
Asier Iriondok asteburuko haizeei egin die bertsoa. Txirritaren doinu ezaguna erabili du horretarako.
Haiziak bidali du
ziklogenesia
agur teila, adio
edukiontzia
trabatzeko prest egon
arren polizia
independentziara
hegan goaz ia
Doinua: Haiziak bidali du
Egilea: Asier Iriondo