Xabi San Sebastian Ospela diska aurkezten (Azaroan Musika Zikloa 2009)
Azaroaren 27an, 22:00etan eta Latxartegi Aretoan, abeslari donostiar ezagunak bere azken diska aurkeztuko digu. Kontzertu hau "Euskal Kantagintza" programaren barruan dago.
Xabi San Sebastian (Donostia 1967)
Ez da berria musikaren munduan. Prestakuntza sakonean eta aparteko talentuan oinarritu du bere ibilbide mamitsua. Dena dela, konposatzeko zein interpretatzeko garaian erakusten duen ezaugarririk eraginkorrena bere gogoa da, kantak egin eta publikoari emateko ilusioa erraz pizten baita beregan; horixe da besteengan arreta piztu ahal izateko giltza.
Musika ikasketak Donostian hasi bazituen ere, urte gutxiren buruan Madrilen ibili zen hiru urtez, hango Musikarien Tailerrean jazz ikasketetan arituz.
Euskal Herrira itzuli eta Izotz taldeko kantari zien gitarra-jotzaile lanetan hasi zen, zazpi urtez taldeko gitarra eta ahotsen arduraduna izanik. Euskal geografia osoan zehar jotzeko aukera izan zuen errepertorio zabal bezain esanguratsua plazaz plaza eramanez. Disko bat grabatu zuten.
Aro hura bukatu eta beste lau urtez Alboka taldean kantari aritu zen. Esperientzia haren emaitza, Euskal Herrian zein munduan zehar ehunka emanalditan eta bi diskotan gorpuztu zen. Horietariko batean (Lorius), Marta Sebestyén kantari enblematikoarekin hainbat kantetan protagonismoa partekatu ahal izan zuen.
2004an bakarkako lehen diskoa argitaratu zuen (Orai), non euskal kantu tradizionalaren ikuspegi garaikidea eta bizigarria erakutsi zuen.
Tlebistan ere aritua da Xabi San Sebastian eta 2006.ean ETBren EKO saioko irabazle izan zen Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean kantaren bertsio zoragarri batekin.
Bere estiloa pertsonala eta nahastezina da, ausarta eta jostaria; melodia atsegin eta beroen bidez, dotoreziaz eta gustu handiz berezko mundu bat moldatzen du, tonuak, tinbreak, akordeak, tentsioak eta indarrak, kantaren emozioaren zerbitzuan jarriz.
Ospea disko hau, bere bakarkako bigarren diskoa da. Nortasunez beteriko rock melodiko interesgarria eskaintzen digu, argi-itzaletan ñirñir distiratzen duten 13 kanta zuzen bezain samur, biziak bezain gozoak, sentiberak eta, aldi berean, indartsuak, bizitzaren iraganak uzten dituen zertzeladen lekuko musikal erakargarria osatuz.
Disko honekin, Xabi San Sebastianek gure herriko kantagintzaren transimisioan beste katebegi sendo bat osatuko du, etorkizunez beteriko musika sortuz eta interpretatuz, eta bide batez, musikaz beteriko etorkizuna bermatzen lagunduz.