Zine Kluba: "Gigante"
Ostiral honetan ikusgai izango degu Adrian Biniezen film hau. 22:15etatik aurrera Latxartegi Aretoan
Gigante
Zuzendaria eta gidaria: Adrian Biniez. Herrialdeak: Uruguai, Alemania, Argentina eta Holanda. Urtea: 2009. Iraupena: 90 min. Generoa: drama, komedia, erromantzea. Aktoreak: Horacio Camandule (Jara), Leonor Svarcas (Julia), Néstor Guzzini (Tomás), Federico García (Matías), Fabiana Charlo (Mariela), Ernesto Liotti (Danilo), Diego Artucio (Omar), Carlos María Lissardy (Kennedy), Nacho Mendy (Miguel), Augusto Peloso (Rojas), Andrés Gallo (Fidel). Produkzioa: Fernando Epstein eta Agustina Chiarino. Musika: Adrián Biniez. Argazkia: Arauco Hernández. Muntaketa: Fernando Epstein. Zuzendari artistikoa: Alejandro Castiglioni. Jantziak: Emilia Carlevaro.
Erromantze baten historia kontatzen du filmak edo, zehazki, topaketa baten atarikoa. Bide luzea egiten du protagonistak obsesio baten inguruan; obsesio horrek maite duen emakumea ezkutuan jarraitzera darama protagonista eta emakumeak ez daki norbait atzetik duela, ez behintzat hasieran.
Adrian Biniez zinegileak heldutasun bitxia ematen dio beren lehen filmari eta, horri esker, filmak Berlingo eta Donostiako zine-jaialdietako epaileak atrapatu ditu. Hauxe da Biniez zuzendariaren sekretua: ustez hauskorra den zubi bat eraiki nahi du eta, azkenean, zubi sendoa lortzen du. Planifikazio bizkorrarekin, filmeko protagonistak daraman prozesu beretik igarotzera eramaten du ikuslea: hasiera batean garrantzi gutxi duenaren aurrean liluratuta geratzea.
Biniez zuzendariak egungo gizartearen bazterrak erakusten ditu “Gigante" filmean. Esker onez eta konplizitatez begiratzen die pertsonaiei eta bat egiten du Argentinak zine iradokitzailea eta garbia egiten duten egungo zinegile gazteekin. Pertsonai txikietan lirismoa eta sentsibilitatea aurkitzeko gai den zinea egin du Biniez zinegileak eta horren adibide da erraldoi bakartia, heavy musika maite duena, on-puska eta isila dena. Auzoetako jendea da maite duen pertsonarengan hurbiltzen saiatzen dena erantzuna jasotzeko itxaropenarekin. Maitasunari eta begiradari egindako kantua da; isiltasunez, zarata txikiez, egunero erabiltzen ditugun azaleko elkarrizketa motzez betetzen gaituen kantua, sentitu den baina agian entzun ez den hitza jasotzeko zain.