Hemen zaude: Hasiera Blogak Jentiletxe Artxiboa 2007

Artxiboa 2007

Euskaldun bat gamelu gainean

Txikitandik gauza bera entzun izan dut beti, hau da, euskaldunen sorlekua zein den ez dakigula. Ordutik hona, baina, teori desberdinak entzun ditut eta bakoitza arrazoi sakonez lagunduta.

Alde batetik, gure asabak Kaukaso ingurutik etorriak zirela defendatzen dute hainbat adituk. Ingurune hartan zer-nolako hotza egiten duen kontuan izanez gero, ez nukeen ezta irudikatu nahi nola moldatu beharko ziren gauetan lo egiteko garaian.

Bestetik, Afrikako iparraldean kokatuak izan dira gure arbasoen urratsak. Horko giroa askozaz atseginagoa iruditu arren, euskaldun bat gamelu gainean nola demontre moldatuko zen irudikatzea nahiko zaila suertatzen zait. Astoekin izan dugun harremana askozaz ezagunagoa denez, fideltasun ezaren kutsua antzematen nion teoria honi.

Hausnarketa sakon hauetan murgildurik nenbilela, liburu mardul bat heldu zen nere eskuetara eta, bertan, beste teori berri batekin topo egin nuen. Filologo eta antropologo gisa hutsaren hurrengoa naizenez, bertan agertzen diren datuak zenbateraino zuzenak diren ziurtatzen ez naiz ausartzen, baina interesgarriak direla ezin uka.

Rivero-Meneses Valladoliden jaiotako filologoa da teori honen egilea. Nahiz eta bertan agertzen dena gaur arte oihartzun handirik ez izan, aditu honek hogeita hiru urte daramatza ikuspuntu berri hau defendatuz. Denbora tarte horretan, hainbat datu topa ditu, non euskaldunak gaur bertan dauden tokian betidanik egon direla baieztatzen den. Liburua irakurtzen nindoan heinean, bertan agertzen ziren iruzkinak erabat logikoak iruditzen zitzaizkidan. Hala eta guztiz ere, behin eta berriro irakurri behar izan ditut, bapatean, betidanik bertsio ofizial gisa ezagutu dudana hankaz gora jartzen baitzuen.

Gaztelau honen hausnarketak zuzenak balira, hainbat alditan aldarrikatu duguna guztiz zuzena dela agerian geratuko litzateke. Hau da, euskara dela gaur egunean Europa eremuan birizik jarraitzen duen hizkuntza zaharrenetariko bat. Eta ez hau bakarrik, gaztelania euskaratik sortutako hizkuntza izan daitekeela, batzuentzat horrelakorik onartzea guztiz ezinezkoa bada ere.

Egun hauetan Errege Borboiarrak Afrika aldean zer motatako antzerkia egiten ari diren kontuan izanez gero, arestian aipatu dudana normaltasun osoz onartuko luketela nahiko zaila delakoan nago.

Ikuspegi normal batetik begiratuta, frogek adierazten dutena onartzea logikoena izango litzateke. Baina guztiok ondo dakigu alor honetan logikak zer ikusi gutxi duela, aditu ofizialek Nafarroako erreinua Gaztelako erreinuarekin bere borondatez batu zela defenditzen baitute.

Honela ulertuko nukeen Rivero-Menesesek defenditzen duenari buruz ezer ez entzutearena, gaurko komunikabideek zeregin zehatz bat dutelako. Hau da, herriaren alienazioa lortu ahal izateko dituzten baliabide guztien erabilpen zorrotza.

Dena den, Madrilgo gordeak honela jokatzea guztiz logikoa dela iruditzen zait, euren hegemonia jokoan egon daitekeelako. Aldiz, Euskal Herriko agintariak ezikusiarena egitearena, ez zait hain normala iruditzen. Aurkikuntza honek duen eduki politikotik haratago, Atapuercan topatu dutenarekin parekatuta egon daitekeela uste baitut. Ez bakarrik euskaldunen sorlekua non kokatua dagoen zehazten delako, homo-sapiens modernoen sorlekua bertan kokatzen delako ere.

Hau benetan honela dela frogatzeko asmoz, Kantauri eremuan aurkitutako hainbat aztarna mahai gainean ipintzen ditu eta beste hizkuntzen hausnarketa filologiko sakona ere egiten du. Datu horiek guztiak hemen bertan azaltzea amaigabea izango zenez, aditu honek esaten duenari buruz begirada bat luzatzea animatuko zintuzketet. Interneten bere izena idatzi bezain laster, dituen teoriak bertan agertuko direlakoan nago.

Hori bai, hainbat ikertzailekin gertatu den antzera, honek esaten duena oihartzun zabala edukitzen ari da anglosajoien arten. Herrialde horietan kaleratzen diren aldizkari zientifiko ospetsuetan, Rivero-Mesesek defendatzen dituen teoriak lehendabiziko orrialdeetan agertu baitira. Aldi berean, hango ikertzaile batzuek bat egiten dute teoria horiekin eta datozen urteetan zenbateraino indartuko diren ikusteke dago.

Egiaren balioaz hainbeste hitz egiten den garai hauetan, norabide honetara hausnarketak bideratzea ondo legokeelakoan nago. Hala eta guztiz ere, gaztelau honek lan egiten duen baldintzetan aritzea txapela kentzeko modukoa dela uste dut, “ero” txartela baitarama bizkarrean itsatsita.

