Winter's bone
Hau da aste honetako Zine-Klubeko emanaldia. Hitzordua, azaroaren 11 gaueko 22:15etan Latxartegi Aretoan izango duzue.
Winter’s bone
Zuzendaria: Debra Granik. Herrialdea: USA. Urtea: 2010. Iraupena: 100 min. Generoa: Drama. Aktoreak: Jennifer Lawrence, John Hawkes, Kevin Breznahan, Dale Dickey, Garret Dillahunt, Sheryl Tate Taylor. Gidoia: Debra Granik eta Anne Rosellini; Daniel Woodrell-en eleberrian oinarrituta. Produkzioa: Anne Rosellini eta Alix Madigan-Yorkin. Musika: Dickon Hinchliffe. Argazkia: Michael McDonough. Muntaketa: Affonso Gonçalves. Produkzioko diseinua: Mark White. Jantziak: Rebecca Hofherr.
Oscar sarietan sartu da filma eta ongi merezita gainera. Amerikako zine independenteko produkzio txiki hau lau saritarako izendatu dute. Filmak liluratuta uzten du ikuslea, deskribatzen duen mundu miserablea sinesgarri egiten duelako eta aktoreak maila handikoak direlako. Eta bereziki aipagarria da Jennifer Lawrence aktorearen lana; bera da filmaren protagonista nagusia, 17 urteko neska gaztea. Neskak eta mundutik at bizi den bere ama, anai-arreba txikiak eta etxe zatarra zaindu behar ditu baina etxea ere galtzear dago, bere aita droga gogorrak egiteagatik duen epaiketan agertzen ez bada. Neska adoretsu eta kementsua, Debra Granik zuzendariak heroismoa kentzen dion arren. Berarena muturreko biziraupena da, lur jota baina adore garaiezinarekin. Filmaren giroa oso koherentea da: Missouriko leku itsusienetako paisai oihantsua eta ustela, natura hutsa izan arren; bertako komunitatea osatzen duten ia gehienak drogatik bizi direnak eta familia loturak edo adiskidetasun edo trafiko edo gorroto loturak dituztenak dira; tragediak, traizioak eta mendekuak iragartzen dituzten aurpegi txarrak, tentuz eta beldurrez zer dagoen asmatu nahian dabilen poliziarena tartean.
Nahasketa handia du filmak; western apokaliptikoa dirudi edo thriller iluna baina “Winter’s Bone” filma abandonatutako haurtzaroaren erretratu hunkigarria eta ez-manipulatzailea da. Filmean indar handia du samurtasunak eta horri esker inguruko esperientzia mingarriak eta gizagabeak gainditu eta bizirauten saiatzen dira protagonistak. Nerabea eta bere anai-arrebak dira Amerikako nekazaritza-lurralde miserablearen erretratuaren abiapuntua; lurralde abandonatua eta gurasoek seme-alabei utzitako isiltasun-paktuetan eta mendekuetan ainguratuta. Etiketa horretan ezohikoa den drama sozial ikaragarria. (11/02/2011. Sadecine.com. GrupoSade).