Baementzan...
Jose Luis Ugarteren bloga
Santa-eskea = Inauteriak
Santa Ageda egunak eta Inauteriak jatorri berbera duten ospakizunak izango direla ematen du, antzina antzinatik datozen ospakizunak edo erritoak. Biak neguaren bukaera aldera ospatzen dira eta irudi du jai horiekin izadia lozorrotik atera nahi dela, esnarazi. Horregatik, nik esango nuke, egun horretan (Santa Ageda bezperaren gainean ari naiz), koplei edo bertsoei lagunduz, lurra kolpatzen dela makilekin, natura esnarazteko.
Negu bukaerako ospakizunak Kristautasuna zabaldu baino lehenagokoak dira, baina Eliza Katolikoak bereganatu egin zituen beste itxura bat emanez.
Ageda Sizilian jaiotako neska eder bat zen, orain dela 1800 urte. Siziliako gobernadoreak berarekin ezkondu nahi zuen, baina Agedak ez zuen maite eta eskakizunari uko egin zion. Gobernadoreak haserretuta Ageda atxilotu egin zuen eta torturatu, hil arte. Bularrak moztu zizkion gainera. Ageda gazteak bere gogoari tinko eutsi ziolako Eliza Katolikoak Santa bihurtu zuen eta otsailaren 5a izendatu zuen bera omentzeko eguna.

Kristautasuna Euskal Herrira zabaldu zenean, Santa Ageda eguna ere ospatzen hasi ginen. Baina negu bukaerako erritoak (inauteriak) aspalditik otsailaren hasieran izaten zirenez, azkenean inauteriak eta Santa-eskeak nahastu egin ziren. Hori da nere ustea.
Santa Ageda goiko irudian azaltzen den bezala irudikatzen da. Bandeja batean bi bularrak erakusten dituela.
Aizaleku, Gabiriarekin lotzen gaituen mendia
“Haize lekue data, garbi dago mendin izena nundik datorren”, pentsatuko du legazpiar eta goierritar batek baino gehiagok, burua gehiegi nekatu gabe. Baina ez da hain sinplea.
Legazpi eta Gabiria artean dagoen mendiaren izena XV. mendetik hona sarri-sarri aipatzen da agirietan. Izan ere, mendi horretan baso sail handiak daude eta diru-iturri dira eta izan dira mendeetan herritarrentzat. Gainera, bi udalerrien arteko mugarriek mendia erdibitzen dute aspalditik.
Bada, agirietan azaltzen den izen
zaharra ez da Aizeleku, askoren ustekaberako, AIZARAKUE baizik. Hona
hemen bi aipamen:
- 1483: "Syerra de Ayçaracue";"Elçerro de Ayçaracue"
- 1608: “Mojón que llaman de Aizaraque que responde con el de Ategutia qu así mismo es de piedra que está junto a una oyada carbonera"
Badirudi, ordea, XVIII. mendetik aurrera AIZALEKU izena orokortu zela. Hori frogatzen dute, behintzat,hainbat agirik:
- 1777: "El monte de hacia Aizalecu"
- 1826: Aizalecu
- 1877: "Otro jaral llamado Aisalecu"
Eta gaur egun ere adinekoen ahotik Aizaleku entzungo dugu, Legazpin behintzat.
Horregatik, min ematen dit Aizeleku entzutea eta, are gehiago, irakurtzea. Beste kontu bat da izenaren jatorria zein den asmatzea...
Aizturritzaga
Industrialdeak ugaritzen ari diren garai honetan izena jartzea oso garrantzitsua omen eta, Pioneko aldapa barrenean dagoen industria-gunea izen berriarekin bataiatu nahi dute, "Legazpiko industrialdea" orokorra alde batera utzirik. Bi proposamen daude momentu honetan hura ordezkatzeko: Aizturritzaga eta Masukariola, biak Legazpiko etxalde zaharren izenak.

Ez bata ez bestea ez zeuden oraingo industri gunea dagoen lekuan. Aizturritzaga, kale alderago eta gorago zegoen, Roman Etxeberriaren txaleta dagoen lekuan, gutxi gorabehera. Masukariola, berriz, beherago, Urretxu aldera. Urtatzaerrekak Errekaaundirekin bat egiten duen lekuan (Lanaren hiribideko semaforoetatik behera). Esan liteke Aizturritzaga industrialdetik gertuago zegoela.
