Sarituak: Gipuzkoako Artzain Eguna 2011
Antolakuntzak Artzain Egunari buruzko oharra eta argazkiak bidali dizkigu. Hona hemen:
Argazkiak gure galerian gorde ditugu, prentsaurrekoko argazkiekin batera.
Bidalitako oharrak, berriz, honela dio:
Olaberriko Aizpea gaztandegia garaile, aurtengo Gipuzkoako Ardi Gaztaren 27. Lehiaketan
Beste behin, artzaintzarekin bat egiteko asmoz, jendetza ugari hurbildu
da aurtengo Gipuzkoako Artzain Egunera. Goiz osoan zehar izan da zer jan
eta zer ikusia Legazpiko Euskal Herriko Plazan. Hainbat gazta aurkeztu
dituzte Gipuzkoako Ardi Gaztaren 27. Lehiaketara, eta epaimahaiak lan
zaila izan badu ere, azkenean Olaberriko Aizpea gaztandegiarentzat izan
da lehendabiziko saria.
Herritarrek ere izan dute euren botoa emateko aukera, izan ere, goizeko
11:00etatik Gazta Dastatze Herrikoia antolatu da eta Aitor Esnaola
legorretarrarentzat izan da garaipena. Eguerdian, berriz, Legazpiko
hainbat elkarteren eskutik, Ardi Okela Gertatze Gipuzkoako 21. lehiaketa
antolatu da. Ardi okelazko pintxoak dastatzeko aukera izan da eta
horien artean, lehenengo saria La Bellota Elkarteak eraman du.
Baina lehiaketez gain, Legazpira hurbildu den orok artisau erakusketez
gozatzeko aukera ere izan du. Gainera, gaztagintzaren lehena eta oraina
ezagutu, ardi mozketak ikusi, eta Euskal Herriko Ardi Latxa arrazako
ardi eta aharien erakusketak izan dira ikusgai goizean zehar Legazpin.
>>Aurtengo omenduak
Angel Alberdi eta Atanasi Gesala (Azpeitia-Aizarna) senar-emazteak eta
Juan Lizarralde (Oñati) omendu ditu aurtengo Gipuzkoako Artzain Egunak.
Legazpiko Erreixabal baserriko Juan Joxe Arangureni eman diote,
bestalde, artzain aipagarrienaren txapela. Urteroko ohiturari jarraituz,
Ameriketan artzain lanetan aritutako euskaldunak gogoratzen ditu egun
honek, eta Inaxio Arrieta eta Maria Isabel Salutregi senar-emazte
bolibartarren txanda izan da aurtengoa. Amaitzeko, Eduardo Urarte
albaitaria omendu dute artzaintzaren alde egin duen lanarengatik.
Omenaldien ostean, Erramun Martikorena abeslari eta artzainak
“Xalbadorren heriotza” kanta ezaguna abestu du joan ziren artzain
guztien omenez.
Arratsaldean, Gipuzkoako 43. Gipuzkoako Artzain Txakurren Txapelketa
ospatu da Urtatzako zelaian. Gipuzkoako bederatzi txakur aritu dira
norgehiagoka bizian, eta Elgoibarko Joxe Arrizabalagaren Azkar txakurra
izan da txapelduna.