Baementzan...
Toponimia
1608ko mugarriketa
Hemen emango ditudan datuak Kultur Etxean egon dira ikusgai IV. Mendeurrenaren erakusketan. Bertan, 1608an Legazpiko mugarriketa egin zeneko izenak aipatzen dira lehenik, eta izen horien gaineko komentarioak jarraian.
1. Jaunarena
Leku hau Jandoain izenez ezagutzen da Legazpin eta Jaondo izenez Oñatin, bigarrena zabaldu bada ere. 1608. urteko mugarriketan azaltzen den izena, jatorrizko izenetik hurbilago dago, eta bere esanahia hau dela ematen du: “Jauna hil den lekua” (*Jauna-hera-dena). Mugarria Jandoaingo etxoletik gertu dago.
2. Nardegui
3. Nardegui
Gaur egun, artzain eta baserritarrek Nardegi erabiltzen jarraitzen badute ere (Nardegiko arantzea, Nardegiko baratzea...) kaletarrek inguru guztiari Katabera deitzen diote, oker. Harri askea ugari denez, hortik bere izena. Inguru honetan XX. mendearen hasieran meatzeak zeuden. Antzina ere izango ziren eta hortik inguruan gorde den beste izen bat: Urrebeatza, urrezko meatzeak, alegia.
4. Viozcorna
Gaur egun Kataberari jende askok Biozkorna esaten badio ere, izena berez goiko puntari dagokio, mugarriketa guztietan horrela adierazten baita.
5. Catavera
Katabera, berez, putzua dagoen zabala da. Meazuloz beteta dago. Artzain batzuk Biazkonako zabala izenez ere ezagutzen dute.
6. Arzamburu
Artzanburu gailurra izendatzeko erabiltzen da gaur egun ere. Litekeena da izen horren jatorrian “hartza” egotea. Handik ez oso urruti “Arzaeraena” parajea dago, dokumentuetan itzulita ere azaltzen dena: “Donde murió el oso”.
7. Iguate
“Iguate”, berez, Andraizko pasabideari esaten zitzaion. Horregatik “ate” bukaera, pasabidea adierazteko. Goiko gailurrak izenik ez zuenez, “Iguate” (<Igoate) erabiltzen zuten, gaur egun Andraitz izenez ezagutzen dena. Andraitz, berez, beherago dagoen harkaitz baten izena da.
Legazpiarrek, segurarrengandik askatasuna lortu ondoren, udalerria mugarritzen hasi ziren eta litekeena da Igoateko harkaitzaren puntan burnizko gurutze bat jarri izana. Hori dela eta, geroztik Burnikurutz izenez ezagutu izan dute.
8. Izozteguieta
Igoatetik edo Andraizko pasotik Intzuntzaeta bitarteko hegiari Itzurtegieta esaten zaio gaur egun.
9. Inzunzaeta
Oazurtzatik gora dagoen zabalgune bat da, Zegama eta Legazpiko udalerrien mugan. Bertatik Itzubiarako bidea hartzen da. Intzuntzata esaten zaio gaur egun.
10. Oazurza
Legazpi eta Zegama arteko lepoa da Oazurtze. Horregatik, antzinako agirietan irakur daitekeen “urte” (Oaçurtia) bukaera, mendatea adierazko. Bertatik Zegamarako eta Arabarako bide zaharra igarotzen dira.
11. Urracoso Aitzguibel
12. Urracoso Aitzgoena
Izen horiek idatzi zituen idazkariak ez zekien, bistan denez, zer idazten ari zen. Pertsona izenak daude bi leku-izenen atzean: “Urraco Saiz” eta, seguruenik, pertsona horrenak izandako sailetan ari ziren Legazpiko mugak ezartzen, bata behean (horregatik “Urraco Saiz guibel”), bestea goian (“Urraco Saiz goena”).
Gaur egun Ormakio eta Elorditxiki esaten zaio inguru horri.
13. Ormaquiondo o Mugarriluze
Litekeena da mugarri hau Ormakio eta Oakorosoren arteko hegi batean egotea, Belategi hegiaren goenean. Zutarri edo “menhir” bat egon zitekeen bertan, “Mugarriluze” izenak iradokitzen duen bezala.
14. Velategui, Ormaquiondo o Oagorosoa
Hiru izen horiek gaur egunera arte gorde dira legazpiarren ahotan. Itxuraz, 14. mugarria gaur egun Oosoko zelaia esaten zaion lekuan zegoen. Litekeena gaur bertan han ikus daitekeen bera izatea.
