MARIA BERASATEGI, AMONA SASIMEDIKUA
Maria 98 urte bete aurretxoan hil zen Legazpin ,Txintxoetxen, nahiz eta jaiotzez zegamarra zen, Axpuru baserrikoa, hain zuzen ere. Artean gaztea zela familia Araiara aldatu zen, Aratz barrenean dagoen paraje zoragarri batera, Basaitz baserrira, hain zuzen ere. Artikulu honek Ene bada aldizkarian ikusi zuen argia. Aita, Juan Mari, trikitilari, albokari, bibolin jole izandakoa...artista hutsa omen zuen. Mariak, berriz, bedarren gaineko jakituria haundia zuen, eta artikulu honetan gerra ostean Katalina Saenz de Arzamendirekin bizi izandako pasadizoak irakur genitzake. Oharra: Josu Alberdi herritarrak liburuska polit bat argitaratu zuen Hots aldizkarian Maria eta beste hainbaten aipatu jakituriaz baliatuta. Berrargitaratzea mereziko luke.
MARIA BERASATEGI , AMONA SASIMEDIKUA Sasimedikutzat zuen bere burua, azken batean ondo egitea baitzuen helburu nagusi, gaiso zegoena sendatzea. Katalina Saenz de Arzamendiren laguntzaile izanik ezagutzen zituen erremedio gehientxuenak ikasi bazituen ere, bedarren gaineko guztia amona zenak erakutsi zion; etxeko baratza sendabedarrak beteta zituen Maria Andresa Zabaletak pulmonia sendatu omen zion gizonari sukaldeko grasaren azpian kipula egosita. Amandrearen irakaspenaz baliaturik, hogeita bat urte zituela, Donostiako Gipuzkoa plazan zen Urbana hoteleko bezero bati zauri bat sendatu zion; biajante herren harekin izandako arrakastak bultzatuta herri medikuntzan murgildurik hirurogeita hamabost urte eginik izango zituen, San Antonio egunean jaitako Zegamako amonak. Izenari erreparatuz gero ez dago zalantzarik : Mari Anttoni Berasategi .
- Nola ezagutu zenuen Katalina Saenz de Arzamendi?
- M.B.- Nire anaia Santosen bitartez. Senarra gerritik kejatzen zitzaidan, beti minez eta medikuak asmatzen ez; Arabako San Romanen kurandera bat zela eta harutza joan ginen. Katalinak harrizko lapiko batean egin zuen botika geure aurrean, eta abertitu zigun etzuela gauero igurtzita zortzi egun baino gehiago aguantatuko, arropak ere erre egiten omen zituen. Ontzitxo batean zortzi pezetaren truke eman zigun ukendua. Harik eta hogeita bat egun pasatu ziren arte etzion erre; harrez gero, egun biz bat igurtziz erretzen utzi zionean sendatu zen .
- Katalinak zure etxean gaisoak hartzen zituen , ala?
- M.B.- Katalinari, San Romana, legazpiar asko joaten zitzaion, eta gogor egiten zioten hona etortzeko. Orduan, Katalinak esan zidan lana egiteko etxean hartuko nuen, eta nik baietz. Urte batzuetan kontsulta izan zuen gure etxean Katalinak, hilean behin astelehen, astearte eta asteazkenetan; jendea barra-barra etortzen zen. Herriko mediku bat etorri zen eta sobra ere ez zitzaion gehiegi gustatu ( 1 ). Propio joan zen behin Zumarragako geltokira gurera zenbat jende abiatzen zen ikustera– Legazpin lehen etzen apeaderorik– eta bat batean hogeita zortzi lagun ikusi zituen saltokan txanda lehenago zeinek hartuko. Atarian jendea kabitzen etzela izaten zen; bi eta hiru pertsona sartzen ziren aldiko, bestela denak pasatzerik etzen izaten. Dena partxerekin sendatzen zen, hemen ehundaka egiten ziren partxeak; Katalinak esaten zidan partxeak berak baino hobeto egiten nituela, eta,gainetik, erderaz etzekienen bat etortzen bazen, harekin entenditzeko neuri deitzen zidan.
- Lan haundia zeneukaten .
M.B.- Bai, baina ostegunetan Donostiara joaten ginen egun pasa, Kojuenean bazkaltzera. Katalinak bazeukan interes berezi bat; alarguna zen, ustez alarguna. Gerra piztu zenean senarrak hanka egin zuen Nafarroan beste askok bezala. Ziordin bizi ziren andragizonak. Hark alde egin eta berehala batek esan zion Gasteizko kanposantuan afusilatu zutela. Behin inguruko mediku bat etorri zitzaion esanez Francok hiria hartu aurretxoan Santanderren senarrarekin topo egin zuela, Frantziara errefuxiatuak zeramatzan itsasontzi batera igotzeko gertu; hau jakin zuenean Donostia kartak botatzen zituen Gabiriko Gregorirengana joatea erabaki zuen. Mahai borobil baten inguruan jarri ginen hirurok eta galdeketa hasi zen. Katalinak eskuak mahai gainean zabaldu zituen. Hiru kolpe adituz gero baiezkoa zen erantzuna, bi kolpe eta ezezkoa .
