Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Jentiletxe / Zutaz oroitu naiz berriro

Zutaz oroitu naiz berriro

2008/05/20 15:56
"Hegazti errariak pausatu dira leihoan / Argia ta itzala bereizten diren lekuan / Argia ta itzala leihoan pausatu dira / Hegazti errariak pausatu dira / Hegazti errariak..."

Kaixo Ane!!

Gu biok belaunaldi desberdineko partaideak izan arren, sarrera gisa erabili dudan Mikel Laboaren kanta hau zure gustukoa izango dela ziur naiz. Soberan dakit hizketalditxoa horrela hastea ez dela oso arrunta, baina gaurkoari kutsu berezia erantsi nahi izan diot, guztiz berezia sumatzen baitzaitut.

Zure amarentzat, zure ama izatea ohore handia izan den bezala, neretzat zure bizilaguna izatea antzeko zerbait izan dela ziurta diezazuket. Batek baino gehiagok burutik zeharo jota nagoela pentsa dezake baieztapen hori irakurri ondoren, baina urruntasun fisikoaz gain, azken hogeita bat hil hauetan oso gertu sumatu zaitudala ozenki aldarrikatu nahi dut.

Zure ate parean bizi den bikote honen bitartez, une oro nola aurkitzen zinen jakin izan dut. Zutaz hitz egiten zidatenean, egokitu zitzaizun bizi “zail” honetan zein apaltasunarekin jokatu izan duzun antzeman nezakeen eta, horregatik, zu maitatzen hasi nintzen ia ohartu gabe.

Honelako batean, eritetxera eraman zintuztela jakin izan nuen, bai eta ataka nahiko zailean aurkitzen zinela ere. Zorionez, ataka hartatik atera zinen garaile, hurrengoan zailagoa izango zela soberan jakin arren. Hala eta guztiz ere, zeharo gustura itzuli zinen “Saniko” txoko polit honetara, eguzkiaren printzak oso bereziak direlako bertan.

Trikutxetako korostia

Nahiz eta nere nahia ongietorria zuzenean zuri ematea izan, inposatutako urruntasun fisikoa onartu behar nuen. Baina zertxobait egin nezakeela alboratu ez nuenez, korapiloz osatutako eskumuturrekoa bidali nizun. Besteen bitartez adierazi nizun bezala, korapilo lokaitza energi positiboz blai eginda zihoan, beraz, nerekin hitz egin nahi izanez gero, nahikoa zenuen eskumuturrekoari begiratzearekin. Gure “osasun mentala” kolokan egon arren, elkarrekin hitz egiteko erabili dugun komunikazio-tresna guztion agerian jartzearen arrazoiarekin ados egongo zarelakoan nago.

Azken une arte eskumuturrean ipinita eraman zenuela jakin nuenean, nere baitan zuzpertutako ikara nolakoa izan zen egoki azaltzea ezinezkoa bihurtzen zait. Ataka zail horietan neure animoak edo hitz goxoak antzemango zenituela uste nahiko nukeen, ez inor baino gehiago izateko asmoz, zurekiko dudan maitasuna gertu nabarituko zenuela ziurtatu ahal izateko baizik.

Lerro hauetara ailegatu orduko, elkarrekin konpartitzen ditugun gai guztiak ikutuko dudala beldur egongo zara ziur asko, baina lasai egon zaitezke, batzuk guretzat gordeko baititugu. Badakit une honetan eskumuturrekorik gabe zaudela, baina hegazti erraria zarenez, txorien txioak zure berriak dakartzate.

Erraria izateak ez du galdua ibil zaitezkeela esan nahi, zuk nahi duzun txokoetara joateko dohaina duzula baizik. Beraz, txori bat neure leihoan pausatzen denean, bere begiradan zurea topatzen dut eta, zer esanik ez, bere kanta alaitsuak hemengo ingurune osoa betetzen duenean.

Aldi berean, argia eta itzala osagarriak direla ezin uka, bizitza eta heriotza diren bezala. Bi etapa hauen arteko jauzian aurrea hartu didazunez, bien artean garatu dugun komunikazio berezi honek bizirik iraungo duela sinistu nahi dut.

Ez galdetu zergatik lotzen zaitudan Mikel Laboaren kanta horrekin, baina nere kasete kaskarrean entzuten dudan aldi oro zure irudia dakarkit gogora. Kantu horrekin sendotasunetik haratago, bizitzeko erakutsi duzun grina eta jatortasuna islatzen dizkidala aitortu nahiko nuke.

Korostiko magaletik Aloñako magalera joan zarela jakin izan dudanean, Aketegiko kobazulora zenbat alditan joango zaren galdetu egin diot nere buruari. Ez litzaidake batere harrituko hainbat gauetan Mariren erratza zuretzat hartu eta Anbotora edo gustukoak dituzun tokietara bidaiatuko bazenu. Talaia paregabe honetatik Euskal Herriko liburu polit hartan dastatu nituen paisaia zoragarriak elkarrekin konpartitu ditzakegu, hamaika gaietaz hitz egiten dugun bitartean.

Adiskidetasuna soro bat gisa ulertzen dut, hau da, noizbehinka haziak erein behar dira gustukuak ditugun loreak sor daitezen. Gaurko lau lerro hauek eremu honetan kokatzen ditut, edozein omenaldi edo antzeko zelaietatik erabat urrun. Ez dakit helburu hau zenbateraino lortu dudan, baina arras gustura konpartitu dut tartetxo hau zurekin.

Agurtu baino lehen, etxe ondoko korostia dizdira berezia hartzen ari dela jakin izan dut. Hain polita dagoela entzun bezain laster, zutaz oroitu naiz berriro parkeko eserlekutik edo etxeko leihotik hain txikia ikusten zenuen zuhaitza handitzen ari baita.

Beno potxola, gaurkoz nahiko “aspertu” zaitudanez, hurrengoan kontu berriak azalduko dizkizut. Zauden tokian zoriontsua izango zarela jakinda, jaso ezazu besarkada goxo bat, maitasunez.

etiketak:
Anonimoak dio:
2008/05/25 22:05

Aupa Kepa,

Zirraragarria izan da Aneren bizitza eta heriotza hain gertutik bizi izan dugunontzat zure hitz goxoak jasotzea.Zuk diozun bezala, tamalez, Aneri zure sentipenak pertsonalki adierazteko aukera izango ez duzun arren, ziur gara zeuen solasaldiekin jarraituko dezutela Korosti, Aloña, Anboto, Aizkorri edo Saniko txokoan topo egingo dezuten aldi oro, Askatasun egarria asetzen duen edozein iturritan, gorputzari atsedena emanez eta sentimenduek esandakoari adi-adi.

Ane bezalaxe, gu ere zai izango gaituzu. Muxu handi bat eta mila esker.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira 10 + 4 ?
Erantzuna: