Hemen zaude: Hasiera Albisteak Sartu dira hondeamakinak Deskargako errepide berria egiteko
Dokumentu Akzioak

Sartu dira hondeamakinak Deskargako errepide berria egiteko

2008/01/13

Askok nahi baino beranduago baina, azkenean, sartu dira hondeamakinak Legazpiko udalerriaren iparraldean, Beasain-Durango zeharbidearen beste zati bat egiteko. Inguru horretako ikusmira zeharo aldatuko da hurrengo hilabeteetan.

Kontrajarriak dira gure sentimentuak. Alde batetik, erosotasuna nahi dugulako eta, horrek azpiegitura sendoak eta garrantzitsuak eskatzen dituelako. Bestetik, ordea, tristura barneratzen zaigu. Euskal Herriaren beste txoko bat txikitzen hasi direlako eta txikizio horrek bukaerarik ez duelako... Izan ere, orain Beasain-Durangoren txanda da (gasbidea zabaltzearekin batera), baina laster, ez oso urrutiko paraje batetik, AHTa egiteko lanak hasiko dira.

Dena ezinbestekotzat jotzeko joera dago gure artean, baina benetan hala al da? Badirudi  gure arazo guztiak porlanarekin konpondu nahi ditugula.

Zuatzuko bidearen historia

Deskarga edo Mendiaras sakonari historian zehar ZUATZU deitu izan zaio, baso itxia zelako seguruenik. Esan liteke 1765. urtera arte ez zela bertatik bide garrantzitsurik igarotzen. Izan ere, legazpiarrak Antzuolara joateko ezkerreko maldatik joaten ziren, Mendiaras eta Galdots baserrien artean jaiotzen zen bidetik, Arrobisakon eta Illarraunditik barrena. Azken zatia sasiak janda badago ere, gehiena ikus liteke oraindik. Illarraerrekako zubiaren aztarnak hantxe daude.

 

Zuatzuko basoa

Zuatzuko basoa

Urretxutik Antzuolara joateko, berriz, ez zuten Zuatzutik pasa beharrik. Errege-bide dotorea Altamiratik gora Mendiako zabalera joaten zen, Santa Barbara edo Mendieta auzoa zeharkatuta. Mendiako zabal hori Deskargako gainetik gorago dago.

1765. urtean, ordea, zalgurdientzako errege bide berria eraiki zen Zuatzutik, besteak baino zabalagoa eta erosoagoa, oinarrian gaur egun arte ezagutu dugun GI-632 errepidea. Orain dela hamarkada batzuk, hobekuntza batzuk izan zituen eta, horren ondorioz, Ostolatik gorako trazatua aldatu egin zen. Deskargara bitarteko zatia Urretxuko udalerritik egin zuten, eta ez Legazpitik.

 

Illarraundiko zubia

Illarraundiko zubi zaharraren aztarnak

XIX. mendearen bukaeran beste bide bat ebaki zuten Zuatzu sakonetik: trenbidea, Urretxu-Zumarraga eta Maltzaga lotzeko asmoz. 1975. urtean utzi zen, baina trenbidea oso ondo ikus daiteke. Zatitxo batean Legazpiko udalerritik pasatzen da. Itxuraz, bidegorri bihurtu nahi dute.

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Sartu dira hondeamakinak Deskargako errepide berria egiteko

Basoak soiltzen hasi dira dagoeneko.