Jentiletxe
Besarkada handi bat zuen elkartasunagatik
Azkeneko “hizketalditxoan” jentil guztientzat Urteberri On opatuz bukatu nituen neure gogoetak, iazko urtea neretzat zein gaizki bukatuko zen sumatu gabe. Batzuk norberaren patua idatzita dagoela diote, baina baieztapen hori nahiko eztabaidagarria dela uste dut. Ondo dakizuenez, erasoa izan nuen eta, gaurkoan, pasarte horretaz arituko naiz, zuen baimenarekin.
Beste ezer aipatu aurretik, elkartasuna adierazi didazuenei zintzoki eskertu nahi dizuet izan duzuen jarreragatik. Une zail horietan horrelako berotasuna jasotzea zenbateraino eskertzen den azaltzea ezinezkoa da, baina ziur egon zaitezkete izugarria izan zela neure baitan antzeman nuena. Banan banan eskertzea ezinezkoa denez, jaso itzazue guztiek besarkada handi bat.
Suposatuko duzuen bezala, espetxeratuta daramadan urte guzti hauetan hamaika borroka ikusteko aukera izan dut egon naizen patio desberdinetan. Borroka horiek gertutik ikusi arren, beste espazio batean gertatzen ari zirela iruditzen zitzaidan, preso arrunten asteko kontuak zirelako. Beraz, ez nuen sekula santan irudikatu ere egin, egun batean neri antzeko zerbait gertatuko zitzaidala eta, are gutxiago, besterik gabe erasotua izango nintzela.
Agerian geratu da erabat oker nengoela, nahiz eta batzuetan hau dena amesgaizto bat izan dela iruditu. Benetan horrela izatea gustatuko litzaidake, baina matrailezurrean dudan orbainak benetakoa izan dela adierazten du. Arrasto horrez gain, bi besoetan orbain txikiagoak ere baditut, erasotzailea gogoz eta amorruz aritu baitzen.
Goiz horretan neure seme Enekorekin telefonoz hitz egiten aritu nintzen. Urbiatik Aizkorrirako bidean harrapatu nuen. Berarekin hitz egitean, txoko horietan jotzen zuen haizea, txakurraren zaunka eta Enekoren deskribapenak barru barruan sentitzen nituen. Horri esker patio madarikatu honetatik ihes egitea lortu nuelakoan nago, sentzazio paregabeetan erabat murgilduta bainenbilen.
Horrelakoetan, nahiago izaten dut bakarrik egotea, eta hala nenbilen eguzkipean. Paretara ailegatu bezain laister, itzulia ematen hasi nintzen, baina ezin izan nuen burutu, bat batean sekulako kolpea nabaritu bainuen. Kolpe horren ondorioz, lurrera erori nintzen eta une horretan konturatu nintzen zer demontre gertatzen ari zen. Berehala, ahal izan nuen moduan, estali nituen nere gorputzaren gune arriskutsuenak, bizirauteko senaz bultzaturik. Erasoaldi osoak lau segundu iraun zuela esan zidaten, baina neretzat tarte amaigabea bihurtu zen. Anabasa guztia bukatu ondoren, ahotik sekulako odol-jarioa neukala ikusi nuen, odol hori nondik irteten zuen zehazki jakin gabe. Eritegira ninderamatenean gero eta ahulagoa nengoela sumatzen nuen eta nere burutik ideia txarrenak igaro ziren. Itxasoren eta Enekoren irudiak etorri zitzaizkidan gogora, eta horrek egoera zail horri aurre egiteko kemena eman zidan. Ondoren, eritetxerako bidaia kaxkarra, txakurren aldetik jasotako tratu zitala, eritetxeko langileen abegikortasuna eta abar luze bat gogoratzen ditut. Azalpen zehatza egitea luzeegia izango litzateke, erasoa eguerdiko ordubatean gertatu baitzen eta gaueko 9:30ean heldu nintzelako espetxera berriro. Zortzi ordu eta erdi horietan eskuburdinez lotuta eduki ninduten denbora osoan, piura horrekin balentriaren bat egingo nuen beldurrez edo.
