Lenbur jaia
Uztailaren 12an izango da Lenbur jaia. Lenburretik honako oharra eta gonbidapena bidali digute:
Kaixo lagun,
Aurtengoan ere joan den urteko LENBUR jaia errepikatzekotan gara eta gonbitea luzatzeko jartzen gara zurekin harremanetan. Txiki eta haundi, gazte eta ... ez hain gazte! Zatozte guztiak igandean, uztailak 12, Mirandaola parkera familia nahiz lagunekin egun paregabe bat pasatzera. Ekintza sorta erakargarria antolatu dugu ondo pasa dezazuen: artisauak, taloak, baserriko oilasko pintxoak eta sagardo kupel itzela, haurrentzako tailerrak, partxis eta Twister erraldoiak, burdinezko frontoian pilota partiduak, Euskal Herriko Harrizulatzaile txapelketa, familiarentzako ipuin kontalaria, Gorriti eta bere animaliak... batukadaren erritmora eta arratsaldean TXOKOLATADA! Begiratu mezuarekin batera bidaltzen dizugun egitaraua.
Bizikletaz, oinez, paseoan, patinetez, trenez, korrika... Nahi duzun bezala! Utzi autoa etxean eta zatoz ondo pasatzera, gonbidatuta zaude!