Artxiboa 2010
- Abendua (4)
- Azaroa (3)
- Urria (3)
- Iraila (2)
- Uztaila (4)
- Ekaina (2)
- Maiatza (1)
- Apirila (3)
- Martxoa (5)
- Otsaila (4)
- Urtarrila (3)
Olentzerori gutuna II
Julenek hirugarren munduko haur baten gutuna idatzi zuen. Nekane Gonzalezek, berriz, behin Gabon Gaua pasatuta, eskatutako oparia jaso ez duen lehen munduko haur batek Olentzerori bidaltzen dion bigarren gutuna.
Apa Olentzero ni naiz berriro
jarriko naiz dramatiko.
Eskatutakoa ez da iritsi
eta ez da iritsiko.
Behar handia nuela esan,
esan nizun oso tinko.
Nahiz eta amak dion gabe ere
ez naizela bela hilko.
Zergatik ez dakit ondo baina
jada ez zaitut begiko.
Nola hasierako ilusioa
ez den izaten betiko.
Punta-puntako iPod bikain bat
ez didazu ekarri, kitto!
Beraz, erregeei eskatuko diet
nahiz ez izan monarkiko.
Doinua: “Martxa baten lehen notak”
Egilea: Nekane Gonzalez
Olentzerori gutuna
Julen Agirreburualdek Olentzerori egindako gutuna jarri du bertsoan. Afrikako ume baten azalean idatzi du gutun hunkigarri hau.
“Eskerrik asko” batekin hasiz
Olentzerori gutuna;
Txertoak ere afrikaraino
ekartzearren, laguna.
Badakit ezin duzula senda
nik dudan gaixotasuna
Beste urte bat bizirautea
da eskatu nahi duguna
Eta herriak bidaliko du
etengabe maitasuna
Doinua: Aita Izena
Egilea: Julen Agirreburualde
Gatazkari
Bereterretxeren kanthoria gogoan, gaur egunera egin du jauzi Asier Iriondok bere bertsoan.
Gaztanberen eta haltzen
garaia igaro al zen?
Galderak gero ta urriago
ta erantzunak ugaltzen,
guk ez dugu nahi jarraitu beste
bostehun urte gerrak galtzen
Doinua: Urzo zuria errazu
Egilea: Asier Iriondo
Euskal Selekzioa
Hiru urte eta gero Euskal Selekzioak Gabonetako partida jokatuko du. Baina noiz iritsiko da ofizialtasuna? Horra Joserra Salegiren bertsoa.
Behar dan bezela antolatzea
Da betiko zailtasuna
Euskal selekzioaren kontra
Badaukate batasuna
Harrotu ditu hainbeste jende
Bere “la roja” kuttuna
Kaltetako ukatzen digute
Denok eskatzen duguna
Euskaldun guztion nahia berez
Da ofizialtasuna.
Doinua: Itsasoari begira
Egilea: Joserra Saralegi
Axuni eta Inozentziori
Nekane Gonzalezek eta Luis Arrietak bi hil berri izan dituzte gogoan. Luisek Axun Armendarizi egin dio bertsoa eta Nekanek Inozentzio Oleari. Txoko honetatik jaso dezatela guztion omenaldia.
Andereño Axun
Ama onenaren paren
hegalpean hezi gaitu,
hapi epelen babesa eman,
kantuz ferekatu.
Apaltasunan eredu,
izan hala da amaitu.
Bere irriparra gogoratzean
nola ez hunkitu?
Egilea: Luis Arrieta
Inozentzio Olea
Euskal ukituko ore,
usain ederreko lore.
Ekin ta ekin gure hizkuntzan
ezin egin hobe.
Joan zara ta zu gabe
umezurtz eta huts gaude.
Bertso eskolako guztion partez
agur ta ohore.
Egilea: Nekane Gonzalez
Doinua: Mendian gora
Gonzalez jaunari
Gonzalez jaunari Espainiako El Pais egunkariak elkarrizketa egin dio asteburuan. Hautsak harrotu ditu bertan esandakoak eta Asierrek ere gai hori hartu du.
Gonzalez jauna zure hitzekin
zirrara sortu da gugan
erabaki bat hartu zenuen
behin egindako bilkuran
El Paiseko elkarrizketan
ez zara ibili dudan
boteretsuek mingaina libre
izaten baitute gudan
ez dut esango terroristatzat
ikusi ote zaitudan
ez naiz hasiko kriminal hutsa
zaitugula esan guran
edo torturen bultzatzaile bat
ernai dagoela zugan
badaezpada, ez dut esango
benetan zer uste dudan
Doinua: Haizea Dator
Egilea: Asier Iriondo
Zapatila bi
Bide bazterretan korrika dabil jendea. Azaroaren erdi aldera lasaituko omen dira. Hona Joseba Barandiaranen bertsoa:
Zapatila bi, galtzerdi txuriz ta kamiseta lodia, praka motzetan dabil urlia txandalakin berendia. Bazkaritara sandiak digu Donostin batu sendia, azaroako igandeetan bigarrena da handia: udazkenero loratzen baita gripeaz gain Behobia. Doinua: Mutil koxkor bat Egilea: Joseba Barandiaran
Guduaren izenean
Joxe Manuel Arizkorretak Pedro Mari Otañoren bertsoak gaurkotu dizkigu, Pedro Mariren garaian "Jainkoaren izenean" zena "Guduaren izenean" izatera pasa dela gogorarazita.
Bi mila hiru, martxoak hogei
gau gabeko egunean
Irakiarrak indar menpeko
yankien boten azpian
orduko suak oihuak eta
bortizkeriak finean
eginak ziren leial ta zintzo
guduaren izenean.
Hasitakoa jarraitu behar
finkatuz indarrak bertan
lurralde dena okupaturik
armak jasorik soinean
harro ta itsu jar daitekeela
gizakia holakotan
dena da OK, baliozkoa
guduaren izenean
Baina ez pentsa mundu guztia
geundenik ez jakinean
nahiz “Wikileak” egun hauetan
zabaldu argi aidean
hogei ta hamar hildako omen
egunero azkenean
torturatuak zenbatu ezin
guduaren izenean.
Egindakoak eginda ere
mundua bere horretan
horrelakoak gerta ta gerta
berdin hemen edo ta han
justizia ta legea inoiz
ez doaz ez eskutikan
geuk ahalegin bat egin dezagun
eskubideen izenean.
Doinua: Arratsalde on Lehendabizitik
Egilea: Joxe Arizkorreta
Udazkenari
Isa Diazek udazkenak sortzen dizkion sentimenduak ekarri dizkigu bertsora.
Haizea dabil dantzan
buelta ta jiraka
hostoak arin-arin
sakabanatuta
usai berezi dago
euriak launduta
udazkena berriro
ongi etorrita
lalai lalai lalai
ongi etorrita
Doinua: Dama Gazte Xarmant bat
Egilea: Isa Díaz Bravo
Bertso eskolarako deia
Julen Agirreburualdek bertso eskolak ematen ditu astero-astero. Aurten ere irakasle lanetan ibiliko da eta bertso eskolarako deia egin du bere bertsoan.
Umeak ostegunetan
seiak eta erdietan
helduak ostiraletan
elkartzen dira seietan
gonbidatuak zaudete denok
azaldu zaitezte bertan
zin egiten dut egongo dela
giro polita benetan
Asier, Julen eta Nerea
irakaslego lanetan
egongo gera esku zabalik
lokaleko ateetan
ez dakiena badator ere
jarriko de(g)u bertsoetan
Egilea: Julen Agirreburualde
Doinua: Munduko ilunabarra