Korostiagako basoan barrena Burdinolarekin
Joan den zapatuan, urriak 27, oinezko ibilaldia antolatu zuen Burdinola elkarteak Legazpiko "Kurutzaazpie" herritarrei erakusteko. Landaredi eta fauna aldetik oso aberatsa da alderdi hori, Aizkorrondoa bezalatsu. Zorionez, "Interes Naturalistikoa" duen eremu gisa katalogatu zuen Eusko Jaurlaritzak , EAEko beste 50 gunerekin batera. Hala ere, ezagutu beharra dago lehenego, beharrezkoak diren babes-neurriak hartu ahal izateko.
Zapatuan, Burdinola elkartearen deialdiari erantzunez, 14 lagun elkartu ginen Korostiagako basoa ezagutzeko asmoz. Goizeko 8'30etan, Latxartegin. Ez genuen, gainera, gidari makala: Txorroneako Floren, Legazpiko basoen ezagutzaile bikaina eta animalizale amorratua. Hala, bera gidari genuela, Urtatza aldera abiatu ginen.
Urtegira iritsi eta ezkerreko pistari jarraituz, pixkanaka pixkanaka, basoaren bihotzean barneratu ginen. Etengabe, geldialdiak sarri-sarri eginez, basoaren ezaugarriak erakutsi zizkigun: hura txara gaztea zela, begiratzeko ondo; han, urkiak etortzen zirela; lokatzetan azaltzen ziren oin arrastoak basurdearenak zirela; azeriek beheko malkarrean zeuzkatela zuloak; itzaiak bidezidor hartan ibiltzen zirela, trongo eta ikatz karreoan, harriak alboetara botaz; astazaldiak egiteko haritz tantaiaren egur arkudunak erabiltzen zirela... Azalpen ederrak eta beharrezkoak, gainera, gu bezalako kaleumeentzat!
Hainbat paraje eta leku ezezagunetatik igaro ginen hamaiketakoa egin aurretik: Pagadizabal, Altxerreka, Errekazabal, Paulobaso, Kobalde, Arrizabalaga, Basanguleta...
Indarrak hartu eta bigarren zatiari ekin genion ondoren. Hala, Korostiagazabaletik Ollaziagako lepora igo eta Oñatiko mugarekin bat egin genuen. Ollaziagan, berriz, betiko bideari jarraitu beharrean behera egin genuen Arrolako bide zaharrean. Arrolatik Biziolara eta Biziolatik, elizbide zaharretik, atzera Urtatzara jaitsi ginen.
Ibilaldi bikaina izan zen. Eskerrik asko, Floren. Hurrengorako ere hirekin kontatzen diagu!
Web gunea berritua