Artxiboa Ekaina 2007
Andraitz, Aizkorriko haitz emea
Mendizaleen artean dagoen uste oker bat zuzentzera nator lerro hauekin, Andraitz izena dela eta. Andraitz ez da, askok uste duten bezala, Legazpi udalerriko mutur bat, Partzuergo Orokorra, Zegama eta Legazpiren artean muga egiten duen tontorra. Ez dago handik urruti, baina ez da hura
Andraitz beherago dago, iturritik behera. Harkaitz handi bakar bati esan izan zaio eta esaten diote inguruan ibilitako artzaiek. 1706. urteko hurrengo pasartean ere harkaitz hori izendatzeko erabiltzen da:
“Yten seguido desde la dicha Cruz de fierro, a la bajada del paraje de Yzosteguieta, junto a la fuente de Gaztanvideta o mandavideta se halla un mojón de piedra arenisca; con su cruz y testigo en forma; sobre la peña llamada Andra Aiza"
Ezin uka izen polita ez duenik. Antzinako garaiak datozkigu gogora, izadia errespetatu eta gurtzen genuen garaiak. Zeren, pentsa, harkaitz hura, izendatu zuen giza talde harentzat, ez baitzen edonolako harkaitza, aitzitik, errespetua eta miresmena sorrarazten zion harkaitza zen. Hortik: Andra Haitz, gizaki bat bailitzan, eta andrazkoa.
Ez dugu jaso, tamalez, Andre Haitzaren inguruko ipuin eta kontu zaharrik (nik behin batean besterik ez nion entzun Telleriarteko agure bati Andraizko Señorea esaten), eta seguru nago izan direla.
Irakurleak egingo duen hurrengo galdera zein den badakit: Andraitz beheko harkaitza baldin bada, nola deitzen zaio goiko puntari? Bada, jakin ezazu, goiko puntari, Burnikuruzko haitza deitzen zaiola (agiri zaharretan Burrunkurutze), burnizko gurutzea egon zelako urteetan eta urteetan, 36ko gerratean kendu zuten arte. Hona hemen nola azaltzen den 1614. urteko agiri batean:
"Mojon de Nardaeguiburu que está derecho con los de Jandurain prosigue la mojonera con los limites de la provincia de Alava el cerro y peñas adelante por Biozcorna y en el dicho puesto de Biozcorna está un mojon grande de piedra alto y va para la Cruz de fierro"
Andraizko pasabideari Igoate deitu izan zaio orain dela gutxi arte eta, horregatik, Burnikurzko haitzari Igoateko haitza ere deitu izan zaio.
Mendiaraseko gurutzea
Ez gaude gustura Galdots edo Mendiaraseko gurutzeak gaur egun duen kokagunearekin. Artelan eder hori oso leku txarrean zegoen lehen, ez dago dudarik, trafiko handia duen errepide baten ondoan, baina oraingoa ez da askoz hobea. Oinez bertaratu ezin daitekeen errotonda batean... Gainera, egunen batean, ibilgailuren batek, deskuidu batean, jo eta aurretik eramango du, dena txikituz.
Gure ustetan, oinezkoak lasai irits daitezkeen toki batean egon behar du, hobeto ikusi ahal izateko, ukitu ahal izateko... eta aukerak badaude, handik ez oso urruti, gainera. Horietako bat, Urretxutik Legazpira doan bidegorriaren ondoan, Etxetxo etxearen aldamenean, da. Ez da leku txarra, kontuan izanik, antzinako kokagunea (Kaminpe baserriko jabeek gordetzen duten agiri batean ikusten den bezala) handik gertu zegoela, Legazpiko udalerrian. Eta askoz lasaiagoa.
Ez dugu ahaztu behar, bestalde, Beasaindik Bergararako autobiaren lanak laster hasiko direla.
Horra, bada, gure kezka eta proposamena. Ea ezertarako balio duen.
JAKINGARRIAK
Legazpiko udalerriaren mugetan beste bi gurutze ere baziren antzina: Atagoitin bata eta Inuntziagan (Udanan) bestea. Hirurak, Mendiarasgoa, Atagoitikoa eta Udanakoa, errepidearen ondoan zeuden. Horrela diote dokumentuak:
Atagoitiko
gurutzearen aipamenak
1608: "Mojon que llaman de Ategoitia que es una cruz de madera grande que está entre los terminos y
Jurisdiccion que asimismo llega de la dicha villa de Legazpia aguas vertientes
a ella"
1650: "Paraje llamado Ategoiti donde se halla una cruz en medio del camino real que se dirige de las Villas de Ormaiztegui y Gaviria para la mencionada Villa de Legazpia"
1733: "Se leió una carta de la villa de Gabiria asignando ésta para el lunes primero para poner la cruz de Ategoiti..."
Udanako
gurutzearen aipamenak
1750: "Primeramente con condición de que
contigua a la Calzada
que antes está executada desde la Cruz de Ynunciaga para abajo haia de hacer
el rematante Catorze estados cúbicos ateniéndose así en la anchura como en lo
demás a la dha Calzada antes executada"
1777: "...bajando desde la Cruz de Ynunciaga para Recaeta..."
Haurrak oinez ikasteko
Mendiaraseko gurutzeari dagokionez, Elbarrenako Maria Muruak zioenez, gurutzearen
ondora eramaten ziren haurrak oinez ikas zezaten. Hiru ostiral jarraian hiru
buelta eman behar zitzaion gurutzeari oinarrian dauzkan hiru harmailetan.
Harmaila bakoitzean, buelta bat, kredo bat errezatzen zen bitartean.