Igor Xamiel eta Mikel Gomez irabazle bertsotan
Gaztetxea leporaino bete zen ostegunean Igor Iñurritegi, Josu Agirre, Iker Azpeitia, Bikendi Arrieta, Mikel Gomez eta Oier Sagastume bertsotan entzuteko. Bi sari banatu ziren. Epaimahaiarena Igor Iñurritegik irabazi zuen eta publikoarena Mikel Gomezek.
Gaztetxean ia hirurehun lagun elkartu zituen lehenengo bertso sariketak eragindako jakin-minak. Sei bertsolariek maila oso txukuna eman zuten. Saioa berotzeko Nerea Elustondok eta Asier Iriondok aurkezpen-bertsoak kantatu zituzten eta ondoren sei bertsolarien txanda iritsi zen. Hainbat ariketa egin eta gero Ibon Sotilek eta Nerea Elustondok osatutako epaimahaiaren puntuaketan berdinketa gertatu zen Igor Iñurritegi eta Mikel Gomezen artean. Desenpatea jokatuta Igor Iñurritegi izan zen irabazlea. Publikoak botoen bidez emandako saria, ordea, Mikel Gomezek irabazi zuen. Oso giro ona egon zen Gaztetxean eta antolatzaileek berriro egiteko asmoa agertu dute.