Zine Kluba: "Si la cosa funciona"
Martxoaren 26an, ostirala, izango dugu ikusgai Woody Allenen filme hau Latxartegi Aretoan eta 22:15etan.
Si la cosa funciona
Zuzendaritza eta gidoia: Woody Allen. Herrialdeak: Estatu Batuak eta Frantzia. Urtea: 2009. Iraupena: 92 min. Generoa: komedia. Aktoreak: Larry David (Boris), Evan Rachel Wood (Melody), Ed Begley Jr. (John), Patricia Clarkson (Marietta), Conleth Hill (Leo Brockman), Michael McKean (Joe), Henry Cavill (Randy James), John Gallagher Jr. (Perry), Jessica Hecht (Helena), Carolyn McCormick (Jessica), Christopher Evan Welch (Howard). Produkzioa: Letty Aronson eta Stephen Tenenbaum. Argazkia: Harris Savides. Muntaketa: Alisa Lepselter. Produkzioko diseinua: Santo Loquasto. Jantziak: Suzy Benzinger.
Film honekin Woody Allen zuzendariak pertsonaia klasikoak berreskuratu ditu; haien zinismoa, haien neurosiak eta existentzia mailako kezkak. Halaber, bere film ezagunenetakoen umorea berreskuratu du baina aldi berean buruargia izateak zoriontasuna ez dakarrela azpimarratzen du. Londresko parentesiaren ondoren, sozialagoa eta dramatikoagoa; eta Bartzelona bisitatu eta gero, bisita turistikoa eta uda partekoa; Ipar Ameriketako zuzendariak bere pertsonaia klasikoen, bere betiko kezken eta bere ironia zinikoaren bertsio trinkotua eskaintzen digu.
Horrela, “Si la cosa funciona” filmak New Yorkeko zinegileak duen errepertorio errentagarrienari egiten dio tira. Oso soziala ez den pertsonaia aurkezten digu filmak: misantropoa, neurotikoa eta, seguru asko, zoritxarrekoa. Pertsona horrek bere marfilezko dorrea utzi eta ulertzen ez duen eta mespretxatzen duen munduari egin behar dio aurre. Ez dira gizon xelebreak falta, ustez garrantzi handia duten gaiengatik kezkatuta dauden baina normaltasunaren behar ezkutua dutenak eta zoriontasun soila miresten duten horiek.
Schopenhauer filosofo alemaniarrak honela zioen: bizitza “oinazearen eta gogaitasunaren arteko pendulu gisa kulunkatzen da”. Esaera hori hitzez hitz aplikatzen dio filmaren protagonistak bere eguneroko bizitzari. Film berri honen ezaugarri erakargarrienetako bat pertsonaia nagusiaren pertsonalitatea aurkezteko indarra eta koherentzia da. Boris (protagonista) gizon zakarra, marmartia, harroa, lotsagabea, bakartia eta zertxobait mingotsa da. Fisika kuantikoa erakusten duen irakaslea da eta existentziazko bere ondorio erradikalek behar dituen erantzun guztiak kentzen dizkiotela dirudi. Baina, ustekabean, Melodie ezagutzen du, New York ezagutzeko bere jatorrizko herritik alde egin duen neska gaztea. Zuzendariaren aurreko obra gehienetan bezalaxe, dibertigarria da irudikatzea zer gertatzen den gizon ezkor eta kultua neska erakargarri baikor eta eskolagabearekin elkartzen denean. Egoera komikoak ematen dira eta txantxa intelektual horiek ikuslearen irribarrea sortarazten dute.