Ikasturtearen amaiera bertso eskolan
Datorren ostiralean, 19:00etan, bertso eskolaren Itxaropengo lokalean, ikasturtearen amaierako festa egingo dute Legazpiko Bertso-Olariak bertso eskolakoek. Han izango dira Jon Ibarguren eta Eneko Azarola trikitilariak, Iñaki Azarola eta Bittor Agirre bertsolariak eta bertso eskolako kideak.
Ikasturte honetan hiru talde aritu dira bertso eskolan. Helduen bi talde eta gaztetxoen beste bat. Bertso-Olariak bertso eskolak Itxaropenen du lokala baina obra-lanak izan direnez, batez ere, Kultur Etxean aritu dira aurten. Lanak bukatuta, ordea, azkeneko saioa lokalean egingo dute. Ikasturtearen amaierarekin batera lokalaren inaugurazioa egingo dute horrela. Jana, edana, trikitixa eta bertsoak izango dira ostiralean 19:00etatik aurrera eta legazpiar guztiak daude gonbidatuta.