15. Arrano Aiza
Legazpiko udalerria 1430. urtean honaino iristen zen mendebaldetik, eta Jandoaineraino ekialdetik. Hortik gorakoa, Igoate eta Artzanburura bitartekoa, “Aiztondo eta Goiburuen lurrak” ziren.
16. Oazavaleta
Ez da gaur egun Oazabaleta izena erabiltzen inguru hau izendatzeko. Horren ordez, Irumugarrieta erabiltzen da, leku honetan hiru udalerriek bat egiten dutelako: Legazpik, Zerainek eta Zegamak. Hiru harri ditu, halaber, bertako mugarriak, jarleku itxurarekin. Goiko harrian ipurdia jarriz gero, eta beheko bi harrietan hankak, aldi berean hiru herrietan egon daitekeela esaten dute ingurukoek.
Oa izena, dena den, honako izenetan gorde da: Oosoko zelaia (Oakorosoko zelaia), Oomendi (Oamendi), Oazurtze...
17. Oamendi
18. Oamendi
Oamendi ezaguna izan da Legazpin eta inguruetako herrietan bertan dagoen harri bikainarengatik. Hainbat eliza eta eraikin bertako harria erabiliz egin dira.
19. Elustizain
1608. urtean “Elustizain” izenez ezagutzen bazuten ere, agiri zaharragoetan “Alustizain” azaltzen da. Litekeena da, horrela, Alustiza deiturako herritar baten sailak izatea.
Zabalgune horretan zeraindarren hiru etxola ezagutu dira azken aldian, egun erorita daude.
20. Eluztizaingaiña
“Eluztizain” zabalari esaten zitzaion, eta handik gora dagoen gainari, berriz, “Eluztizaingaiña”. Gaur egun ere, halatsu, Eluskitzain (legazpiarrek) eta Elurtzain (zeraindarrek) zabalari. Gainari Eluskitzaingo gaina eta Elurtzaingo gaina.
21. Berniz-Aldapea o Larrosorain
Gaur egun bitxia bada ere, Legazpi eta Zerain udalerrien arteko muga ez zihoan gailurrez gailur, Larrosaingo hegitik, Zerain aldeko hegaletik baizik. Litekeena da horren arrazoia bertan zegoen “berniza” (galena) izatea, eta legazpiarrek berniz aberastasun hori eurentzat nahi izatea.
22. Descargaondo
Ugariak dira gure mendietan “deskarga” eta “karga” osagaia duten leku-izenak. Ez dakigu ondo zein den haien jatorria eta zer zen bertan kargatzen edo deskargatzen zena: egurra, ikatza edo mea, edo beste zerbait.
23. Saldivieta
24. Saldivieta
Legazpiarrek Saloita goiko gaina eta zabalari esaten badiote ere, zeraindarrek beheko zuloari esaten diote, Aizpee aldera dagoen sakonari. Zumarragako udalerrian ere bada, hemen bezala, Salibieta izeneko lekua, Argisao inguruan. Legazpiko sakonean eroritako bi egileor daude, Zeraingo Mantxolaaundiko baserriarenak.
25. Otaño Gorosoa
Mugarria dagoen inguruari Otañu eta Kostimuño esaten diote Zerain aldetik, bietara. Legazpin, berriz, Saloita. Itxuraz, izen zaharra Zerainen gorde da. Inguru horretan Agirrezabal eta Makatzagaetxeberriko egileorrak daude.
26. Oraiturri
Badirudi, Oraiturri Otañuarteren goiko aldean zegoen iturri bat zela, gaur egun galdua edo, gutxienez, ezezaguna. Bernizaldapan gertatzen den bezala, Legazpi eta Zerain arteko muga ez doa goiko hegitik, mendi hegaletik baizik.
27. Anzolarasgoiti
Bada izen bat Zerain aldean gorde dena oraintsu arte, Antxuxarreta (legazpiarrek Saloita esaten dutena), eta, itxuraz, agiri zaharretan behin eta berriz aipatzen den “Ansuolaras” izenarekin badu zerikusirik. Antso Erdi Aroko pertsona izena da eta, dudarik gabe, hortik eratorritako leku-izena dugu.
