Jentiletxe
Politika-Gizartea
Etika banatzaileak eta Abiadura Handiko Trena
Batzuk iraganeko garaiak oraingoak baino hobeak izan direla ozenki aldarrikatu arren, ez nator bat baieztapen biribil horrekin. Kasualitate hutsa izan daiteke, baina gauza gauza bera entzun nien neure aiton-amonei eta baita gurasoen garaikideei ere. Pertsonak gure geneetan hainbat ezaugarri itsasita daramagun bezala, bakoitzari bizitzea egokitu zaion sasoia hoberena izan dela uste ahal izateko joera daukagu.
Ez dut nik ukatuko historian zehar hainbat gertaera errepikatu egiten direla, baina aro bakoitzak bere ezaupide bereziak izaten dituela ziurtatuko nuke. Horren ondorioz, denbora bakoitzean gertakizun mota desberdinak ematen dira eta, teorikoki bederen, hurrengoak aurrerapauso guzti horiek bereganatu beharko lituzke. Berez, gogoeta horren hariari jarraituz gero, gaurko adiuntzak iraganekoak baino hobeak direla ondorioztatu beharko genukeen. Ziur asko honela izango da, baina badaude jokabide batzuk guztiz kontrakoa adierazten dutenak.
Nahiz eta historia ofizialeko liburuetan inongo daturik ez agertu, ekainaren 3an, hogeita bederatzi urte bete ziren Gladis Tuteran erahil zutenetik. Alde bakarreko biktimak aipatzeko joera dagoen aldiotan, “demokraziako” txapeloker batek odol hotzez garbitu zuela gogoratu nahi diet oroimen hauskorra duten “etika” banatzaile horiei. Baina ez pentsa hiltzaile legal hark espetxea zapaldu zuenik, neska donostiar hura oso arriskutsua baitzen. “Etika” bikaineko jendeak ondo dakien bezala, txirringa baten gainean ibiltzeko ohitura duen neskak “ongizateko” gizarte honen etsai maltzurrenak dira.
Legazpiarrak demokratikoki aukeratu genuen alkatea bere tokitik bota nahian dabiltzan berberak zentral nuklearrak ez eraikiz gero bizitza osoan azak jan beharko genituzkeela zioten. Aldiz, Lemoiz ez zen martxan jarri eta, azaz gain, urte hauetan beste motatako elikagaiak eskura izan ditugula ezin uka.

Hala eta guztiz ere, ez dute zipitzik ikusten eta zeharo tematuta dabiltza Abiadura Handiko Trena eraiki asmoz. Urte haietan bezala, gaur egunean trenbide honek sekulako onurak ekarriko dizkigula diote, leloak bagina bezala. Ez dut ukatuko egitasmo basati honetan parte hartuko duten enpresek ez dutela onurarik jasoko euren patriketarako, pagotxa baita. Aldiz, herritar xumearentzat ez dut horrelakorik antzematen, toki batera hamar minutu lehenago heltzeak ez baitu inongo onurarik ekartzen.
Informazioa ezkutatzeaz gain, astakeria honen aurka mugitzen hasi direnak deabrutu egin dituzte. “Demokrata” petoenen kode liburuan agertzen den bezala, tximaluze madarikatu horiek akelarreak egiteko ohitura daukate eta ez dute gorbatarik erabiltzen gainera. Beraz, beltzez jantzitako egur banatzaile zitalak bidaltzen dituzte ea jainkoaren egia ikusteko gai izaten diren. Jainkoaren egia ez dakit, baina ziur nago batek baino gehiagok espetxeko patioak zapaldu beharko dituela.
Zin dagizuet urte hauetan ez dudala nere ilea luzatzen utzi, ezta gorbatarik jantzi ere. Hori bai, AHTren plana bidegabekeria hutsa dela iruditzen zait. Norbaitek Legazpirekin zer ikusirik ez duela esan dezake, baina Euskal Herri osoarekin lotura duelakoan nago. Zibilizazioaren aitzakipean edozer gauza egitea zilegia dela oldozten dutenei, guztiz oker daudela esango nieke. Gure arbasoek Ama Lurrarekin zeukaten lotura erabat deuseztatzea gure buruaren aurka joatea dela deritzot.
