Zine Kluba: "Elegy"
Apirilaren 3an, 22:15etan Latxartegi Aretoan
ELEGY
Zuzendaria: Isabel Coixet. Herrialdea: Estatu Batuak. Urtea: 2008. Iraupena: 108 min. Generoa: Drama. Aktoreak: Penélope Cruz (Consuela Castillo), Ben Kingsley (David Kepesh), Dennis Hopper (George O'Hearn), Patricia Clarkson (Carolyn), Peter Sarsgaard (Kenny Kepesh Dr.), Deborah Harry (Amy O'Hearn). Gidoia: Nicholas Meyer; Philip Roth idazlearen “Hilzorian dagoen animalia” izeneko eleberrian oinarrituta. Produkzioa: Tom Rosenberg, Gary Lucchesi eta Andre Lamal. Argazkiak: Jean-Claude Larrieu. Muntaketa: Amy Duddleston. Produkzioko diseinua: Claude Paré. Jantziak: Katia Stano.
Isabel Coixet zuzendariak lan zaila hartu du bere “Elegy” filma egiterakoan; izan ere lan zaila da zinegileen artean modan dagoen Philip Roth idazlearen “Hilzorian dagoen animalia” izeneko eleberria iruditan jartzea. Ben Kinsley aktoreak David Kepesh pertsonaiari ematen dio bizitza; eredu tradizionalean oinarrituta dagoen kultur kritikaria da. Jaiotzez ingelesa, Columbiako Unibertsitatean ematen ditu Literatura konparatzailearen klaseak. Apartamentu txiki batean bizi da eta bertako paretak eleberriez, saiakerez eta arteko liburuez beterik dauden apalez josita daude. Pianoa jotzen du lagunartean (bere maitaleak txunditzeko bakarrik eta horiei ere, emakumeen edertasunari buruzko koadro ospetsuen erreprodukzioak erakusten die). Antzerkiari buruzko iritziak ematen ditu eta literaturaren gaineko iruzkinak egiten ditu. Bere azkeneko lanaren izenburua “Hedonismo amerikarraren jatorria” da eta sexu-zoriontasunaren gaineko saiakera da, joan diren mendeetako puritano zaharretik hasi eta hirurogeigarren hamarkadan eman zen askatasun sozial, kultural eta sexualaren leherketa erradikalera arte.
Kepesh irakaslearentzako, Kubako familia aberatsaren alaba den Consuela Castillo gaztea (Penelope Cruz) abentura bat baino gehiago da. Irakaslea antzinako garaietara itzultzen da Consuela gaztea bereganatzeko eta erakartzeko, hasieran guztia sexu-kontu bat izatera bakarrik iristen bada ere. Eta pertsonaiak zalantza handiak ditu eta ordura arte izan duen askatasunak talka egiten du desioarekin, obsesioarekin eta zeloekin. Kepeshek ezin dio Consuelari ezer eman (artea, antzerkia, argazkia eta musika arloetako ezaguerak ez badira) eta berari guztia eman diezaiola eskatzen dio. Oso ondo adierazten da filmean jelosiaren sorrera mingarria, atzera bueltarik ez dagoenean; edo, bere maitale gazteekin sedukzioaren artea eta egoera erabat menperatzen duen irakasleak berak ezer menperatzen ez duela konturatzen denean.
Adin, prestakuntza, kultura eta jatorri desberdina duten pertsonen arteko maitasunezko sentimenduen zailtasunei buruzko filma da. Filmean parez pare daude gorputz gaztearen edertasuna eta zahartzarora iristen ari den pertsonaren gorputz makaldua. “Elegy” filmak hiltzeko beldurraz hitz egiten du, pasioa desagertzean handitu egiten den sentimenduaz: Kepesh zahartzeko eta hiltzeko beldur da, benetan maitatzeko beldur den bezalaxe.