Zine Kluba: "La caja de Pandora"
Otsailaren 5ean ostirala, gaueko 22:15etan Latxartegi Aretoan.
La caja de Pandora
Zuzendaria: Yeşim Ustaoğlu. Herrialdeak: Turkia, Frantzia, Alemania eta Belgika. Urtea: 2008. Iraupena: 112 min. Generoa: Drama. Aktoreak: Tsilla Chelton (Nusret), Derya Alabora (Nesrin), Onur Ünsal (Murat), Övül Avkiran (Güzin), Osman Sonant (Mehmet), Tayfun Bademsoy (Faruk). Gidoia: Yeşim Ustaoğlu eta Selma Kaygusuz. Produkzioa: Yeşim Ustaoğlu, Muhammet Çakiral, Serkan Çakarer, Behrooz Hashemian, Setareh Farsi, Natacha Devillers, Catherine Burniaux, Michael Weber eta Tobias Pausinger. Musika: Jea-Pierre Mas. Argazkia: Jacques Besse. Muntaketa: Franck Nakache. Produkzioko diseinua: H.F. Farsi, Elif.
Urrezko maskorra irabazi zuen Donostiako Zine-jaialdian. Sari hori oso zuzena izan da politikoki: zuzendaria emakumea eta turkiarra da, zahartzaroa da filmaren gaia, landa-eremuen eta hirien arteko aldea, berreraikitako familia, alzheimerra, heriotza on bat,.... Sari horrez gain, aktore emakume hoberenari eskaintzen zaion zilarrezko maskorra jaso zuen. Sari ederra: nork ez du atsegin 91 urte bete berri dituen emakume abenturazalea, Belgikatik Turkiara doana eta ia ahaztutako hizkuntza ikasten duena?; nork ez du gustuko oinarrizko oroitzapenak bakarrik dituen adineko emakume nekazaria?
Hala ere, ez dira gauza askori planto egin dizkion filmaren benetako baloreak ezkutatu behar. Horrela, planto egin dio ulertezintasunaren eta maitasun ezaren ondorioz familiako loturei puskatzeari eta, era berean, Istanbul hiriaren erretratu zoragarria, bizia eta latza egiten du. Bestalde, gure iragana eta gure herriarena galtzen denean gertatzen denaren azterketa poetikoa egiten du filmak, hiri handiak erakarrita, hango garabiekin eta etorkizun hobea izateko promesekin liluratuta, basoak eta eskualde menditsuak abandonatzen ditugunean, gu garenari esanahia ematen dion gure arbasoen aztarna sakelako telefono batekin eta auto batekin ezabatzen saiatzen garenean.
Eta paso egiten duen biloba horren erretratua eskaintzen badigu ere, egia da berari dagokiola maitasunezko ekintza burutzea. Ausardiazko ekintza hori nekazari zaharrak bakarrik ulertzen du eta, horretan, film turkiarrak antzekotasun handiak ditu Japoniako filmekin. Asiako filmetan, sarri, zaharrek ondo dakite beraien ordua noiz iritsi den eta maite duten pertsonei eskatzen die esaten dugun baina azaltzen ez dugun maitasunezko ekintza hori burutzea.