Saio eta giro bikaina Laubiden
Bikotean bertsotan laugarren aldiz aritu ziren Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga. Hasieran, librean gai ugariren inguruan kantatu zuten: Martxoan Bertsoaz, Bertso-Olarien 10. urteurrenaz, gizon probez, Bittor Agirreren urtebetetzeaz... Bigarren zatian bertso eskolako umeen gaiei bikain erantzun zieten.
Unai Iturriaga osasunez makal samar iritsi zen Legazpira baina bertso-mailaz osasuntsu. Maialen ere txapeldun aritu zen saio osoan zehar. Gai libreko atalaren ondoren Primi Murgiondoren ezustekoa izan genuen. Maialeni lora-txorta eta guztioi bi kanta oparitu zizkigun. Ondoren bertso eskolako umeen gai bikainak bikain erantzun zituzten bertsolariek. Umeentzat eurentzat beranduegi zela eta idatziz utzi zituzten gaiak. Ezin izan ziren bertan izan baina egun gutxi barru bertsoplaza.tv orrialdean ikusi ahal izango dituzte bertsook.
Errikarte Agirrek, gure argazkilari langileak, dagoeneko argazki-galerian jarri ditu zenbait argazki.