San Migel ermitako aitorleku zaharra berritu dute
Legazpiko Apatso baserrira ezkondutako Felix Pinillos nafarrak San Migel ermitako aitorleku zaharra konpondu eta birgaitu du, Burdinola Elkartearen eskariz.
Duela 20 bat urte, Legazpiko Eliza nagusian soberan zeuden bi aitorleku San Migel ermitara eraman zituzten, eta bertan zegoen aitorleku zahar eta hondatua kendu. Zorionez, udalak jaso eta areto batean gordeta zuen. Burdinola Elkarteak horren berri bazuen eta, San Migel ermitaren egoerak azken lanen ondorioz, hobera egin duela ikusita, aitorleku zaharra berritzeko proposatu zion Felix Pinillosi duela hilabete batzuk.
Honek, San Migel ermitari dion maitasunari esker, baiezkoa eman zuen eta aste batzuetan, izugarrizko lana eginez, berri berria utzi du. Asko izan dira egin beharreko lanak (ordainezinak, dena esan behar bada): garbitu on bat eman, egur zaharrak kendu eta berriak jarri, pipien kontra tratatu, bi leihoetako sareak egin, lehengo egurrak ondo kateatu… baina, azkenean, emaitza bikaina izan da. Berritu ondoren, Burdinola Elkartearen asmoa San Migel ermitara itzultzea da.
Aurtengo San Migel egunean herritarrak ikusgai izango dute ermitan bertan aitorleku zaharra.
Aitorleku zaharra konpondu aurretik. JLU