- Gregori : Katalinaren senarra bizi da?
- Tok, tok, tok.
- Gregori : Frantzian da?
- Tok, tok, tok.
- Gregori : bakarrik?
- Tok, tok .
- Gregori : emakume batekin?
- Tok, tok, tok .
Etzuen bere senarraren gainean sekula ezer gehiago jakin nahi izan.
- Noiz utzi zenion Katalinarekin lan egiteari?
- M.B.- 1951n. Gultzurdinetik sufritzen zuen hark, baina beretako etzuen erremediorik egiten; etzion inportarik. 57 urterekin hil zen. Operatu bezperan konfesatu egiten zen pertsona, eta honelaxe, biharamunean komonioa hartu baino lehen, atake batek eman zion. Esperantzarik gabe anbulantzian hartu eta eraman zuten; San Romana bidean hil zen. Haren ilobak eman zidan heriotzaren berri. Hark eman zidan disgustoa! Senide bat bezala maite nuen .
- Katalina hilez gero bakarrik zegituko zenuen . . .
- M.B.-Bai. Estomagoa jaso, bihotza eta umetokia beren lekura eraman, enplastoak egin, e.a. Behin Ordiziko andre batekin gauza xelebre bat gertatu zitzaidan: urtebete lehenago estomago eroria jaso nion eta atzera itzuli zen lehengo sintomekin. Segituan igarri nion haurdun zegoena; hark sinistu ez, ordea. Seme zaharrenak 24 urte zituela, zer esan behar ote zion eta horrelako kontuak. Ondoko gelatik senarra etorri zenean zur eta lur gelditu zen .
- Zuen erremedioak naturalak al ziren?
- M.B.- Erabat. Behin estomagoa erorita zuen gizon bat sendatu nuen. Edozer janda ere kalte egin eta botaka egiten zuelako kexu zen. Estomagoa jaso nionean semearekin Hotelera bialdu nuen, eta esan nion potajea edo dena delakoa beldurrik gabe jateko. Bazkalondoan aurpegi ilunarekin bueltatu zen, berriz ere oka egin zuela eta. Begiratu eta gezurretan ari zitzaidala jakinarazi nion; sorgina nintzela esanez alde egin zidan .
- Halare, begikoak eta izango ziren . . .
- M. B.- Hori bai. Esate baterako, ume jaio berriari ez zitzaion musurik ematen; bataiatu aurretik hauxe esateko ohitura zegoen: “ jainkoak bedeinka zaitzala eta nere begiek ez dizuela gaitzik egin”.
- Fedeak sendatzen edo gaitzetik begiratzen laguntzen al du?
- M. B.- Ikaragarri. Nik San Antoniorendako fede haundia daukat, eta makal antzera nenbilen batean promesa egin nuen hiru urte jarraian Urkiolara joango nintzela. Osatu nintzen eta eta hirugarren urtean ez nuen promesa kunplitu. Ametsetan ermitau bat etorri zitzaidan egindako promesa akordatu eragitera. Etxean barre eginagatik joan arte pakerik izan ez . . . Ermitetara ere jende asko mugitzen zen . Gure bailaran Lierniko Amabirjina asko estimatzen genuen; konparazio baterako, etxean txahala jaiotzeko bazegoen esnea eskaintzen zitzaion, oilaloka izanez gero, oilanda. Behin osaba Tomasi gertatutakoa kontatuko dizut: asto gainean lanera zihoala argi bat atera zitzaion eta hark hanka; kontatu zion amari eta honek argi horri zer ofrezitzen zitzaion galdetzeko. Handik egun batzuetara atzera osabarengana zuzendu zen argi hori. “Zer ofrezitzen zaizu?” Galdetu zion osabak. “Ni hil nintzen eta Lierniko Amari laurden bat olio ofrezitu nion. Hura ematen ez diodan bitartean ez naiz zerura joango; nire promesa kunplitzen baduzu zuri ere ez zaizu faltako.” Erantzun zion argiak. Azkar asko joan zen osaba Tomas Liernira .
- Elkarrizketa bukatze aldera, emango al zenidake aise egiteko moduko erremedioren bat?
- M.B.-Kipula lau puska egin ebagita kurutze bat bezala, mesanotxaren gainean utzi eta gauean ez duzu eztulik egingo .
( 1 ) Katalinarekin batean mediku batzuek salatu eta epaitegira eraman zituzten bitan, Agurainen eta Donostian. Etzuten arazorik izan. Donostiako epaileak hauxe bota zuen: “A estas señoras, muy lejos de castigarlas, hay que apoyarlas.”( 1984ko Ekainaren 1ean, Felix Ibargutxi kazetariak egindako elkarrizketako pasartea. HABE aldizkariko 44. alean argitaratua, Mariaren nahia errespetatuz, etzen bere izena azaldu; izenburuak hala zioen: Legazpiko amona petrikilo batekin. Dena dela, argitu beharra dago Maria Zegamarra zela, Goialdekoa, gaur egun artegi baino ez den Aizpuru etxean jaioa, Zegamako Aizpuru Txiki azken albokariaren alaba ) .