Nothing personal
Zine-Klubaren saio berri bat ostiral honetan 22:15etatik aurrera Latxartegi Aretoan.
Nothing personal
Zuzendaria eta gidoia: Urszula Antoniak. Herrialdeak: Holanda eta Irlanda. Urtea: 2009. Iraupena: 85 min. Generoa: Drama. Aktoreak: Stephen Rea (Martin), Lotte Verbeek (Anne). Produkzioa: Reinier Selen eta Edwin Van Meurs. Musika: Ethan Rose. Argazkia: Daniel Bouquet. Muntaketa: Nathalie Alonso Casable. Produkzioko diseinua: Jane English. Jantziak: Bho Roosterman-Vroegen
Holandaren eta Irlandaren arteko koprodukzioa, “Nothing personal” filmak bi izaki arraroen arteko topaketa kontatzen du. Alde batetik Anne (Lotte Verbeek) dago, neska gazte holandarra, bihurria eta bidaiaria, Irlandara joan dena arlote gisa, bakardadeaz eta Connemara (Irlandaren mendebaldea) herrialdeko paisaiaz gozatzera. Bestetik, Martin (Stephen Rea) dago, ermitaua, bakarrik eta lasai irla batean bizi den gizon heldua. Lana egitearen truke, Martinek janaria eta lo egiteko leku bat eskaintzen dio Anneri eta gazteak onartu egiten du tratua baina baldintza bat jartzen du: bion artean ez dela ezer gertatuko. Eguneroko bizimoduak eta elkar bizitzak oso desberdinak diren pertsonak elkar ezagutzeko gogoa pizten du; horrela, poliki-poliki gerturatzen hasten dira, jarritako arauaren mugei aurre eginez.
Zine arina, zine independentea, Urszula Antoniak zuzendari poloniar hasiberriak (Holandako telebistan esperientzia duen arren) sinatzen duena. “Nothing personal” filmak bere lekua aurkitu du zine-banatzaileen artean, nazioarteko zine-jaialdi desberdinetan oso harrera ona izan zuelako: Mar del Plata zine-jaialdian film hoberenaren saria jaso zuen, Locarnoko nazioarteko zine-jaialdian sei sari eskuratu zituen (Lehen Film hoberenaren saria barne), Zine Holandarraren jaialdian 4 sari hartu zituen (horien artean, Film hoberena eta zuzendari hoberena) eta Sevillako Europako zine-jaialdian Zilarrezko Giraldatxoa eraman zuen. Lotte Verbeek ezezaguna eta Stephen Rea aski ezaguna (“El mosquetero”, “V de Vendetta”) dira film honetako protagonistak eta ia aktore bakarrak. Filmean herrialde desberdinak elkartzen dira: produkzioa holandarra da nagusiki, paisaiak Irlandakoak dira eta zuzendaria poloniarra. (Jordi Revert – La butaca)