Hemen zaude: Hasiera Blogak Jentiletxe Artxiboa 2008 Apirila 23 "Anaia Handia" guztiz erreala da
Dokumentu Akzioak

Jentiletxe

"Anaia Handia" guztiz erreala da

Blog honetara inguratzen zaretenok gatibu batek aipa dezakeenaren bila etorriko zarete ziur aski. Bizitzaren arlo gehinetan gertatzen den antzera, komunikazio gune honetan egilearen etorburuak besteen aurreiritzia baldintza dezakeelakoan nago. Baieztapen horrekin ez dut hori txarra denik esan nahi, nere baitan dauden sentsazioak azaleratu besterik ez.

Arestian aipatu dudanak gaur egunean denborak duen balioarekin zuzenki lotuta egon daiteke. Hau da,ordenagailuaren aurrean esertzen zaretenean, hainbat informazio desberdin eskura duzuenez, berehala erabaki behar duzue nora jo. Errealitate horrek norberaren “autoestima” areagotu dezake, zeren hautuak erabat garbiak baitira. Neure kasuan, beste batzuek erabakitzen duten nere partez zer motatako hautuak eduki ditzakedan egunean zehar. Honen ondorioz, ordenagailuarekin ez dut lehiatzen, jakina, baina nere buruarekin liskar gordinak izaten ditut. Tira, gaurko sarrera “sasifilosofiko” honen ondoren, hamasei urte pasa hauetan egunero pairatu behar izan dudan inposaketa sibilinoa bezain gogorra deskribatzen saiatuko natzaizue.

Atxilotu nindutenean askatasuna galtzen nuela izan zen nere barnean somatu nuen lehendabizietariko sentzazioa. Berehala konturatu nintzen Korosti aldeko korrikaldiak edota maite dudan jendearekin konpartitu nitzakeen tarte goxoak bukatu zirela bolada baterako. Ondo dakizuenez, askatasuna “geruza” desberdinez osatutako zerbait da, beraz, sakonegi ez murgiltzearena ulertuko duzuelakoan nago. Aldiz, inoiz ezin izan nuen irudikatu ere egin intimitateak askatasunarekin lotura zuzena eduki zezakeenik. Baina benetan horrela dela ziurta diezazuket, atxilotua izan bezain laster intimitatea bat-batean ebatsi zidatelako. Urte guzti hauetan bere itzalaren zain egon arren, egunero lapurketa berri bat egiten didatela iruditzen zait.

Basanguleta azpiko pinudia

Euskal preso politikoak izateagatik gure komunikazio guztiak interbenituak ditugula gauza jakina izan arren, ez dakit jendeak dakien inposaketa horrek zahazki zer suposatzen duen. Astero bi gutun bakarrik idatzi ditzakegu, asti nahikoa behar dutelako bertan jartzen duguna irakurri ahal izateko. Gauza bera egiten dute jasotzen ditugun gutun guztiekin, hau da, banan-banan irakurtzen dituzte.

Teknologiak aurrera diohazen neurrian, dagoeneko ez digute kasetea mutur aurrean jartzen telefonoz hitz egiten dugunean, orain dela urtebete eskas arte egiten ziguten antzera. Sistema osoa informatizatuta dagoenez, onartuta ditugun telefono zenbakiak markatu bezain laister, elkarrizketa horretan esandako guztia grabatzen dute. Hainbat film ipar-amerikarretan ikusita izango duzuen bezala, astero berrogei minutuko bisitaldia gauzatu dezakegu kristalezko kaiola baten barruan. Lagunekin hitz egin ahal izateko, telefono antzeko gailua dugu eta, nola ez, hitz egindakoa grabatzen dute.

Hori guztia gutxi balitz, beste bira bat eman diote torlojuari eta familiarekin aurrez aurrekoan hitz egindakoa grabatzen hasi dira. Giza eskubideez hainbeste hitz egiten den garaiotan, “demokraziaren” izenean, eduki nezakeen intimitate apurra urratzen didate. Familiako kontuak edo nere semearekin guri dagokigun zerbaitez hitz egin nahi badut, beste batzuek arreta osoz entzun edo irakurri dutela baldintzarekin gauzatu beharko dut tarte hori.

Norbaitek maitasuna adierazi ahal izateko askatasun osoa dudala pentsa dezake, Guantanamon okerrago daudela esanez. Beste batzuek, pairatzen ari naizena guztiz merezita dudala esango dute. Bi iritzi talde horietakoak direnei, segundu bateko joku mantala egitea proposatuko nieke. Hau da, irudikatu dezatela euren seme-alabei edo bikotekideei azkeneko hamasei eta piko urteetan adierazitako maitasun keinu edo hizki guztiak grabatu dituztela.

Orwellek “1984” liburua idatzi zuenean, bere garaikideek erabat erotuta zegoela pentsatu zuten. Baina “Anaia Handia” guztiz erreala dela ozenki aldarrikatu nahi dut. Arestian aipatu dudanari espetxeko bazter guztiak kameraz josirik daudela eta nere ziegako atean dagoen zulotxotik edozein unean begira dezaketela gehitu behar diogu.

Hala eta guztiz, une batzuetan intimitate apurra badudala pentsa dezaket. Baina “gaixotasun” horren aurka sendabide aproposa dute, edozein unetan ziega osoa hankaz gora jartzen baitigute edo, patiora jaisterakoan, arakatzen gaituztelako aitzaki merkeena erabiliz.

Hori bai, orain arte ez zaie bururatu gure garunetan txip berezi bat edo antzeko zerbait jartzea. Zeinek daki!, hurrengo “demokrazikada” hortik etor daiteke, herri aske batean bizi nahi izatea “gaixotasun” kutsakorra izan daitekeelako. Bitartean, txoko honetan bizirik geratzen zaizkidan neuronen artean kulunkatu eta neure lagun batek esan zuena errepikatuz agurtuko naiz gaurzkoz: MAITE ZAITUZTET.

Kepa Solana 2008/04/23

nik ere

begibakarrekoazeria — 2008/04/23 07:52
nik ere maite zaituztet eta errepresioaren gainetik maitatuko zaituztedala argi izan dezatela! BESARKADA IRAULTZAILE ETA MAITAKOR BAT!

Politika -gizartea

Beñat Aierbe — 2008/04/23 19:18
Eutsi gogor Kepa! Zure testuak irakurrita argi dago neurona guztiak bizi bizirik dauzkazula, eta ez apur batzuk bakarrik, eta baita hor baituta zauzkaten zerri "demokrata" hoiek baino bihotz haundigoa. EZ DAGO ESKUBIDERIK!!!!!!!!!!! Ea ahal den azkarren benetan libre gure artean ikusi eta sentitzen zaitugun. Besarkada bero bero bat!

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.