Hemen zaude: Hasiera Blogak Baementzan... Artxiboa 2007 Azaroa

Artxiboa Azaroa 2007

Aizturritzaga

Industrialdeak ugaritzen ari diren garai honetan izena jartzea oso garrantzitsua omen eta, Pioneko aldapa barrenean dagoen industria-gunea izen berriarekin bataiatu nahi dute, "Legazpiko industrialdea" orokorra alde batera utzirik. Bi proposamen daude momentu honetan hura ordezkatzeko: Aizturritzaga eta Masukariola, biak Legazpiko etxalde zaharren izenak.

Aizturritzaga1















Ez bata ez bestea ez zeuden oraingo industri gunea dagoen lekuan. Aizturritzaga, kale alderago eta gorago zegoen, Roman Etxeberriaren txaleta dagoen lekuan, gutxi gorabehera. Masukariola, berriz, beherago, Urretxu aldera. Urtatzaerrekak Errekaaundirekin bat egiten duen lekuan (Lanaren hiribideko semaforoetatik behera). Esan liteke Aizturritzaga industrialdetik gertuago zegoela.

Bi baserriak aspaldi eraitsi zituzten, XX. mendearen 20. edo 30. hamarkadan (ez dut datu hori zehazki ezagutzen). Masukariola baserria Patrizioren lantegiak irentsi zuen. Aizturritzaga, berriz, txaletak egiteko bota zen. Tamalez, ez kasu batean, izenik ere ez zen gorde.

Argazki zahar batean, Patrizioren txaletaren ondoan, artean zutik ikus daiteke Aizturritzaga. Eta kontuan hartu behar da Patrizioren txaleta 1924. urtean eraiki zutela.

Aizturritzaga2


















Bada, izenaren atzaikiarekin, Aizturritzaga baserriaz hitz egin nahiko nuke.  Oso zaharra zen. Pentsa,  1407. urtean jadanik bertako semea zen "Martin Lopes de Asturriçaga" aipatzen da agirietan. Hurrengo 600 urtetan ere, jakina, behin eta berriro aipatzen da:

1485: "La casa e caseria de Echevarria e Auntarriçaga [sic]"
1532: "...las heredades de azturriçaga..."
1609: "Martin de arainztegui por asturriçaga"
1649: Arizturriçaga
1720: "Dn. Domingo de Aguirre fundo un censo contra la Casa de Azturrizaga"
1787:  Azturrizaga
1808: "Caseria de Azturrizaga"
1920: Aizturritza

Aizturritzagak gertuen zituen baserriak Joandiaztegi eta Latxartegi ziren, goiko aldetik, eta Masukariola beheko aldetik. Baina esan liteke historikoki lotura handiagoa izango zuela goiko baserriekin. Izan ere, aintzina, plano zahar batean ikus daitekeenez, elizbidea goitik zuen (gaur egungo Santikutz kaletik) eta ez behetik. Hori dela eta, Egialdeko baserriekin (modu zabal batean harturik) hainbat lan eta kezketan bat egiten zuela esan liteke, eta ez Elbarrenakoekin.

Baserriaren izena dela eta, litekeena da zuhaitz mota baten izenetik etortzea: "haritz urritza", haritz mota bat izan zitekeen. Badira egitura horretako toponimo gehiago ere, urrutira joan gabe, esate baterako: Korosterratzu "gorosti erratza"-tik eratorri bide dena. Beste hipotesi bat da, jatorrian "austerratza" izena edukitzea, hots, kortak izendatzeko antzinako izena. 1433ko Legazpiko agiri batean izen hori aipatzen da: "E que los dichos seles e cada uno d'ellos sean medidos desde la foguera qu'es dicho "austerraça", en derredor, tanto quanto alcançare a las quatro partes".  Antzina, pentsatu behar dugu Legazpi haranean basoa zela nagusi, ez zela baserririk. Baina bazirela, noiztik ez dakigula, soilgune biribil batzuk, erdian mugarria zutenak: kortak edo "hausterratzak", ganadua ibiltzeko. Horietako bat izan zitekeen gure Aizturritzaga.
Jose Luis Ugarte 2007/11/14

Elbarrenako zurrategia

Zurrantegi izena oso ezaguna da legazpiarrontzat. Urretxuko bidean, Patriziorenak izandako lantegi luzeak igarota, errepidea zuzentzen den lekuari esaten diogu. Ez dut uste, hala ere, izen hori bertan dagoen etxearengatik ezaguna denik, baizik eta izen bereko errebuelta gaiztoarengatik, tamalez, ez baitira gutxi izan han bizia utzi dutenak.

Oraingoan, ordea, ez nator Zurrantegiko istripuez hitz egitera. Kontu arinagoez arituko naiz. Izan ere, jakin dudanez, Zurrantegi etxea laster eraitsiko omen dute eta, horregatik, haren historia (dakidan apurra) azaltzeko momentu egokia dela uste dut, hondeamakinak betirako lurreratu baino lehen.

Bada, Zurrantegi etxearen jatorria, izenak berak ondo adierazten duen bezala, zurrategia zen, hots, larrua ontzeko lantegia. Eta ez da eraikin zahar-zaharra. Itxuraz, Korosterratzu baserriko jabeek XIX. mendean etxeko sailetan eraiki zuten, Lakiolaerrekak eta Errekaaundik bat egiten zuten lekuan. Lantegiak ur asko behar zuenez, ezin leku aproposagorik.

Garai hartan, larrua ontzeko teknika berriak garatu ziren gure herrialdean eta, seguruenik, horrek animatuta, Zabalotarrak, Korosterratzuko jabeek alegia, zurrategia egin zuten. Diotenez, ondasun askoren jabe ziren orduan: Ezkibeleta, Egilleortxo, Ormazarreta, Sasiategi biak...

Hala ere, ez zuen lantegiak denbora luzean iraun, 1892. urtean Zabalotegi baserriko Jose Mari Aztiriak erosi egin baitzuen beste erabilpen batzuetarako.

1929. urtean bi pisu gehiago eman zizkioten zurrategiari, orain duen itxura emanez. Hasiera batean etxeko teilatua errepidetik metro erdi gorago besterik ez zegoela esaten dute.

Badakigu zurrategia izateko eraiki zutela, baina hortik aurrera ezer gutxi... lantegiari dagokionez. Korosterratzuko zaharrak ere joan ziren... Hori dela eta, eskertuko nuke bakarren batek datu gehiagorik eskainiko balitu.

Idatzia piska bat luzatze aldera, esango dizuet XIX. mendean beste bi zurrategi ere bazirela Legazpin: bat, kale zaharrean, orain Sustrai barazki denda dagoen inguru horretan eta bestea Urzelaikoa etxetik behera, Peineteria zegoen lekuan, gutxi gorabehera.

Kale zaharreko zurrategia Etxegorri izeneko eraikinean zegoen eta seguruenik lehengo erara onduko zuten larrua, teknika berririk gabe, alegia. 1857. urteko agiri batean Ignacio Mujika Garikano larrugilearen izena aipatzen da etxe horretan.

Beste zurrategia, berriz, “industrialdea” batean zegoen, teileria, peineteria, kartutxeria eta abar egon diren lekuan. 1844. urteko agiri batean aipatzen da: “Don Juan Martin de Lasa y Zabalo es dueño de la casa curtidería y sus tejavanas...”. Horregatik, ustiapena ere beste modu batekoa izango zela pentsa daiteke.

Zurrantegi

Jose Luis Ugarte 2007/11/02