Gu baino aurreratuago dauden beste herrialde batzuetan ez dute mota honetako basakeriarik burutzen, garraio alternatiboei garrantzi itzela ematen baitiote. Ulergaitza egiten zait garraio publikoa erabat baztertuta edukitzea, bigarren mailako zerbait balitz bezala. Aldi berean, barregura ematen dit, Kiroldegiko txirringan egindako saioa egin ondoren, jendeak bere kotxe bikaina berriro hartzen duela ikustea. Alternatibak daudela ezin ukatu, geratzen zaigun gauza bakarra gure ohitura nazkagarriak aldatzea da, bai guretzat eta bai datozen belaunaldientzat askosaz onuragarriago gerta daitekeelako.
Arestian aipatu dudan herrialde horietan beste jokaera mota bat ere nagusitzen da. Bertan, erreferendumak egiteko usadio sanoa baitago. Hemen, ordea, kontrakoa gertatzen da, agintariek herriak esan dezakeenari beldur diotelako. Hamaika adibide aipa genitzake, baina tren madarikatu honena arras adierazgarria delakoan nago. Gure iritzi propioa edukitzeko gauza ez garela pentsa dezakete, botereak horrelako ondorioak baitakar. Horregatik, jainkoa izateari uzteko eskatuko nieke eta, behingoz, herriari hitza eman diezaiotela.
“Etika” eta “label demokratikoa” banatzen ibili beharrean, hobe lukete herriaren alde zintzoki lan egingo balute. Euskal Herriarengatik euren bizitza eman dutenen oroigarriak indarrez kendu eta txapelokerren lagunak izan nahi badute, nabarmena da oso jokaera horren zergatia, beraz, ez daitezela etorri ziria sartu nahian.
Hobea ala ez, gaurko errealitatea honelakoa da eta norberaren eskuan uzten dut kontzeptu egokian ipintzeko hautua. Hori bai, neuk Gladis eta Sotero aukeratzen ditut, ez baitut txapelokerrekin AHTren barruan bidaiatu nahi. Agian inozo samarra izan naiteke, baino nahiago dut txirringan barre batzuk egitea, aldamenean euren kargua betetzeagatik soldata jaisteko gai izan diren pertsona zintzoak bidaide gisa edukita.
"Anaia Handia" guztiz erreala da
Blog honetara inguratzen zaretenok gatibu batek aipa dezakeenaren bila etorriko zarete ziur aski. Bizitzaren arlo gehinetan gertatzen den antzera, komunikazio gune honetan egilearen etorburuak besteen aurreiritzia baldintza dezakeelakoan nago. Baieztapen horrekin ez dut hori txarra denik esan nahi, nere baitan dauden sentsazioak azaleratu besterik ez.
Arestian aipatu dudanak gaur egunean denborak duen balioarekin zuzenki lotuta egon daiteke. Hau da,ordenagailuaren aurrean esertzen zaretenean, hainbat informazio desberdin eskura duzuenez, berehala erabaki behar duzue nora jo. Errealitate horrek norberaren “autoestima” areagotu dezake, zeren hautuak erabat garbiak baitira. Neure kasuan, beste batzuek erabakitzen duten nere partez zer motatako hautuak eduki ditzakedan egunean zehar. Honen ondorioz, ordenagailuarekin ez dut lehiatzen, jakina, baina nere buruarekin liskar gordinak izaten ditut. Tira, gaurko sarrera “sasifilosofiko” honen ondoren, hamasei urte pasa hauetan egunero pairatu behar izan dudan inposaketa sibilinoa bezain gogorra deskribatzen saiatuko natzaizue.