Argazki zahar batean, Patrizioren txaletaren ondoan, artean zutik ikus daiteke Aizturritzaga. Eta kontuan hartu behar da Patrizioren txaleta 1924. urtean eraiki zutela.

Bada, izenaren atzaikiarekin, Aizturritzaga baserriaz hitz egin nahiko nuke. Oso zaharra zen. Pentsa, 1407. urtean jadanik bertako semea zen "Martin Lopes de Asturriçaga" aipatzen da agirietan. Hurrengo 600 urtetan ere, jakina, behin eta berriro aipatzen da:
1485: "La casa e caseria de Echevarria e Auntarriçaga [sic]"
1532: "...las heredades de azturriçaga..."
1609: "Martin de arainztegui por asturriçaga"
1649: Arizturriçaga
1720: "Dn. Domingo de Aguirre fundo un censo contra la Casa de Azturrizaga"
1787: Azturrizaga
1808: "Caseria de Azturrizaga"
1920: Aizturritza
Aizturritzagak gertuen zituen baserriak Joandiaztegi eta Latxartegi ziren, goiko aldetik, eta Masukariola beheko aldetik. Baina esan liteke historikoki lotura handiagoa izango zuela goiko baserriekin. Izan ere, aintzina, plano zahar batean ikus daitekeenez, elizbidea goitik zuen (gaur egungo Santikutz kaletik) eta ez behetik. Hori dela eta, Egialdeko baserriekin (modu zabal batean harturik) hainbat lan eta kezketan bat egiten zuela esan liteke, eta ez Elbarrenakoekin.
Baserriaren izena dela eta, litekeena da zuhaitz mota baten izenetik etortzea: "haritz urritza", haritz mota bat izan zitekeen. Badira egitura horretako toponimo gehiago ere, urrutira joan gabe, esate baterako: Korosterratzu "gorosti erratza"-tik eratorri bide dena. Beste hipotesi bat da, jatorrian "austerratza" izena edukitzea, hots, kortak izendatzeko antzinako izena. 1433ko Legazpiko agiri batean izen hori aipatzen da: "E que los dichos seles e cada uno d'ellos sean medidos desde la foguera qu'es dicho "austerraça", en derredor, tanto quanto alcançare a las quatro partes". Antzina, pentsatu behar dugu Legazpi haranean basoa zela nagusi, ez zela baserririk. Baina bazirela, noiztik ez dakigula, soilgune biribil batzuk, erdian mugarria zutenak: kortak edo "hausterratzak", ganadua ibiltzeko. Horietako bat izan zitekeen gure Aizturritzaga.
Elbarrenako zurrategia
Zurrantegi izena oso ezaguna da legazpiarrontzat. Urretxuko bidean, Patriziorenak izandako lantegi luzeak igarota, errepidea zuzentzen den lekuari esaten diogu. Ez dut uste, hala ere, izen hori bertan dagoen etxearengatik ezaguna denik, baizik eta izen bereko errebuelta gaiztoarengatik, tamalez, ez baitira gutxi izan han bizia utzi dutenak.
Bada, Zurrantegi etxearen jatorria, izenak berak ondo adierazten duen bezala, zurrategia zen, hots, larrua ontzeko lantegia. Eta ez da eraikin zahar-zaharra. Itxuraz, Korosterratzu baserriko jabeek XIX. mendean etxeko sailetan eraiki zuten, Lakiolaerrekak eta Errekaaundik bat egiten zuten lekuan. Lantegiak ur asko behar zuenez, ezin leku aproposagorik.
Garai hartan, larrua ontzeko teknika berriak garatu ziren gure herrialdean eta, seguruenik, horrek animatuta, Zabalotarrak, Korosterratzuko jabeek alegia, zurrategia egin zuten. Diotenez, ondasun askoren jabe ziren orduan: Ezkibeleta, Egilleortxo, Ormazarreta, Sasiategi biak...
Hala ere, ez zuen lantegiak denbora luzean iraun, 1892. urtean Zabalotegi baserriko Jose Mari Aztiriak erosi egin baitzuen beste erabilpen batzuetarako.
1929. urtean bi pisu gehiago eman zizkioten zurrategiari, orain duen itxura emanez. Hasiera batean etxeko teilatua errepidetik metro erdi gorago besterik ez zegoela esaten dute.
