Legazpiko herriari
ZORROTZ enpresako langileek ohar hau zabaldu nahi dute legazpiar guztien artean:
Zuregana zuzentzen gara Zorrotz enpresako jabe den Etxeberria-Lizarazu familiak enpresa proiektua bertan behera utzi duelako, eta, erabaki honekin, 64 langileri lan kontratuak etengo dizkietelako. 64 langile, 64 familia. Are larriagoa da egoera; Etxeberria-Lizarazu familiak orain dela 2 urte utzi zuen enpresaren kudeaketa, eta ez zien langileen ordezkariei komunikatu, ez kudeaketa utzi zutenik, ez fabrika ixteko edo saltzeko intentziorik zutenik ere.
Denbora guzti honetan gezurretan ibili dira, enpresa proiektuari bultzada berri bat emango ziotela eta berau zuzendu eta buru izateko gaitasun eta gogoak bazituztela esanez. Zoritxarrez, orain dela bost hilabete, egoera benetan jasanezina zenean, konkurtso-legearen beharra jarri zuten mahai gainean. Orduan ikusi genuen beraien hasierako eta benetako intentzioa zein zen: enpresa ixtea.
Gipuzkoako 'ereduzko' enpresari familia hau aurreko krisialdian aberastu zen, gaur egungo Zorrotz enpresaren ondarea, 5.400.000€-tan baloratua (900.000.000 pzta.), 35.000.000 pezetatan eskuratu baitzuten. A ZE PAGOTXA! Guzti hau, instituzioek bultzatu zuten, enpresa proiektua garatzeko. Langileoi ere Zorrotzen proiektuarekin bat egiteko eskatu zitzaigun, soldatak jaitsiz, aparteko pagaren bat ez kobratuz eta ordu batzuk kobratu gabe lan eginez. Familia honek bazekien zertan ari zen eta zein zen beraien helburua. Izan ere, pabilioi eta bulegoak “Placas y Moldes” izeneko enpresa baten izenean jarri zituen eta honek hileko alokairu bat kobratzen zion Zorrotz-i. LAPURRAK!
Gaur egun, ereduzko herritar solidario talde honek, inongo indemnizaziotarako eurorik jarri gabe langileak kaleratu nahi ditu eta pabilioi eta bulegoak beraientzat geratu. Langileak, berriz, soldata berme fondoak (FOGASA) ordaintzen duen indemnizazioarekin kalean geratuko dira eta honek ez du suposatzen urteko 20 eguneko indemnizaziorik, FOGASA-k topeak baititu. HORI DA AZALA!
Azkenik eta bizi dugun egoera ikusita, zure laguntza eskatzen dizugu eta lotsagabe hauek ikusten dituzuenean, gogoratu gutaz eta jende hau merezi duen tokian jarri. Gure artean, jende normalaren artean, ez behintzat.
ANIMO!
PD:Argazki bat jarri beharko dezue ez bait ditut lotsagabe hauek ezagutzen.