Zine Kluba: "The visitor"
Abenduko lehen saioa datorren ostiralean izango da, abenduak 4, gaueko 22:15etan Latxartegi Aretoan.
THE VISITOR
Zuzendaria eta gidoi-egilea: Tom McCarthy. Herrialdea: Estatu Batuak. Urtea: 2007. Iraupena: 103 min. Generoa: Drama. Interpretariak: Richard Jenkins (Walter Vale), Hiam Abbass (Mouna Khalil), Haaz Sleiman (Tarek Khalil), Danai Gurira (Zainab), Maggie Moore (Karen), Richard Kind (Jacob), Amir Arison (Shah jn.), Marian Seldes (Barbara), Michael Cumpsty (Charles). Produkzioa: Mary Jane Skalski eta Michael London. Musika: Jan A.P. Kaczmarek. Argazkia: Oliver Bokelberg. Muntaketa: Tom McArdle. Produkzioko diseinua: John Paino. Jantziak: Melissa Toth.
Ezaguna zaigu Tom McCarthy, zuzendari eta gidoi-egile lanetan sartu den aktorea. Harritu egin gintuen 2003ko Zinemaldian “Bide gurutzatuak” izeneko filmarekin: film umila eta arina baina hunkigarria eta argia era berean eta berehala bihurtu zen edizio hartako gogokoena eta, azkenean, Epaimahaiko Sari berezia eskuratu zuen. Eta berriro film umila, arina, hunkigarria eta argia egin du giza drama batekin. Hainbat gai ukitzen dira filmean: bigarren aukerak, globalizazioa, inmigrazioa eta gai horri buruz Estatu Batuetako Gobernuaren politikaren ondorioak, bi dorre bikien aurkako erasoa eta gero. Izan ere, “The visitor” filma, sentimenduen drama itxura duen arren, salaketa politikoa egiten duen filma ere badelako. Suhartasunik gabe, hanpatasunik gabe, tintak kargatu gabe, baina oso eraginkorra. Keinu, xehetasun eta esanahi handiko uneez beterik.
Filmak Walter-en historia kontatzen du. Walter bizitzarekiko grina galdu duen unibertsitateko irakaslea da eta bere erronka nagusia pianoa jotzea da, bere emazte zenak maisutasunez jotzen zuen instrumentua. Baina bere bizitza erabat aldatzen da garatze bidean dauden herrialdeetako hazkunde ekonomikoen gaineko jardunaldietara New York hirira gogorik gabe doanean eta….. Sistemaren kontra borrokatu behar duten pertsona on batzuen historia da eta filmeko gaiztoa sistema bera da. Sistema horrek ez ditu pertsonak aintzat hartzen, denak dira hiritarrak eta denak dira susmagarriak kontrakoa egiaztatzen ez den bitartean nahiz eta batek bere bizitza bizi eta musika jo nahi duen. Sistema horrek kartzelak sortzen ditu, kartzelak ez diruditen arren eta sistema horretan norbanakoaren eskubideen gainetik prozedurak daude.
Aktoreei dagokienez, protagonista Richard Jenkins da eta aktore nagusia den paper honi esker Oscar bat jasotzeko izendatua izan zen. Bere antzezpena ñabardurez eta gozotasunez beterik dago. Eta gauza bera esan daiteke Tarek-en amaren papera egiten duen Hiam Abbass aktoreari buruz.