Jentiletxe
Etika banatzaileak eta Abiadura Handiko Trena
Batzuk iraganeko garaiak oraingoak baino hobeak izan direla ozenki aldarrikatu arren, ez nator bat baieztapen biribil horrekin. Kasualitate hutsa izan daiteke, baina gauza gauza bera entzun nien neure aiton-amonei eta baita gurasoen garaikideei ere. Pertsonak gure geneetan hainbat ezaugarri itsasita daramagun bezala, bakoitzari bizitzea egokitu zaion sasoia hoberena izan dela uste ahal izateko joera daukagu.
Ez dut nik ukatuko historian zehar hainbat gertaera errepikatu egiten direla, baina aro bakoitzak bere ezaupide bereziak izaten dituela ziurtatuko nuke. Horren ondorioz, denbora bakoitzean gertakizun mota desberdinak ematen dira eta, teorikoki bederen, hurrengoak aurrerapauso guzti horiek bereganatu beharko lituzke. Berez, gogoeta horren hariari jarraituz gero, gaurko adiuntzak iraganekoak baino hobeak direla ondorioztatu beharko genukeen. Ziur asko honela izango da, baina badaude jokabide batzuk guztiz kontrakoa adierazten dutenak.
Nahiz eta historia ofizialeko liburuetan inongo daturik ez agertu, ekainaren 3an, hogeita bederatzi urte bete ziren Gladis Tuteran erahil zutenetik. Alde bakarreko biktimak aipatzeko joera dagoen aldiotan, “demokraziako” txapeloker batek odol hotzez garbitu zuela gogoratu nahi diet oroimen hauskorra duten “etika” banatzaile horiei. Baina ez pentsa hiltzaile legal hark espetxea zapaldu zuenik, neska donostiar hura oso arriskutsua baitzen. “Etika” bikaineko jendeak ondo dakien bezala, txirringa baten gainean ibiltzeko ohitura duen neskak “ongizateko” gizarte honen etsai maltzurrenak dira.
Legazpiarrak demokratikoki aukeratu genuen alkatea bere tokitik bota nahian dabiltzan berberak zentral nuklearrak ez eraikiz gero bizitza osoan azak jan beharko genituzkeela zioten. Aldiz, Lemoiz ez zen martxan jarri eta, azaz gain, urte hauetan beste motatako elikagaiak eskura izan ditugula ezin uka.

Hala eta guztiz ere, ez dute zipitzik ikusten eta zeharo tematuta dabiltza Abiadura Handiko Trena eraiki asmoz. Urte haietan bezala, gaur egunean trenbide honek sekulako onurak ekarriko dizkigula diote, leloak bagina bezala. Ez dut ukatuko egitasmo basati honetan parte hartuko duten enpresek ez dutela onurarik jasoko euren patriketarako, pagotxa baita. Aldiz, herritar xumearentzat ez dut horrelakorik antzematen, toki batera hamar minutu lehenago heltzeak ez baitu inongo onurarik ekartzen.
Informazioa ezkutatzeaz gain, astakeria honen aurka mugitzen hasi direnak deabrutu egin dituzte. “Demokrata” petoenen kode liburuan agertzen den bezala, tximaluze madarikatu horiek akelarreak egiteko ohitura daukate eta ez dute gorbatarik erabiltzen gainera. Beraz, beltzez jantzitako egur banatzaile zitalak bidaltzen dituzte ea jainkoaren egia ikusteko gai izaten diren. Jainkoaren egia ez dakit, baina ziur nago batek baino gehiagok espetxeko patioak zapaldu beharko dituela.
Zin dagizuet urte hauetan ez dudala nere ilea luzatzen utzi, ezta gorbatarik jantzi ere. Hori bai, AHTren plana bidegabekeria hutsa dela iruditzen zait. Norbaitek Legazpirekin zer ikusirik ez duela esan dezake, baina Euskal Herri osoarekin lotura duelakoan nago. Zibilizazioaren aitzakipean edozer gauza egitea zilegia dela oldozten dutenei, guztiz oker daudela esango nieke. Gure arbasoek Ama Lurrarekin zeukaten lotura erabat deuseztatzea gure buruaren aurka joatea dela deritzot.
Gu baino aurreratuago dauden beste herrialde batzuetan ez dute mota honetako basakeriarik burutzen, garraio alternatiboei garrantzi itzela ematen baitiote. Ulergaitza egiten zait garraio publikoa erabat baztertuta edukitzea, bigarren mailako zerbait balitz bezala. Aldi berean, barregura ematen dit, Kiroldegiko txirringan egindako saioa egin ondoren, jendeak bere kotxe bikaina berriro hartzen duela ikustea. Alternatibak daudela ezin ukatu, geratzen zaigun gauza bakarra gure ohitura nazkagarriak aldatzea da, bai guretzat eta bai datozen belaunaldientzat askosaz onuragarriago gerta daitekeelako.
Arestian aipatu dudan herrialde horietan beste jokaera mota bat ere nagusitzen da. Bertan, erreferendumak egiteko usadio sanoa baitago. Hemen, ordea, kontrakoa gertatzen da, agintariek herriak esan dezakeenari beldur diotelako. Hamaika adibide aipa genitzake, baina tren madarikatu honena arras adierazgarria delakoan nago. Gure iritzi propioa edukitzeko gauza ez garela pentsa dezakete, botereak horrelako ondorioak baitakar. Horregatik, jainkoa izateari uzteko eskatuko nieke eta, behingoz, herriari hitza eman diezaiotela.
“Etika” eta “label demokratikoa” banatzen ibili beharrean, hobe lukete herriaren alde zintzoki lan egingo balute. Euskal Herriarengatik euren bizitza eman dutenen oroigarriak indarrez kendu eta txapelokerren lagunak izan nahi badute, nabarmena da oso jokaera horren zergatia, beraz, ez daitezela etorri ziria sartu nahian.
Hobea ala ez, gaurko errealitatea honelakoa da eta norberaren eskuan uzten dut kontzeptu egokian ipintzeko hautua. Hori bai, neuk Gladis eta Sotero aukeratzen ditut, ez baitut txapelokerrekin AHTren barruan bidaiatu nahi. Agian inozo samarra izan naiteke, baino nahiago dut txirringan barre batzuk egitea, aldamenean euren kargua betetzeagatik soldata jaisteko gai izan diren pertsona zintzoak bidaide gisa edukita.