Imanol Ugarteren denboraldiko bigarren garaipena
Ziklokroseko denboraldia aurrera doa eta asteburu honetan legazpiarrak batetik bestera ibili dira lasterketa bila. Baita batek bat irabazi ere!
Asteburu hau nahiko ezberdina izan da herriko bost ziklokrosslarientzat. Imanol Ugarte eta Julen Agirreburualde, igandean Zeberion egon ziren eta biek oso lasterketa politak burutu zituzten. Lehenengoak,Imanolek hain zuzen ere, bere kategorian garaipena lortu zuen. Ez zen beretako zirkuiturik aproposena baina moldatu zen bere lehiakideak atzean utzi eta garaipena lortzeko. Julenek, berriz, irteeran eroriko bat izan zuen beste lasterkari batekin, eta froga uztekotan egon bazen ere, aurrera ekin zion zirkuitu lokaztuan zehar. Postuak aurrera egin zituen froga guztian zehar, helmugan 8. sartzea lortu zuen arte.
Iker Conejo berriz, euskal herritik aparte ibili da, Madrilgo lurretan lasterketen bila. Larunbatean, San Sebastian de los Reyesen jokatu zen proban parte hartu zuen eta 14. sailkatu zen. Igandean berriz, Alcobendasen izan zen, Espainiako Kopako azken lasterketan. Bertan karrera dotorea egin zuen eta helmugan 12. sailkatu zen. Bide batez, beste bi lasterkariek, Ander Ibarguren eta Aitor Izagirrek atseden hartu zuten asteburuan. Aitorren kasuan bajan egongo da beste astebetez, joan den astean Puente Viesgon izan zuen erorketaren ondorioz min harturik. Hurrengo astean, bi lasterketa izango dituzte aukeran: Larunbatean Laudion eta igandean Elorrion.