Badakigu zurrategia izateko eraiki zutela, baina hortik aurrera ezer gutxi... lantegiari dagokionez. Korosterratzuko zaharrak ere joan ziren... Hori dela eta, eskertuko nuke bakarren batek datu gehiagorik eskainiko balitu.
Idatzia piska bat luzatze aldera, esango dizuet XIX. mendean beste bi zurrategi ere bazirela Legazpin: bat, kale zaharrean, orain Sustrai barazki denda dagoen inguru horretan eta bestea Urzelaikoa etxetik behera, Peineteria zegoen lekuan, gutxi gorabehera.
Kale zaharreko zurrategia Etxegorri izeneko eraikinean zegoen eta seguruenik lehengo erara onduko zuten larrua, teknika berririk gabe, alegia. 1857. urteko agiri batean Ignacio Mujika Garikano larrugilearen izena aipatzen da etxe horretan.
Beste zurrategia, berriz,
“industrialdea” batean zegoen, teileria, peineteria, kartutxeria
eta abar egon diren lekuan. 1844. urteko agiri batean aipatzen da:
“Don Juan Martin de Lasa y Zabalo es dueño de la casa
curtidería y sus tejavanas...”. Horregatik, ustiapena ere
beste modu batekoa izango zela pentsa daiteke.
Andraitz, Aizkorriko haitz emea
Mendizaleen artean dagoen uste oker bat zuzentzera nator lerro hauekin, Andraitz izena dela eta. Andraitz ez da, askok uste duten bezala, Legazpi udalerriko mutur bat, Partzuergo Orokorra, Zegama eta Legazpiren artean muga egiten duen tontorra. Ez dago handik urruti, baina ez da hura
Andraitz beherago dago, iturritik behera. Harkaitz handi bakar bati esan izan zaio eta esaten diote inguruan ibilitako artzaiek. 1706. urteko hurrengo pasartean ere harkaitz hori izendatzeko erabiltzen da:
“Yten seguido desde la dicha Cruz de fierro, a la bajada del paraje de Yzosteguieta, junto a la fuente de Gaztanvideta o mandavideta se halla un mojón de piedra arenisca; con su cruz y testigo en forma; sobre la peña llamada Andra Aiza"
Ezin uka izen polita ez duenik. Antzinako garaiak datozkigu gogora, izadia errespetatu eta gurtzen genuen garaiak. Zeren, pentsa, harkaitz hura, izendatu zuen giza talde harentzat, ez baitzen edonolako harkaitza, aitzitik, errespetua eta miresmena sorrarazten zion harkaitza zen. Hortik: Andra Haitz, gizaki bat bailitzan, eta andrazkoa.
Ez dugu jaso, tamalez, Andre Haitzaren inguruko ipuin eta kontu zaharrik (nik behin batean besterik ez nion entzun Telleriarteko agure bati Andraizko Señorea esaten), eta seguru nago izan direla.
Irakurleak egingo duen hurrengo galdera zein den badakit: Andraitz beheko harkaitza baldin bada, nola deitzen zaio goiko puntari? Bada, jakin ezazu, goiko puntari, Burnikuruzko haitza deitzen zaiola (agiri zaharretan Burrunkurutze), burnizko gurutzea egon zelako urteetan eta urteetan, 36ko gerratean kendu zuten arte. Hona hemen nola azaltzen den 1614. urteko agiri batean:
"Mojon de Nardaeguiburu que está derecho con los de Jandurain prosigue la mojonera con los limites de la provincia de Alava el cerro y peñas adelante por Biozcorna y en el dicho puesto de Biozcorna está un mojon grande de piedra alto y va para la Cruz de fierro"
Andraizko pasabideari Igoate deitu izan zaio orain dela gutxi arte eta, horregatik, Burnikurzko haitzari Igoateko haitza ere deitu izan zaio.
Mendiaraseko gurutzea
Ez gaude gustura Galdots edo Mendiaraseko gurutzeak gaur egun duen kokagunearekin. Artelan eder hori oso leku txarrean zegoen lehen, ez dago dudarik, trafiko handia duen errepide baten ondoan, baina oraingoa ez da askoz hobea. Oinez bertaratu ezin daitekeen errotonda batean... Gainera, egunen batean, ibilgailuren batek, deskuidu batean, jo eta aurretik eramango du, dena txikituz.