Atxilotu nindutenean askatasuna galtzen nuela izan zen nere barnean somatu nuen lehendabizietariko sentzazioa. Berehala konturatu nintzen Korosti aldeko korrikaldiak edota maite dudan jendearekin konpartitu nitzakeen tarte goxoak bukatu zirela bolada baterako. Ondo dakizuenez, askatasuna “geruza” desberdinez osatutako zerbait da, beraz, sakonegi ez murgiltzearena ulertuko duzuelakoan nago. Aldiz, inoiz ezin izan nuen irudikatu ere egin intimitateak askatasunarekin lotura zuzena eduki zezakeenik. Baina benetan horrela dela ziurta diezazuket, atxilotua izan bezain laster intimitatea bat-batean ebatsi zidatelako. Urte guzti hauetan bere itzalaren zain egon arren, egunero lapurketa berri bat egiten didatela iruditzen zait.
Euskal preso politikoak izateagatik gure komunikazio guztiak interbenituak ditugula gauza jakina izan arren, ez dakit jendeak dakien inposaketa horrek zahazki zer suposatzen duen. Astero bi gutun bakarrik idatzi ditzakegu, asti nahikoa behar dutelako bertan jartzen duguna irakurri ahal izateko. Gauza bera egiten dute jasotzen ditugun gutun guztiekin, hau da, banan-banan irakurtzen dituzte.
Teknologiak aurrera diohazen neurrian, dagoeneko ez digute kasetea mutur aurrean jartzen telefonoz hitz egiten dugunean, orain dela urtebete eskas arte egiten ziguten antzera. Sistema osoa informatizatuta dagoenez, onartuta ditugun telefono zenbakiak markatu bezain laister, elkarrizketa horretan esandako guztia grabatzen dute. Hainbat film ipar-amerikarretan ikusita izango duzuen bezala, astero berrogei minutuko bisitaldia gauzatu dezakegu kristalezko kaiola baten barruan. Lagunekin hitz egin ahal izateko, telefono antzeko gailua dugu eta, nola ez, hitz egindakoa grabatzen dute.
Hori guztia gutxi balitz, beste bira bat eman diote torlojuari eta familiarekin aurrez aurrekoan hitz egindakoa grabatzen hasi dira. Giza eskubideez hainbeste hitz egiten den garaiotan, “demokraziaren” izenean, eduki nezakeen intimitate apurra urratzen didate. Familiako kontuak edo nere semearekin guri dagokigun zerbaitez hitz egin nahi badut, beste batzuek arreta osoz entzun edo irakurri dutela baldintzarekin gauzatu beharko dut tarte hori.
Norbaitek maitasuna adierazi ahal izateko askatasun osoa dudala pentsa dezake, Guantanamon okerrago daudela esanez. Beste batzuek, pairatzen ari naizena guztiz merezita dudala esango dute. Bi iritzi talde horietakoak direnei, segundu bateko joku mantala egitea proposatuko nieke. Hau da, irudikatu dezatela euren seme-alabei edo bikotekideei azkeneko hamasei eta piko urteetan adierazitako maitasun keinu edo hizki guztiak grabatu dituztela.
Orwellek “1984” liburua idatzi zuenean, bere garaikideek erabat erotuta zegoela pentsatu zuten. Baina “Anaia Handia” guztiz erreala dela ozenki aldarrikatu nahi dut. Arestian aipatu dudanari espetxeko bazter guztiak kameraz josirik daudela eta nere ziegako atean dagoen zulotxotik edozein unean begira dezaketela gehitu behar diogu.
Hala eta guztiz, une batzuetan intimitate apurra badudala pentsa dezaket. Baina “gaixotasun” horren aurka sendabide aproposa dute, edozein unetan ziega osoa hankaz gora jartzen baitigute edo, patiora jaisterakoan, arakatzen gaituztelako aitzaki merkeena erabiliz.
Hori bai, orain arte ez zaie bururatu gure garunetan txip berezi bat edo antzeko zerbait jartzea. Zeinek daki!, hurrengo “demokrazikada” hortik etor daiteke, herri aske batean bizi nahi izatea “gaixotasun” kutsakorra izan daitekeelako. Bitartean, txoko honetan bizirik geratzen zaizkidan neuronen artean kulunkatu eta neure lagun batek esan zuena errepikatuz agurtuko naiz gaurzkoz: MAITE ZAITUZTET.