28. Zavarain
Zabal honetan hiru herrien muga dago: Zerain, Mutiloa eta Legazpi. Bertan mendietako burdinolen aztarna ugari daude, zepak edo eskoriak. 1335. urteko dokumentu batean, jadanik, aipatzen da burdingintzarekin lotuta.
29. Loidi
Leku honetan ere hiru udalerrik bat egiten dute: Mutiloak, Gabiriak eta Legazpik. Izenak adierazten duen bezala istinga eta lokaztia izango zen lehen. Gaur egun inguru horretan eraikinak daude: Aztiriko benta, eliza, erretegia...
30. Lizardi
Mugarri hau Lizardi etxaldearen goiko aldean zegoen, gaur egun Mendibil esaten zaion mendiaren hegal batean.
31. Aizalecu
Orain dela 400 urte ere Aizaleku esaten zitzaion mendiari, hemen ikusten dugunez. Dana dela, agiri zaharragoetan “Aizaracue” azaltzen zaigu.
32. Atagoitia
Atagoitia izena “Ategutia”-tik dator eta bere esanahia hauxe da: mendate txikia. Baserria XIX. mendean eraiki zen eta, hortaz, berria dela esan daiteke.
33. Arrazateta
“Arrazateta” izenean leku garaietako hainbat izenetan bezala, “ate” osagaia daukagu, mendatea adierazten duena. Izan ere, Atagoitin bezala, Arrasetan ere mendatea dago, Gabirira joateko mendatea.
34. Irazola
Irazola baserria XVIII. mendearen amaieran eraiki zuen Agirre-Imaz deiturako batek, izen bereko kortan. Lehendik ganadu etxolaren bat izango zen.
35. Trapalacoa
Seguruenik, gaur egun Trapalata izenez ezagutzen den mendia da “Trapalacoa”. Izen bitxia, baina ez da oso arraroa Legazpin. Izan ere, hortxe dugu “trapalarea” izena, eraikin bati gailurra ematen zaionean egiten den ospakizuna. Dena dela, “Trapala” hori pertsona baten gaitzizena ez ote den ematen du.
36. Zumalacardi
Gaur egun Arizbakar esaten zaion lepotik beherako gunea dela dirudi, hain zuzen Zumarragak, Gabiriak eta Legazpik bat egiten duten gunea. Leku horretako herri mugarria hiru puntakoa da, horregatik.
37. Arraiz Errequea o de Machain
Arraitzerrekak edo Matxainerrekak Errekaaundi edo Urolarekin bat egiten duen lekuan mugarri handi bat dago. Hortik gertu, antzina, Matxaingo burdinola zegoen. Oraindik ere, indusketak eginez gero, burdinolaren aztarnak aterako lirateke.
38. Camimpe o Garavillo
Kaminpe baserria Urretxun zegoen Deskargaerrekak eta Errekaaundik edo Urolak bat egiten zuen lekuan. Izenburuan azaltzen den bigarren izena, “Garavillo” (beste dokumentu batzuetan Garçivillo) kokagune horrekin zerikusia zuela dirudi. Izan ere, “billo” osagaiak bilgunea adierazten du, eta leku honetan bi erreka biltzen dira. Beste aldetik, esan behar, handik hurbil Galdots edo Mendiaraseko gurutzea dagoela. Legazpin gordetzen den bakarra. Garai batean udalerriko mugetan gehiago zeuden: Inuntziagako gurutzea, Zatuikurutza, Atagoitiko gurutzea...
39. Estolaza [Ostolaza]
Deskarga barrenari Ostolako sakona esaten diote bertako baserritarrek. Gaur egun, bertan, Sasietako edukiontziak eta “Altuna y Uria” daude. Bada, oraintsu arte, azken enpresa honen barruan herri-mugarria ikus zitekeen.
40. Descarga
Deskargako mendatean burnizko hiru gurutze txiki daude harrizko oinarri baten gainean, hemen ere, hiru herriren muga dagoelako: Urretxu, Antzuola eta Legazpi.
41. Curuzeagaña
Inguru honetan ere gurutzea izango zen garai batean, baina ezin jakin udalerria bereizteko gurutzea ote zen, Galdotsen, Inuntziagan, Atagoitin eta Zatuin bezala. Ez zen erregebiderik igarotzen, guk dakigula, baina herri-bideak bai, Oñati eta Urretxu batzen zituena, esate baterako.
