Hemen zaude: Hasiera Blogak Baementzan... Euskara

Baementzan...

Euskara

Aizaleku, Gabiriarekin lotzen gaituen mendia

“Haize lekue data, garbi dago mendin izena nundik datorren”, pentsatuko du legazpiar eta goierritar batek baino gehiagok, burua gehiegi nekatu gabe. Baina ez da hain sinplea.

Legazpi eta Gabiria artean dagoen mendiaren izena XV. mendetik hona sarri-sarri aipatzen da agirietan. Izan ere, mendi horretan baso sail handiak daude eta diru-iturri dira eta izan dira mendeetan herritarrentzat. Gainera, bi udalerrien arteko mugarriek mendia erdibitzen dute aspalditik.

Aizalekuko txaradia


Bada, agirietan azaltzen den izen zaharra ez da Aizeleku, askoren ustekaberako, AIZARAKUE baizik. Hona hemen bi aipamen:

  • 1483: "Syerra de Ayçaracue";"Elçerro de Ayçaracue"
  • 1608: “Mojón que llaman de Aizaraque que responde con el de Ategutia qu así mismo es de piedra que está junto a una oyada carbonera"

Badirudi, ordea, XVIII. mendetik aurrera AIZALEKU izena orokortu zela. Hori frogatzen dute, behintzat,hainbat agirik:

  • 1777: "El monte de hacia Aizalecu"
  • 1826: Aizalecu
  • 1877: "Otro jaral llamado Aisalecu"

Eta gaur egun ere adinekoen ahotik Aizaleku entzungo dugu, Legazpin behintzat.

Horregatik, min ematen dit Aizeleku entzutea eta, are gehiago, irakurtzea. Beste kontu bat da izenaren jatorria zein den asmatzea...

Jose Luis Ugarte 2007/12/19

Andraitz, Aizkorriko haitz emea

Mendizaleen artean dagoen uste oker bat zuzentzera nator lerro hauekin, Andraitz izena dela eta. Andraitz ez da, askok uste duten bezala, Legazpi udalerriko mutur bat, Partzuergo Orokorra, Zegama eta Legazpiren artean muga egiten duen tontorra. Ez dago handik urruti, baina ez da hura

Andraitz beherago dago, iturritik behera. Harkaitz handi bakar bati esan izan zaio eta esaten diote inguruan ibilitako artzaiek. 1706. urteko hurrengo pasartean ere harkaitz hori izendatzeko erabiltzen da:

“Yten seguido desde la dicha Cruz de fierro, a la bajada del paraje de Yzosteguieta, junto a la fuente de Gaztanvideta o mandavideta se halla un mojón de piedra arenisca; con su cruz y testigo en forma; sobre la peña llamada Andra Aiza"

Ezin uka izen polita ez duenik. Antzinako garaiak datozkigu gogora, izadia errespetatu eta gurtzen genuen garaiak. Zeren, pentsa, harkaitz hura, izendatu zuen giza talde harentzat, ez baitzen edonolako harkaitza, aitzitik, errespetua eta miresmena sorrarazten zion harkaitza zen. Hortik: Andra Haitz, gizaki bat bailitzan, eta andrazkoa.

Ez dugu jaso, tamalez, Andre Haitzaren inguruko ipuin eta kontu zaharrik (nik behin batean besterik ez nion entzun Telleriarteko agure bati Andraizko Señorea esaten), eta seguru nago izan direla.

Irakurleak egingo duen hurrengo galdera zein den badakit: Andraitz beheko harkaitza baldin bada, nola deitzen zaio goiko puntari? Bada, jakin ezazu, goiko puntari, Burnikuruzko haitza deitzen zaiola (agiri zaharretan Burrunkurutze), burnizko gurutzea egon zelako urteetan eta urteetan, 36ko gerratean kendu zuten arte. Hona hemen nola azaltzen den  1614. urteko agiri batean:

"Mojon de Nardaeguiburu que está derecho con los de Jandurain prosigue la mojonera con los limites de la provincia de Alava el cerro y peñas adelante por Biozcorna y en el dicho puesto de Biozcorna está un mojon grande de piedra alto y va para la Cruz de fierro"

Andraizko pasabideari Igoate deitu izan zaio orain dela gutxi arte eta, horregatik, Burnikurzko haitzari Igoateko haitza ere deitu izan zaio.

Jose Luis Ugarte 2007/06/11