Zine Kluba: "Buscando un beso a medianoche"
Apirilak 16, osteguna, 21:30etan Latxartegi Aretoan
In Search of a Midnight Kiss
Gauerdiko musuaren bila
Buscando un beso a medianoche
Zuzendaritza eta gidoia: Alex Holdridge. Herrialdea: Estatu Batuak. Urtea: 2007. Iraupena: 90 min. Generoa: Komedia erromantikoa. Interpretariak: Scoot McNairy (Wilson), Sara Simmonds (Vivian), Brian McGuire (Jacob), Katy Luong (Min), Robert Murphy (Jack), Twink Caplan (Wilsonen ama), Nic Harcourt (DJ), Bret Roberts (Buoy), Via Osgood (Karen), Bruce Jay (Stevie). Produkzioa: Seth Caplan eta Scoot McNairy. Argazkia: Robert Murphy.
Alex Holdridge zuzendariaren film zoragarriaren, gomendagarriaren eta pertsonalaren hasieran honako aipamena egiten da: bikotea aurkitzeko dauden harremanetarako Web orrien erabiltzaileen kopuruak %300 egiten du gora eguberrietan. Benetan tristea izan behar du Gabon zaharreko gauerdia iritsi eta, une magiko horretan musu nori eman ez izatea.
Porrot egin duen Wilson gidoi-egilea (Scoot McNairy) ez du gabon zaharra bakarrik igaro nahi eta, eszena lotsagarri baten ondoren, Interneten sartzen da eta abenduaren 31ko arratsalderako hitzordu itsua hartu du Vivian izeneko neskarekin (Sara Simmonds). Vivian lotsagabea, berekoia eta bere onetik irtenda dagoen neska da; hitzordua du beste mutilekin eta Wilsoni arratsaldeko 6rak arte ematen dio denbora bera seduzitzeko eta gabon zaharrean berarekin irten behar duela konbentzitzeko.
Hasiera horrekin, betiko komedia erromantiko baten aurrean gaudela pentsa dezakegu baina film hau hori baino gehiago da. Benetan produkzio independente baten aurrean gaudenez, zuri-beltzean egindako filma aurkitzen dugu eta ez da zertan topikoak erabili behar: aktoreak ez dira zertan ederrak izan behar, egiazkoak izan daitezke eta poliki-poliki joango gara ezagutzen. Adibidez, Vivian jasanezina dela dirudi baina bere historiak kontatzen hasiko da. Mutila heldugabea eta porrot egin duena dirudi baina berak ere badu zer kontatu.
Eta film independentea denez, era berean izan daiteke zinikoa eta samurra, zintzoa eta gezurtia, etsigarria eta dibertigarria,… eta ondo atera. Elkarrizketa bikainak ditu, musika apartekoa da eta agian gabon zaharreko azken orduak Los Angeles hiritik zehar paseatzen eta aitortu ezin diren gauzak aitortzen igarotzea ez dela plan txarra erakusten digu. Bestetik, kaleetatik galdutako oinetakoen argazkien proiektua aipatzen du filmak (www.thelostshoeproject.com) eta horren aurrean amore ematen du ikusleak. Filmak, halaber, bikoteka musukatzen hiru segundo azaltzen diren lagunen zerrenda eskaintzen du. Film bikaina eta aparta da.