Zine Kluba: "Frozen River"
Bihar izango da filma honen emanaldia 22:15etan Latxartegi Aretoan.
FROZEN RIVER
Zuzendaritza eta gidoia: Courtney Hunt. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak. Urtea: 2008. Iraupena: 97 min. Generoa: Drama, thriller. Aktoreak: Melissa Leo (Ray Eddy), Misty Upham (Lila), Charlie McDermott (T.J.), Mark Boone Junior (Jacques Bruno), Michael O'Keefe (Trooper Finnerty), Jay Klaitz (Guy Versailles), John Canoe (Bernie), Dylan Carusona (Jimmy), Michael Sky (Billy), Nancy Wu (Chen Li). Produkzioa: Heather Rae eta Chip Hourihan. Musika: Peter Golub eta Shahzad Ali Ismaily. Argazkia: Reed Morano. Muntaketa: Kate Williams. Produkzioko diseinua: Inbal Weinberg. Jantziak: Abby O'Sullivan.
Lehiatu den tokietan sariak irabazi ditu. Sundace hirian hasi zen eta, bertan, epaimahaiaren saria eskuratu zuen; ondoren, finalista izan zen Independient Spirit Awardsen; arrakasta izan zuen Ameriketako kritikarien aurrean; Donostiako zine-jaialdian ere aparteko arrakasta lortu zuen. Tarantinok esan duenez, berak inoiz ikusi duen thriller kezkagarrienetakoa da. Filmaren alde onen artean Melissa Leo aktorearen lana dago eta, berarekin batera, mohawk etniako Misty Upham aktorea ageri da. Azpimarragarria da paisaia, eszenatokia: inorena ez den lurra bereizten duen izoztutako ibaia, Estatu Batuen eta Kanadaren artean dagoen indiar erreserba batean. Lur gogorra, izotzez eta elurrez estalia, non ibai izoztuak sekula iristen ez diren garai hobeagoen zain lokartuta dagoen tokia irudikatzen duen.
Filmaren hasieran hondamendiaren zorian dagoen emakumearen lehen planoa ikusten dugu. Erabatekoa da hondamendia: fisikoa, morala, sentimentala, ekonomikoa eta familiarra. Bere bi seme-alabekin bizi da latorrizko etxetxo batean, inorena ez den edozein lekutan jartzen diren horietako batean. Bere senarra jokozale gaixotuak aurreztutako diru guztia hartu eta alde egin du, emaztea dirurik gabe utziz, bi seme-alabekin eta oraindik ordaindu gabe dagoen karabana batekin. Irtenbide bat bilatu nahian eta bere seme-alabei hala-moduzko eguberriak eskaintzeko asmoarekin, mohawk etniako indiar batekin (Misty Upham) hasten da lanean dirutxo bat azkar irabazteko helburuarekin. Horrela, indiar erreserba ibaiaren eta mugaren bi aldetara zabaltzen dela ikusita eta estatuko poliziak indiarren lurralde horietan eskumenik ez duela ohartuta, legez kanpoko etorkinak alde batetik bestera igarotzeko lanetan murgiltzen da. “Indie” zinearen zaleen eta giza historia zoragarri bat ikusi nahi dutenen gustukoa izango da filma. Bi aktoreen lana apartekoa da eta itxuraz jende arrunta direnen eguneroko biziraupena erakusten digu filmak.