Josema Azpeitiari elkarrizketa Geureanen eta Mondraberrin
Fagor Etxetresnak kooperatibako langileen artean banatzen den Geurean aldizkariak eta Mondraberrik elkarrizketa egin diote Josemari. Aldizkaria datorren astean izango dute eskuartean langileek. Guk lehentxeago lortu dugu. Mondraberri, berriz, Debagoieneko agerkari digital bat da.
Duela hilabete inguru Kutixiak donostiar erara liburua aurkeztu zuen Josemak. Laguntzaileen artean Fagor zegoen eta, horren harira, elkarrizketa egin diote beraien Geurean aldizkarian eta Mondraberri agerkari digitalean. Elkarrizketa osorik Mondraberrin bertan irakur dezakezue.
Pintxoen kontzeptua azkeneko hamarkadan asko aldatu dela dio Josemak izenburuan. Hona hemen elkarrizketaren zati bat:
Kutixiak donostiar erara pintxoei buruzko euskarazko lehen liburua, Berria egunkariak eta Ttarttalo etxeak argitaratu dute, Fagorren laguntzarekin. Josema Azpeitia, kazetari legazpiarra izan da liburuaren egilea eta Jose Lopezenak dira, 104 pintxoen argazki bikain horiek.
Zenbat pintxo probatu dituzu liburua egiteko?
Mordoxka bat bai, baina guztiak ez eta falta zaizkidanak probatzeko sekulako gogoa daukat!
Eta zenbat denbora ibili zara Donostian zehar dastatze lanetan?
Nire lanbideagatik (gastronomi kazetaria da) askotan tokatzen zait tabernari hauekin tratatzea eta beraien produktuak probatzea. Beraz, pintxo asko probauta nituen liburu hau egiten hasi aurretik. Baina egiazki, liburu hau prestatzen hilabete asko eman ditut laster urtebete izango da ideia honekin hasi ginenetik.
Donostiako hamahiru tabernen pintxoak agertzen dira liburuan. Zer irizpide erabili dituzu tabernak eta pintxoak aukeratzeko?
Orain arte atera diren pintxo liburuetan 40-50 taberna hartu izan dira eta bakoitzak pare bat pintxo egin ditu, ez da irizpide zehatzik jarraitu. Neuk gastronomiarekin oso lotuta eman ditut azken hamar urteak eta konturatu naiz pintxoen kontzeptua asko aldatu dela; duela hamar urte pintxoak tabernetako barran egoten ziren, eskuaz hartzen ziren eta kamareroa zutaz fidatzen zen zenbat jan zenituen esaten zenionean.