Besarkada handi bat zuen elkartasunagatik
Azkeneko “hizketalditxoan” jentil guztientzat Urteberri On opatuz bukatu nituen neure gogoetak, iazko urtea neretzat zein gaizki bukatuko zen sumatu gabe. Batzuk norberaren patua idatzita dagoela diote, baina baieztapen hori nahiko eztabaidagarria dela uste dut. Ondo dakizuenez, erasoa izan nuen eta, gaurkoan, pasarte horretaz arituko naiz, zuen baimenarekin.
Beste ezer aipatu aurretik, elkartasuna adierazi didazuenei zintzoki eskertu nahi dizuet izan duzuen jarreragatik. Une zail horietan horrelako berotasuna jasotzea zenbateraino eskertzen den azaltzea ezinezkoa da, baina ziur egon zaitezkete izugarria izan zela neure baitan antzeman nuena. Banan banan eskertzea ezinezkoa denez, jaso itzazue guztiek besarkada handi bat.
Suposatuko duzuen bezala, espetxeratuta daramadan urte guzti hauetan hamaika borroka ikusteko aukera izan dut egon naizen patio desberdinetan. Borroka horiek gertutik ikusi arren, beste espazio batean gertatzen ari zirela iruditzen zitzaidan, preso arrunten asteko kontuak zirelako. Beraz, ez nuen sekula santan irudikatu ere egin, egun batean neri antzeko zerbait gertatuko zitzaidala eta, are gutxiago, besterik gabe erasotua izango nintzela.
Agerian geratu da erabat oker nengoela, nahiz eta batzuetan hau dena amesgaizto bat izan dela iruditu. Benetan horrela izatea gustatuko litzaidake, baina matrailezurrean dudan orbainak benetakoa izan dela adierazten du. Arrasto horrez gain, bi besoetan orbain txikiagoak ere baditut, erasotzailea gogoz eta amorruz aritu baitzen.
Goiz horretan neure seme Enekorekin telefonoz hitz egiten aritu nintzen. Urbiatik Aizkorrirako bidean harrapatu nuen. Berarekin hitz egitean, txoko horietan jotzen zuen haizea, txakurraren zaunka eta Enekoren deskribapenak barru barruan sentitzen nituen. Horri esker patio madarikatu honetatik ihes egitea lortu nuelakoan nago, sentzazio paregabeetan erabat murgilduta bainenbilen.
Horrelakoetan, nahiago izaten dut bakarrik egotea, eta hala nenbilen eguzkipean. Paretara ailegatu bezain laister, itzulia ematen hasi nintzen, baina ezin izan nuen burutu, bat batean sekulako kolpea nabaritu bainuen. Kolpe horren ondorioz, lurrera erori nintzen eta une horretan konturatu nintzen zer demontre gertatzen ari zen. Berehala, ahal izan nuen moduan, estali nituen nere gorputzaren gune arriskutsuenak, bizirauteko senaz bultzaturik. Erasoaldi osoak lau segundu iraun zuela esan zidaten, baina neretzat tarte amaigabea bihurtu zen. Anabasa guztia bukatu ondoren, ahotik sekulako odol-jarioa neukala ikusi nuen, odol hori nondik irteten zuen zehazki jakin gabe. Eritegira ninderamatenean gero eta ahulagoa nengoela sumatzen nuen eta nere burutik ideia txarrenak igaro ziren. Itxasoren eta Enekoren irudiak etorri zitzaizkidan gogora, eta horrek egoera zail horri aurre egiteko kemena eman zidan. Ondoren, eritetxerako bidaia kaxkarra, txakurren aldetik jasotako tratu zitala, eritetxeko langileen abegikortasuna eta abar luze bat gogoratzen ditut. Azalpen zehatza egitea luzeegia izango litzateke, erasoa eguerdiko ordubatean gertatu baitzen eta gaueko 9:30ean heldu nintzelako espetxera berriro. Zortzi ordu eta erdi horietan eskuburdinez lotuta eduki ninduten denbora osoan, piura horrekin balentriaren bat egingo nuen beldurrez edo.
