Patrizioren errainua
Paperak eta gordetzeko desastre hutsa naizen ezkero, tarteka liburu artean edo izkutatuta noizbehinka sorpresatxoren bat aurkitzen dut. Oraingoan ere antzeko zerbait gertatu zait, eta auskalo zein zoroaldian neronek idatzitako orri xahar bat topatu dut. Bakarren batendako interesgarria gerta liteke eta, berandu baino lehen, Zingizango honetan ezarrita gera dadila. Zin dagit hemendik aurrera neure buruari txukundade minimo bat exijituko diodala!
Gabriel Arestiren poeman antzera, Legazpin ere bazen elizako kanpandorrea baino haundiagoa zen tximinia. Laminazio zaharreko kea herrirantz barreiatzen zuen iparrak jotzen zuenean. Izkutatu zen, ordea. Ez zuten beste hainbat lekutan bezala, lorategi bateko apaingarri bitxi bihurtu, belaunaldi gazteei beren aurrekoen jarduera neketsuaren berri eman ohi duten horietakoa. Birrindu egin zuten herriko industrialdea eraiki ahal izateko. Tximiniaren suntsipena enpresa erraldoiaren ahuleziaren sinbolotzat jo daiteke.
Lantegiaren tamainak, zinez, ikaratu egiten du: bi kilometroko luzera du; 70-80ko hamarkadetan 3000 langilez goiti zituen eta herriko populazio aktiboaren %85a biltzen zuen; lantegian atzera eta aurrera mugitzeko langileendako autobus zerbitzua zegoen; lantegiak Zumarragako geltokiarekin lotzen zuen trenbidea eta lokomotora zituen. Herriaren apendizea zen.
Suge erraldoi baten gisa, iparralderantz luzatzen da haranaren lautada egokienak beretzat harturik. Baserri mordoxka bat desagertu zen progresoaren izenean, besteak beste, Bengolea, XIX. mende hondarrera arte lanean aritu zen Euskal Herriko azken burdinola.
Olagizonen sorleku izandakoa XX. mendeko industria iraultzaren mintegi bilakatu zen. Burdinarekin uztartutako herria zen Legazpi, baina nekez izango zuen hamarkada hauetako hazkuntza harrigarria baldin eta Patrizio Etxeberria enpresa gizona akuilatzaile izan ez balu. Oso gizon dinamikoa eta kementsua bazen ere, diktadore fama ere bazeukan; bere mendean lanean ari zirenak estu samar hartzen omen zituen. Bazen, dena den, haren purrustadei aurre egiten ausartzen zenik. Behin, karretilarekin pieza batzuk karreatzen zebilen mutil zahar zakar bat ikusi zuen Patriziok. Inondik ere, iruditu zitzaion arin antzean zihoala, eta halaxe bota omen zion: - Hilaren akaberan hau ere bai.- erantzun zion nagusiari, behatzarekin alkandorako poltsikoa erakutsiz.
Patrizio Etxeberria perratzailea zen. Zegaman ikasi zuen ofizioa Gaxpar Txixturengandik. 1908an Pedro Segurarekin batean erraminta fabrika zabaldu zuen: nekazaritza eta meatzaritzako tresnak egiten zituzten. Handik aurrera berebiziko indarra hartu zuen haren proiektuak. 1919an Segurarekin elkartea eten eta bakarka ekingo dio. Errepublika garaian 500 langile inguru zituen. Ordura arte bailarako gizasemez hornitzen bazen ere, berehala kanpotik etorritako hainbat eta hainbat langileren premia izan zuen: arabarrak izan ziren lehendabiziko etorkinak, Araiakoak hain zuzen ere,ajuriaren laminazioan aritzen zirenak. Legazpira Francoren tropak sartuz geroztik, enpresa are gehiago hazi zen, nazionalendako lehergailuak egiten baitzituzten. Handik urte batzuetara, zorrak kitatzeko edo, Madrileko gobernuak Konte titulua eman zion Patrizio Etxeberriari. Enpresarekin batean hazi zen herria. Langile-auzoak eraikitzeari ekin zion eta hauen seme-alabendako ikastetxeak finantziatu zituen. Leku guztietara iristen zen Patrizioren itzala. Aita ahalguztiduna bihurtu zen. Legazpin inon baino nabarmenago antzematen zen klaseen arteko banaketa: injeniruendako auzunea, langileena eta Patrizio Etxeberria eta honen seme-alaben txalet ikusgarriak hurrenez hurren. Halakoxea zen On Patrizio, bere akats eta bertuteekin. Halere, azterketa sakonagoa egitea ez legoke gaizki.
A.Gurrutxaga
Oharra: Testu hau idatzi nuenean artean ez zen Lenburrik izango. Beno, ez nago ziur.
Patriziok langileari esandakoa