Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Baementzan... / Elbarrenako zurrategia

Elbarrenako zurrategia

2007/11/02 21:36
Zurrantegi izena oso ezaguna da legazpiarrontzat. Urretxuko bidean, Patriziorenak izandako lantegi luzeak igarota, errepidea zuzentzen den lekuari esaten diogu. Ez dut uste, hala ere, izen hori bertan dagoen etxearengatik ezaguna denik, baizik eta izen bereko errebuelta gaiztoarengatik, tamalez, ez baitira gutxi izan han bizia utzi dutenak.
Oraingoan, ordea, ez nator Zurrantegiko istripuez hitz egitera. Kontu arinagoez arituko naiz. Izan ere, jakin dudanez, Zurrantegi etxea laster eraitsiko omen dute eta, horregatik, haren historia (dakidan apurra) azaltzeko momentu egokia dela uste dut, hondeamakinak betirako lurreratu baino lehen.

Bada, Zurrantegi etxearen jatorria, izenak berak ondo adierazten duen bezala, zurrategia zen, hots, larrua ontzeko lantegia. Eta ez da eraikin zahar-zaharra. Itxuraz, Korosterratzu baserriko jabeek XIX. mendean etxeko sailetan eraiki zuten, Lakiolaerrekak eta Errekaaundik bat egiten zuten lekuan. Lantegiak ur asko behar zuenez, ezin leku aproposagorik.

Garai hartan, larrua ontzeko teknika berriak garatu ziren gure herrialdean eta, seguruenik, horrek animatuta, Zabalotarrak, Korosterratzuko jabeek alegia, zurrategia egin zuten. Diotenez, ondasun askoren jabe ziren orduan: Ezkibeleta, Egilleortxo, Ormazarreta, Sasiategi biak...

Hala ere, ez zuen lantegiak denbora luzean iraun, 1892. urtean Zabalotegi baserriko Jose Mari Aztiriak erosi egin baitzuen beste erabilpen batzuetarako.

1929. urtean bi pisu gehiago eman zizkioten zurrategiari, orain duen itxura emanez. Hasiera batean etxeko teilatua errepidetik metro erdi gorago besterik ez zegoela esaten dute.

Badakigu zurrategia izateko eraiki zutela, baina hortik aurrera ezer gutxi... lantegiari dagokionez. Korosterratzuko zaharrak ere joan ziren... Hori dela eta, eskertuko nuke bakarren batek datu gehiagorik eskainiko balitu.

Idatzia piska bat luzatze aldera, esango dizuet XIX. mendean beste bi zurrategi ere bazirela Legazpin: bat, kale zaharrean, orain Sustrai barazki denda dagoen inguru horretan eta bestea Urzelaikoa etxetik behera, Peineteria zegoen lekuan, gutxi gorabehera.

Kale zaharreko zurrategia Etxegorri izeneko eraikinean zegoen eta seguruenik lehengo erara onduko zuten larrua, teknika berririk gabe, alegia. 1857. urteko agiri batean Ignacio Mujika Garikano larrugilearen izena aipatzen da etxe horretan.

Beste zurrategia, berriz, “industrialdea” batean zegoen, teileria, peineteria, kartutxeria eta abar egon diren lekuan. 1844. urteko agiri batean aipatzen da: “Don Juan Martin de Lasa y Zabalo es dueño de la casa curtidería y sus tejavanas...”. Horregatik, ustiapena ere beste modu batekoa izango zela pentsa daiteke.

Zurrantegi

etiketak:
Anonimoak dio:
2007/11/07 14:28

Betidanik Zurrantegi musikarekin lotu dut han Ziper taldekideak Legazpiko rock and rollaren lehenengo urratsak ematen hasi zirelako. Agian beraien larruzko txupa beltzak ondoko etxean egin zituzten!!!!!!

Anonimoak dio:
2007/11/06 21:06

zurrantegi ezaguna? Sekula entzun gabe neon... ez ote naiz benetako legazpiarra??? ;-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira 10 + 4 ?
Erantzuna: