Neds
Gaur, gaueko 22:15ean Latxartegi Aretoan, Legazpi Zine-Klub elkartearen eskutik.
Neds
Zuzendaritza eta gidoia: Peter Mullan. Herrialdeak: Erresuma Batua, Frantzia eta Italia. Urtea: 2010. Iraupena: 124 min. Generoa: drama. Aktoreak: Connor Mccarron (John), Gregg Forrest (John haurra zenean), Joe Szula (Benny), Mhairi Anderson (Elizabeth), Gary Milligan (Canta), John Joe Hay (Fergie). Produkzioa: Alain De La Mata, Marc Missonnier eta Olivier Delbosc. Musika: Craig Amstrong. Argazkia: Roman Osin. Muntaketa: Colin Monie.
Peter Mullan zuzendariak dakienaz hitz egiten du baina ez du soziologia egiten ezta oroimen nostalgikoa ere. Bere haurtzaroa, antza denez, ez zen eredugarri izan eta berak etxean jasan behar izan zuena aitaren pertsonaian islatu badu ere, ez ditu bere traumak edo oroitzapen mingarriak kontatu nahi. Hori baino gehiago, esan dezakegu Peter Mullan zuzendariak lagunek mesprezatzen dutelako gaizki pasatzen ari den mutiko baten azalean sartu nahi izan duela. Baina “Neds” filma ez da “jazarpenari” buruzko tratatu bat eta bertan ikusten dena inguruak nerabe baten kontzientzia eta patua alda dezakeela da. Gertatzen da. Eta berriro ere, azaldu ezin den moduan. Peter Mullan zuzendariak mutiko horren egunak kontatzen ditu eta, bat batean, elipsia egin eta apala dena basati bihurtzen da, besteak kutsatuta; eta zentzuduna ematen zuena delinkuentzian erortzen da.
Baina, ordurako, Peter Mullan zuzendariak agerian jarri ditu mutiko bakarti horren kontrol-eza sortzen duten haziak. Eta Mullan aktore paregabeak (baina film honetan pertsonai histrionikoena hartu du, aitarena) “Magdalenaren ahizpak” izeneko filmean dagoeneko erakutsi ziren iraganeko hezkuntza-moduetan jartzen du interesa, modu horretan agerian jarriz, historia 70. hamarkadan gertatzen bada ere, mamia hain desberdina ez dela.
Diskurtsoa bota eta irakaspena duen historia kontatu ordez, filmean Mullan zuzendariak errealismoaren eta lirismoaren artean moldatzen da, akabera erakargarri eta misteriozko horrekin baina, era berean, pertsonai isila eta itxia sortu du, gogorra, zakarra eta oso sentikorra. Film honekin McCarron aktoreak Donostiako zinemaldiak aktore hoberenari eskainitako urrezko eta zilarrezko maskorrak irabazi zituen. (D.V. 2010.12.06 – RICARDO ALDARONDO).