Onintza eta Amaia udaletxeko balkoian
Legazpiko Bertso-olariak bertso eskolaren eskutik Agorreko Santikutzen barruan bertsotan arituko dira Amaia Agirre eta Onintza Enbeita bertsolariak. Irailaren 11n, ostiralean, 8:00etan izango da hori.
Bertso eskolako kideek aurreratu digutenez opor ondorengo lehenengo ekitaldia izango da Agorreko Santikutzetako saioa. Ondoren, igandeko erromerian, Bittor Agirre, Iñaki Azarola eta Jokin Matxinandiarena izango ditugu bertsotan bertso eskolako kideekin batera.
Bestalde, irailaren amaieran bertso ikasturtea hasteko asmoa dute eta gazte eta helduei egingo diete bertan parte hartzeko deia. Aurrerago, urriaren 30ean, Goierriko Hitzaren bosgarren urteurrena dela eta, Goierriko bertsolarien saioa izango da Latxartegi aretoan. Bertan izango dira Iñaki Murua, Aitzol Barandiaran, Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia Joseba Barandiaranen aginduetara. Honen berri zehatzagoa, hala ere, aurrerago emango digutela agindu digute.