Gure ustetan, oinezkoak lasai irits daitezkeen toki batean egon behar du, hobeto ikusi ahal izateko, ukitu ahal izateko... eta aukerak badaude, handik ez oso urruti, gainera. Horietako bat, Urretxutik Legazpira doan bidegorriaren ondoan, Etxetxo etxearen aldamenean, da. Ez da leku txarra, kontuan izanik, antzinako kokagunea (Kaminpe baserriko jabeek gordetzen duten agiri batean ikusten den bezala) handik gertu zegoela, Legazpiko udalerrian. Eta askoz lasaiagoa.
Ez dugu ahaztu behar, bestalde, Beasaindik Bergararako autobiaren lanak laster hasiko direla.
Horra, bada, gure kezka eta proposamena. Ea ezertarako balio duen.
JAKINGARRIAK
Legazpiko udalerriaren mugetan beste bi gurutze ere baziren antzina: Atagoitin bata eta Inuntziagan (Udanan) bestea. Hirurak, Mendiarasgoa, Atagoitikoa eta Udanakoa, errepidearen ondoan zeuden. Horrela diote dokumentuak:
Atagoitiko
gurutzearen aipamenak
1608: "Mojon que llaman de Ategoitia que es una cruz de madera grande que está entre los terminos y
Jurisdiccion que asimismo llega de la dicha villa de Legazpia aguas vertientes
a ella"
1650: "Paraje llamado Ategoiti donde se halla una cruz en medio del camino real que se dirige de las Villas de Ormaiztegui y Gaviria para la mencionada Villa de Legazpia"
1733: "Se leió una carta de la villa de Gabiria asignando ésta para el lunes primero para poner la cruz de Ategoiti..."
Udanako
gurutzearen aipamenak
1750: "Primeramente con condición de que
contigua a la Calzada
que antes está executada desde la Cruz de Ynunciaga para abajo haia de hacer
el rematante Catorze estados cúbicos ateniéndose así en la anchura como en lo
demás a la dha Calzada antes executada"
1777: "...bajando desde la Cruz de Ynunciaga para Recaeta..."
Haurrak oinez ikasteko
Mendiaraseko gurutzeari dagokionez, Elbarrenako Maria Muruak zioenez, gurutzearen
ondora eramaten ziren haurrak oinez ikas zezaten. Hiru ostiral jarraian hiru
buelta eman behar zitzaion gurutzeari oinarrian dauzkan hiru harmailetan.
Harmaila bakoitzean, buelta bat, kredo bat errezatzen zen bitartean.
Elbarrenako gaztelua
Denok dakigun bezala Legazpik historia luzea du. Aspalditik bizi da gizakia gure haranean eta aztarna ugari utzi ditu modu batera edo bestera. Baina, oso gutxi ikertu da eta, ondorioz, kosta egiten zaigu aztarna horiek ikustea eta, are gutxiago, ulertzea.
“e otro mojon yendo mas arriba hacia Gaztelu Mendihondoa...".
Elbarrena auzoan zegoen Areizabalaga baserriaren mugak deskribatzen ziren pasarte horretan. Azaltzen diren beste leku-izenengatik (Mendiguren, Laquidiola, Mendiaras...) garbi dago Mendiarasgoikoa baserritik gora dauden lekuez ari dela.
Bada, hor azaltzen den leku-izenari kasu egitera, garbi dago Legazpin bazela gaztelu bat, gutxienez. Ez zen izango gogoan ditugun gaztelu handi horietakoa, baina zerbait bazela, seguru.
Non zegoen zehazki? Zein funtzio betetzen zuen? Mendi horretan gaur egun hainbat izen gorde dira: Arrobisakona, Arrizabalaga, Otsazuloeta, Mendiguren, Bentatxo, Bidakurutzeta... eta baliteke horietako bat gazteluaren kokagunea izatea.
Nire iritzian, gaztelua izateko kokagune egokia Lekuonako egileorra izeneko lekua da, Mendiguren mendian. Gaintxo horretatik ikusmira ederra dago bai Legazpi aldera eta bai Zumarraga aldera. Eta pentsatu behar dugu antzina, Legazpi aldera Gurrutxategi oinetxe garrantzitsua zegoela; Zumarraga aldera, berriz, Mendiaras eta Legazpi oinetxeak, beren burdinola eta errotekin.Gainera, Lekuonako egileorraren inguruan harri solte asko dago. Legazpiko gazteluaren aztarnak ote dira?