Hemen zaude: Hasiera Blogak Jentiletxe auzo-lana

Jentiletxe

auzo-lana

Blogosferako eroak

Nire lehendabiziko idazkian aipatu nuen bezala, ez nekien nola bideratu neure gogoetak, ezta zer demontre zen blog bat ere. Beraz, nirekin egotera etortzen diren hainbat lagunei galdetu nien asmakizun berri hori zertan zetzan, beraiek argibide gehiago emango zidatelakoan. Nire harridurarako gehienek lelo aurpegia ipini zuten eta zertxobait esan zidatenak neu bezain galduta zeudela antzeman nuen. Hala eta guztiz ere, nire baitan hamaika zalantza eduki arren, aurrera jotzea erabaki nuen

Zalantza hauetan guztietan murgildurik nenbilanean, blogari izenburu bat ipini behar niola esan zidaten. Ez dakit zuentzat horrelako atakak nolakoak izango diren, baina une horretan neure burua erabat jokuz kanpo zegoela iruditu zitzaidan.

Izenburuaren kontuak zinemarekin, telebistarekin edo liburuak argitaratzen dituzten idazleekin lotu izan ditut betidanik. Beraz, eremu labainkorrean murgiltzen ari nintzelako sentsazioa nagusitu zen neure baitan, txarrerako edo onerako.

Dena den, sentsazio arraro horiek gainditu behar nituela erabaki nuen eta blogari zer motako izenburua jar niezaiokeen pentsatzen hasi nintzen. Gogoko dudan txokoa edo zerbait antzekoa izan behar zela garbi nuen, txoko horri kutsu pertsonala emateko asmoz.

Burmuinari astindu batzuk eman ondoren, Jentiletxerena guztiz egokia zela iruditu zitzaidan. Beharbada, Legazpin egongo da norbait izen honek duen txokoa non kokatzen den ez dakiena, baina gehiengo batek oso garbi jakingo du non dagoen.

Gure arbasoek “harri” horiek guztiak gune horretan pilatu bazituzten, zeozergatik izango zelakoan nago. Horren ondorioz, bertatik igaro naizen aldi bakoitzean nolabaiteko zirrara antzeman dut neure barnekaldean. Horren zergatia topatzea zaila egiten zait, beraz, nahiago dut ingurune horren berezitasunaz sinestea.

Urrats txiki hauek gauzatu ondoren, azken egun hauetan areagotu egin da interneterekiko dudan harridura. Hau da, abenduko Gidan Legazpin Blogosfera bat dagoela irakurri bezain laster, eztarrian nolabaiteko korapiloa sortu zaidala ezin uka.

Blogosfera horretan agertzen diren edukiak ikusteke ditudanez, ezinezkoa zait nolakoak diren zuzenki aipatzea. Hori bai, orain arte paper aurrean idaztera jartzen nintzenean somatzen nuen “bakardadea” bat-batean desagertu egin dela esango nuke. Eta ez pentsa arestian aipatu dudana eduki dezakedan irakurle kopuruarengatik esaten dudala, nire herrian, gutxienez, beste bost “ero” gehiago daudela antzemateko abagunea izan dudalako baizik. Beraz, gaurkoan “auzokide” hauekin zertxobait egotea gustatuko litzaidake. Errealitatean ezinezkoa denez, ordenagailuaren pantailaren aurrean eserita nagoela irudikatuko dut eta interaktibitatearen unibertsoan murgilduko naiz.

Sagua zapaldu bezain laster, “Baemenzan” blogarekin topo egin dut. Horren egilea zein den irakurri orduko, bertan agertuko dena zeharo interesgarria izango dela ziur nago. Herri oroimena erabat beharrezkoa delakoan nago, beraz, Joxeluis jarrai ezazu oroimen hori elikatzen. Ibilbide horri jarraituz, bat-batean oso ezagunak egiten zaizkidan marrazkiak ikusi ditut. “Ene Bada” garaietatik urte batzuk igaro diren arren, Josemak duen sormena ez dela agortu gauza nabaria da. Bizi garen gizarte zibil honetan parre egitea funtsezkoa dela uste dut, beraz, komikigile izateari ez laga Azpeitia jauna.

Keinuak” irriparrak bezain garrantzitsuak direnez, Gurutzeren eta Errikarteren bloga erabat originala dela iruditzen zait, ikusleak bere ondorioak atera dezakeelako begiratzen duen irudi bakoitzetik. Zalantza dut irudi batek mila hitz baino gehiagoko balioa duen ala ez, baina irudiaren bitartez primeran hitz egin dezakezuela ukaezina da.

Herrian hamaika ekitaldi desberdin antolatzeaz gain, Legazpiko “Gazte Asanbladak” auzo berezi horretan azaltzeko gauzak dituela ikusteko parada izan dut. Urtemuga berezia ospatzen ari zaretenez, ZORIONAK bidaltzea nahiko nizueke eta urte askorako izan dadila. Suhiltzailearen semea izan arren, “Subeltza” izenburua nahiko erakargarria suertatu zait. Bertako partaidea musika kolektiboa dela jakin dudanean, Motxorrisimoren mugida etorri zait gogora. Baina, tira, urte batzuk igaro dira garai hartatik hona eta, abagunea aprobetxatuz, Elbereth taldeko musikariak zoriondu nahiko nituzke argitaratu duen CDa nahiko ona iruditu baitzait.

“Auzoko” partaideak zeintzuk diren eta norberak bere lorategia nola duen apainduta ikusi ondoren, heterogenoetasuna zeharo aberasgarria suerta daitekeelakoan nago. Beste aldetik, “auzokide” guztiak gazteon artean kokatzen dira, nahiz eta belaunaldi desberdinetakoak izan. Kasualitate hutsa izan daiteke, ea epe motzean beste belaunaldikoak ere “auzo” honetara inguratzen diren.

Oker ez banago hil honetan Nafarroa kaleko bizilagunek bazkaria izango dute, euren “labela” aldarrikatuz. Ospakizun horiek primeran daudelakoan nago, are gehiago gaurko gizartean norberekeria nola nagusitzen ari den kontuan edukiz gero.

Ez dakit blogarien arteko ospakizunak nolakoak izaten diren, baina birtualtasunaren eremutik haratago gauzatuko direla irudikatu nahiko nuke, mahai on batek duen xarma nabarmena baita.

Blogosfera biosfera baino gardenago egon dadin, arazo existentzial hauek “auzoko” batzarrean eztabaidatu beharko ditugu egunen batean. Edo agian, blogen arteko independentzi honi eutsi egin beharko diogu, Bakuninen jarraitzaile sutsuak izango bagina bezala.

URTEBERRI ON JENTIL GUZTIENTZAT!!!

(Idatzi hau, bistan denez, iazkoa da, baina ezin izan nuen lehenago argitaratu)

Kepa Solana 2008/03/18