Espetxera itzuli nintzenean, etxera telefonoz hots egin ala ez erabaki behar izan nuen, gau horretan familia osoa afaltzera elkartuko zela jakinda. Kanpotik ezer jakin aurretik, neure ahotik entzutea egokiagoa zela erabaki nuen azkenean. Horregatik, etxekoekin hitz egin eta nahiko ondo nengoela azaldu nien.
Gau horretan ezin izan nuen lorik egin, kolpeen ondorioz gorputza zeharo minberatuta neukalako. Horrez gain, gertatutakoaren zergatia bilatzen saiatzen nintzen, erasotzailearekin ez bainuen inolako harremanik eduki. Hurrengo goizean, patiora jaitsitakoan, txapelokerren semea zela jakin izan nuen. Halaber, ni erasotu ondoren, modulu horretan zeuden beste euskal preso politiko guztiengana ere jo zuela jakin izan nuen. Zorionez, haiengana aurrez aurre jo zuen eta euren burua defendatzeko aukera izan zuten.
Erasoaren erruduna erasotzailea bera izan arren, Espainiako komunikabideek Euskal Herriaren aurka daramaten jarrera intoxikatzaileak zerikusirik ere badu. Garai batean “¡A por ellos!” ozenki aldarrikatu zuten eta, harrezkero bide horri ekin diote. Norbaitek errealitatea puztutzen ari naizela pentsa dezake, baina hemengo egunkariak, erasoaren berria eman zuenean, gertaera horren zergatia hiru balizkoetan kokatzen zuen: neu estorsionatzaile bat nintzela, lehena; bigarrena, une oro euskal preso politikoa naizela barrez aldarrikatzen nuela patioan zehar; eta, hirugarrena, erasotzailea txapelokerren familiakoa zela. Zergatia oso garbi zegoen arren, nitaz eman nahi zuten irudia gertatutakoa justifikatzeko asmoz emana zegoela dirudi.
Ildo berean, 2004ko martxoaren 11n gertatutakoa ekarri behar dut gogora. Egun haietan euskaldunak gertakari latz haiekin zer ikusirik ez genuela soberan jakin arren, hainbat komunikabideek eta politikoek gure aurka jo zuten. Espetxe honetan funtzionario batzuk preso arruntak gure aurka xaxatzen aritu ziren, hiltzaile nazkagarriak ginela esanez. Une gogorrak igaro arren, zorionez ez zen inongo ezbeharrik gertatu, baina gure aurka ereindako herra-haziak fruituak eman dituztela ezin uka.
Horren ondorioz, Euskal Presoak Euskal Herriratzea edo estatus politikoa onartu behar digutela aldarrikatzen dugunean, dagozkigun eskubideak eskatzen ari garela gauza nabaria da. Alde batetik, euren legean agertzen dena bete dezatela, hau da, gure etxetik gertuen dagoen espetxean egotea. Horrela izanda, gure senideek eta lagunek ez lukete astero euren bizitza arriskuan jarri behar, errepideetan hainbat kilometro egiteak sekulako arriskua dakarrelako. Bestetik, inongo harrokeriarik gabe, baina euskal preso politikoak ez dugu preso arruntekin zer ikusirik. Ez dut uste beharrezkoa denik desberdintasun horiek non diren azaltzea, baina beste egun batean arituko gara lasaiago gai horretaz.
Oro har, erabat osatuta nagoela esango dizuet, nahiz eta noizbehinka aldamenean lehen ez zeuden “mamu” batzuk ntzeman. Adituek diotenez, horrelakoak gertatzea guztiz normala da. Beraz, lasaitasunez hartuko dut ahal dudan neurrian, eguneroko normaltasunera itzultzeko asmoz.
Zuekin hitz egitea oso ondo etorri zaidala aitortu beharrean nago. Zuengandik jaso dudanaren zati bat zuek ere jasotzea lortzen badut, askosaz gusturago geratuko nintzateke, elkar trukaketa honetan, gure arteko loturek bizirik dirautela azalean geratuko liratekeelako. Beraz, gaizki esanak barkatu eta ondo esanak zuek erabaki, kontuan hartu ala ez.
Besarkada bat