Inozentzio Olea hil da
Aspaldian Legazpin bizi zen Inozentzio Olea zeraindarra atzo hil zen eta bihoaz hemendik familiakoentzat gure doluminak. Horrekin batera gogorarazi nahi dugu olerkari on ere bat galdu dugula legazpiarrok eta euskaldunok, zorionez lan ederrak argitaratuta utzi diguna. Omenaldi gisara, iazko urtean Aitor Gurrutxagak idatzitako artikulua bere horretan berrargitaratuko dugu.
Gutxi ezagutzen dugu legazpiarrok gure ondarea, eta are gutxiago gure ondare literarioa. Herritarron artean nortzuk daukate Olea, Bähr, Sebastian Alustiza (Ilintxa), Zabaleta Anaiak, Argiako aspaldiko kazetari edo eta Saletxeren ezagupidea? Ausartuko nintzateke esaten aipatu ezagupidea lau katuk daukagula, edo hortxe-hortxe.
Inozentzio Olea zeraindarra dugu, baina gaztetatik legazpiartua. Ogibidez, nik dakidala, ekonomatoko arduradun izana, baina bihotzez idazle. Eta ez nolanahikoa. Bertsogintzan aritu zen, baina ez zen bapateko bertsolaria. Nahiz berak 80. hamarkadan Hotseko literatur alean argitaratu zuen artikuluan bere burua bertsolaritzat jo, nik, ezer esatekotan, olerkari gisa dakusat.
Aparteko sentsibilitatea darie bere bertso paperei. Bestalde, irizten diot kazetari ere bazela, Segura Irratiko ostiraleko kroniketan urte luzez lantegi horretan aritu baitzen; eta ez nolanahi: irakur bitza irakur saiatuak Joxe Mari Iriondok Auspoarako bildu zituen idatziak (bi liburukote dira), eta txundituta geratuko da haren euskara landu baina era berean herrikoi eta biziarekin, gipuzkera osotua deritzon horrekintxe, berak horrenbeste gorroto zuen "H"-aren aztarnarik gabea, baina gainontzerakoan edozein idazlerendako, goierritar eta legazpiar izanik are gehiago, eredu bikain.
Herriko fiestak (jaiak) gainean ditugun ezkero, hona hemen Inozentziok 1970ean argitara emandako Goierriko lorak bertso-liburuan (benetako altxorra) Santikutzen gainean dioena. Gozamen hutsa da.
Jakinaren gainean gaude Olea oso pattal dabilena, ezagun du; halere, herritarron animoak jaso ditzala. Legazpiko herriak, berandu baino lehen, omenalditxoa egitea ez legoke gaizki, ez al duzue uste?
LEGAZPIKO PESTAK (Inozentzio Olea; Goierriko lorak)
Negu beltzari bizkar emanda
Sarturik udaberrira
Legazpiarrok pestetan gera
Emendik egun gutxira,
Lan-saio eta tramankulu-ots
Biurturik kale-jira;
Noizean beinka atsedentxoak
Komeni izaten dira,
Ondo pasatu nai dezutenok
Etorri gure errira.
Olak industri biurtu dira,
Ia ez dugu artzantzik
Gaurko Legazpik ez dauka noski
Lenagoko aren antzik
Berritu gabe ez da gelditu
Kale edo enparantzik;
Egun auetan ez da paltako
Alaitasun eta dantzik;
Aspaldi ontan aurrera goaz,
Ez izan orren zalantzik.
Ogei eta bost urte dirala
Zan ikastetxe bat jaiki,
Beste berri bat bikaiñ askoa
Bukatuko dute aurki.
Onek ematen duen poz ori
Ai nik esaten baneki!
Bai, zenbait semek bere erria
Osatu oi du egoki,
Mesede oiei neurria artzen
Oraindik iñork ez daki.
Buru azkarrak langille piñak
Laguntzat dauzkatenean,
Erri bat ezin egon liteke
Beti bezela lenean.
Legazpiarrak gaur badaukate
Sona galtzairu-lanean,
Hemengo gauzak estimatuak
Or lurbira geienean
Onelakoak egiten dira
Zintzo jokatzen danean.
Alaitasuna nai dezutenok,
Etorri gure artera
Mirandaola ta Gorostiko
Gurutza agurtutzera,
Lanaren bidez erri bat nola
Altxatu dan ikustera;
Bake santuan alkar arturik
Emen jolastuko gera,
Etorritako penarik gabe
Juango zerate atzera.
Agur eta ohore