Espetxera itzuli nintzenean, etxera telefonoz hots egin ala ez erabaki behar izan nuen, gau horretan familia osoa afaltzera elkartuko zela jakinda. Kanpotik ezer jakin aurretik, neure ahotik entzutea egokiagoa zela erabaki nuen azkenean. Horregatik, etxekoekin hitz egin eta nahiko ondo nengoela azaldu nien.
Gau horretan ezin izan nuen lorik egin, kolpeen ondorioz gorputza zeharo minberatuta neukalako. Horrez gain, gertatutakoaren zergatia bilatzen saiatzen nintzen, erasotzailearekin ez bainuen inolako harremanik eduki. Hurrengo goizean, patiora jaitsitakoan, txapelokerren semea zela jakin izan nuen. Halaber, ni erasotu ondoren, modulu horretan zeuden beste euskal preso politiko guztiengana ere jo zuela jakin izan nuen. Zorionez, haiengana aurrez aurre jo zuen eta euren burua defendatzeko aukera izan zuten.
Erasoaren erruduna erasotzailea bera izan arren, Espainiako komunikabideek Euskal Herriaren aurka daramaten jarrera intoxikatzaileak zerikusirik ere badu. Garai batean “¡A por ellos!” ozenki aldarrikatu zuten eta, harrezkero bide horri ekin diote. Norbaitek errealitatea puztutzen ari naizela pentsa dezake, baina hemengo egunkariak, erasoaren berria eman zuenean, gertaera horren zergatia hiru balizkoetan kokatzen zuen: neu estorsionatzaile bat nintzela, lehena; bigarrena, une oro euskal preso politikoa naizela barrez aldarrikatzen nuela patioan zehar; eta, hirugarrena, erasotzailea txapelokerren familiakoa zela. Zergatia oso garbi zegoen arren, nitaz eman nahi zuten irudia gertatutakoa justifikatzeko asmoz emana zegoela dirudi.
Ildo berean, 2004ko martxoaren 11n gertatutakoa ekarri behar dut gogora. Egun haietan euskaldunak gertakari latz haiekin zer ikusirik ez genuela soberan jakin arren, hainbat komunikabideek eta politikoek gure aurka jo zuten. Espetxe honetan funtzionario batzuk preso arruntak gure aurka xaxatzen aritu ziren, hiltzaile nazkagarriak ginela esanez. Une gogorrak igaro arren, zorionez ez zen inongo ezbeharrik gertatu, baina gure aurka ereindako herra-haziak fruituak eman dituztela ezin uka.
Horren ondorioz, Euskal Presoak Euskal Herriratzea edo estatus politikoa onartu behar digutela aldarrikatzen dugunean, dagozkigun eskubideak eskatzen ari garela gauza nabaria da. Alde batetik, euren legean agertzen dena bete dezatela, hau da, gure etxetik gertuen dagoen espetxean egotea. Horrela izanda, gure senideek eta lagunek ez lukete astero euren bizitza arriskuan jarri behar, errepideetan hainbat kilometro egiteak sekulako arriskua dakarrelako. Bestetik, inongo harrokeriarik gabe, baina euskal preso politikoak ez dugu preso arruntekin zer ikusirik. Ez dut uste beharrezkoa denik desberdintasun horiek non diren azaltzea, baina beste egun batean arituko gara lasaiago gai horretaz.
Oro har, erabat osatuta nagoela esango dizuet, nahiz eta noizbehinka aldamenean lehen ez zeuden “mamu” batzuk ntzeman. Adituek diotenez, horrelakoak gertatzea guztiz normala da. Beraz, lasaitasunez hartuko dut ahal dudan neurrian, eguneroko normaltasunera itzultzeko asmoz.
Zuekin hitz egitea oso ondo etorri zaidala aitortu beharrean nago. Zuengandik jaso dudanaren zati bat zuek ere jasotzea lortzen badut, askosaz gusturago geratuko nintzateke, elkar trukaketa honetan, gure arteko loturek bizirik dirautela azalean geratuko liratekeelako. Beraz, gaizki esanak barkatu eta ondo esanak zuek erabaki, kontuan hartu ala ez.