Copernicoz gauza bera esaten zuten eta guztiok dakigu nola bukatu zituen bere egunak. Ikertzaile honekin gauza bera ez gertatzea espero dut, nahiz eta ofizialtasunaren txilindroia indartsua izan.

Ez dakit egun batean euskarari dagokion miresmena nagusituko ote den, hainbatek astokiloen hizkera izaten darraiela uste baitute. Zorionez, esparru desberdinetan sekulako urratsak ematen ari dira eta inork ez dit ukatuko hizkuntza zahar honek duen xarma berezia.

 

Kepa Solana 2007/11/20

Euskara da euskal presoei geratzen zaigun errepublika independiente bakarra

Ez pentsa Amazonaseko bazter galdu batean nagoela... baina ostatu hauetan gaudenontzat interneteko web-orria eta bloga bezalako kontzeptuak erabat arrotzak egiten zaizkigu. Beraz, ez daukat oso garbi nola garatu behar dudan gaurko idazki hau, bat-batean internauta bilakatzearena zertxobait arraroa egiten zaidalako. Badakit ez duela zer ikusirik astronauta izatearekin, baina une honetan sentsazio berberak eragiten dizkidate bi kontzeptu horiek.

Ene bada! irakurtzen nuenean, arreta osoz begiratzen nituen orri horietan agertzen ziren berri guztiak, Legazpin gertatzen ziren hainbat gauzez jabetzen bainintzen. Horren ondorioz, Ene bada!-ren desagerpena sekulako ezustea izan zen niretzat.

Zorionez, “ero” batzuk elkartu zineten berriro eta, egun batean, Artajorran-en lehendabiziko alea heldu zen nire eskuetara. Logikoa denez, bai diseinuan, bai edukian nolabaiteko aldaketak nabaritu nituen. Dena den, garai bateko ohiturak berreskuratu eta, berriro, herriko berriak neureganatu nituen.

Umea koskortzen den bezala, Artajorrangileak bide berriak jorratu behar zenituztela erabaki zenuten eta ZingiZango egitasmoa errealitate bihurtu duzue. Abagune berrietara egokitzearena guztiz logikoa da, nahiz eta neure kasuan “kaltetua” suertatu, ezin baitut komunikazio gune berri honetan murgildu.

Arestian aipatu dudana ez nuke nahiko inork txartzat hartzea, errealitate baten isla baizik. Horregatik, legazpiar orori bertan parte hartzera animatzea gustatuko litzaidake, euskararen biziraupena gure eskuetan dagoelako.

Che-ren irudia guztiz internazionala bihurtu zen bezala, gure herrian Gabinoren eta Gariren fotokonposaketarekin antzeko zerbait gertatu zelakoan nago. Bertan agertzen zena erabat zuzena dela uste dut “euskara baita euskaldun egiten gaituena”. Norberak euskararekin harreman mota desberdinak izan dituela esan genezake, aro guztiak ez baitira berdinak. Hori bai, hizkuntza bakoitzak bere unibertsoa du eta, arlo honetan, belaunaldi desberdineko euskaldunak antzeko bizipenak izan ditugula iruditzen zait.


Nire kide batek idatzi zuen bezala, euskara da euskal presoei geratzen zaigun errepublika independiente bakarra. Ingurune arrotz honetan, euskara erabiltzen dugun aldi bakoitzean, gure arbasoek zapaltzaile guztien aurrean euskararekiko erakutsi zuten atxikimendu bera gauzatzen ari garelakoan nago. Honen ondorioz, euskaraz idatzitako liburua irakurtzen dudanean, nire kideekin, lagunekin edo familiarekin euskaraz hitz egiten dudanean eta lau lerro hauek idazten ari naizen une honetan, espetxetik at nagoela sentsazioa dut. Hau da, gune independiente honetan murgilduta nabil, nahiz eta batzuk horrelakorik izatea ezinezkoa dela uste.

Hor kanpoan antzeko zerbait gertatzen dela iruditzen zait. ETB-1, Euskadi Irratia, Berria, Argia, Elhuyar, Ikastolak, Hitza eta hainbeste argitalpen euskaldun egon arren, guztiok dakigu gure hizkuntzaren etorkizuna ez dagoela erabat ziurtatuta. Beraz, euskaraz bizi ahal izateko burutzen dituzuen eginahal guztiak, gune independiente honen aldarrikapenean bihurtzen direla uste dut.

Ez nuke politikaren bide nahasietan erori nahiko, baina espainolek eta frantsesek gure hizkuntzarekiko daramaten jarrera ezezkorra guztiz nabarmena da. Bai irakaskuntza alorrean, bai euren telebistetan erabiltzen dituzten edukietan erdara da “benetako” hizkuntza bakarra.

Baina, tira, euskaldun guztion artean gure hizkuntzak behar duen bultzada emateko gai izango garela sinetsi nahi dut. Hainbat jende sekulako lana egiten ari baita benetan horrela izan dadin, eta guztion esku dago norabide horretan zerbait egitearena.

Beraz, neure animo guztiak ZingiZango-ko partaide guztientzat, egiten ari zareten lana guztiz funtsezkoa baita. Bere burua euskaldun jotzen duen orori, ahal den guztietan errepublika independiente honetan murgil dezala animatuko nioke.

Ez dakit internauta edo astronauta izatera heldu naizen, baina euskararen unibertsoko izarrak distiratsuagoak daudela iruditu zait. Azken finean, euskaldunen eskuan baitago hau benetan honela izan dadin.

Kepa Solana 2007/11/09