42. Sin nombre
Legazpi eta Antzuolaren arteko muga ez doa Arriaundietako tontorretik, Antzuola aldeko hegaletik baizik. Arriaundietan, izenak adierazten duenez, historiaurreko hilobiren bat egongo zen, handik ez oso urrun, dauden tankerakoa.
43. Ardanvideta
Izen bitxia da, dudarik gabe. Gaur egun, Ardanpilleta esaten diote. Esan liteke ardoa garraiatzen zen bidearekin zerikusia duela. Bertatik Oñatitik Urretxura zihoan bide garrantzisua igarotzen zen: haren izena ote?
44. Pagavacoizaga
Izen hori, dudarik gabe, Lakiolako kanteraldea parajeari dagokio, Ardanbidetatik Jentiletxe aldera dagoen gaintxoari, eta bertan historiaurreko hilobia dago, Arrolamendi III. Handik gertu dagoen paraje bati Bekaiku esaten diote eta litekeena da “Pagavacoizaga” izenarekin zerikusia izatea.
45. Armuñueta
Armuñoak tumuloak, historiaurreko aztarnategiak, dira Euskal Herriko leku askotan eta leku honetan hori frogatzen da. Legazpiarrek Jentiletxe ere deitzen diote.
46. Arriluzea
Leku izen hau ere adierazgarria da, zutarri edo menhir baten adierazpena izan daitekeelako. Gaur egun ez da harri luzerik ikusten bertan.
47. Arrano Aiza o Arrandaiza
Hiru udalerrien mugan dago mugarri hau, Oñati, Antzuola eta Legazpi. Badirudi antzina *Arrandaitz esaten zitzaiola eta ez Arranaitz. Kontuan izan behar dugu, gainera, Antzuola aldeko etxalde baten izena, handik ez oso urrun gainera, Arrandari dela. Leku basatia da eta arranoentzat ere ez da inguru txarra.
48. Gorostiaga
Gaur egun gurutzea dagoen gaina ez da, berez, “Gorostiaga” edo Korostiaga. “Gorostiaga” beherago dago, Arrolamendi aldera. Hala, Jentiletxe tumulua dagoen gainari, Korostiazabalgo punta deitzen diote bertan sailak dituzten legazpiarrek.
49. Ichumendico Zavala o Arrupe
Leku-izen horiekin Korostiagako gaina adierazi nahi dela dirudi, egun gurutzea dagoen lekua. Gainak zabaltxo bat dauka eta, horregatik, seguruenik “Ichumendico Zavala”. Bertan, gainera, mugarria ikus daiteke.
50. Zatui Gaiña
Mugarriketa honetan ez da gurutzerik aipatzen, Zatuikurutza alegia, eta litekeena artean ez egotea.
51. Armora
Deskargatik Udanara bitarteko mendikatean antzinako aztarnategi ugari dago. Arrolamendiko eta Jentiletxeko tumulu ezagunez gain, lau gehiago ere badira, gutxienez, zerrenda ofizialetan azaltzen ez badira ere: Arriaundieta, Arriluze, Arrietagain eta Armora parajeetan, hain zuzen. Guztietan “harri” osagaia dute eta ez da kasualitatea. Armorako zabaletan ere hortxe daude harri pilak, antzina hilobia edo “cista” estaltzen zutenak. Inguruko artzain eta baserritarrak paretak eta etxolak egiteko berrerabili izan ditu denboran zehar.
52. Inunciaga
Antzina Udana mendatea “Inunciaga” izenez ezagunagoa zen. Izan ere, mendatetik Korostiaga aldeko parajeari horrela esan ohi zitzaion. Gaur egun ere Illuntziasakona esaten zaio Udana aldeko paraje bati. Mendatetik Arratola bitartekoa, berriz, Udana da. Udanakorta ere hortxe dago.
53. Arratola Gaiña
Arratolako gainak badu beste izen bat gaur egun galdu dena: “Armora”. Izen horrek harri pila adierazi nahi du eta bertan dagoen aztarnategiari zor dio. Arratola, berez, beherago dagoen zabalaren izena da.
54. Arratola de Avajo
Arratola zabalean elkartzen dira Barrendiolatik eta Udanatik datozen bideak. Saroia edo korta zen antzina eta oraindik ere erdiko hautsarria gordetzen da.
55. Jandorain de Avajo o Jaunarena de Avajo
Antzinako Legazpiko mugak honaino iristen ziren. Hemendik gorakoa “Aiztondo eta Goiburuen lurrak” ziren.